Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Zumaiako udalak Zumaiako Institutua handitzeko proiektua aurkeztu dute

2017.eko urriak 25
  • Institutua handitzeaz gain, Hezkuntza Sailak Oikiako Eskola Txikiarentzat eraikin berria egiteko lanen tramitazioa ere abiatu du
  • Zumaiako Udala oso kontentu azaldu da, aipatu proiektuek eragin zuzen eta positiboa izango dutelako herriko hezkuntza publikoan

Olatz Garamendi, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, eta Oier Korta Zumaiako alkateak, Gipuzkoako herri honetako Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko proiektua aurkeztu dute gaur goizez. Proiektu honek Zumaiako eskola eremuan eraikin berria egitea aurreikusten du. Aurkezpenean parte hartu dute Maribel Ibarguren, Herri Eskolako Zuzendariak eta Kontxi Iruretagoiena, Oikiako eskolako ikasketa buruak ere.

Hezkuntza Sailak Zumaiako Udalak hezkuntza zuzkidurarako bideratuta duen lur-sailean jasoko du eraikin berria, Aitzuri frontoiaren parez-pare, egungo Haur eta Lehen Hezkuntzako nahiz Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eraikinak dauden gunean. 5 milioi euro inguruko kostua izango dute lan hauek.

Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko Hezkuntza Sailak jasoko duen eraikin berriak eraikitako 2.482 metro koadro izango ditu orotara, eta 250 ikasle ere hartzeko gaitasuna izango du, bertan izango diren 10 ikasgelei esker. Eraikin berriak izango dituen instalazio guztien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • 10 ikasgela arrunt
  • 2 banaketa-gela
  • 2 ikasgela Hezkuntza Premia Berezietarako
  • Liburutegi-mediateka
  • Teknologia tailerra
  • Zientzia laborategia
  • Gimnasioa (480 m²), biltegia eta aldagelak alboan dituela
  • Azalera erabilgarria orotara: 2.158 m²
  • Azalera eraikia orotara:   2.482 m²

Hezkuntza Sailak Zumaian burutuko dituen lanek barnean hartzen dituzte, halaber, egun eskola eremu horretan dagoen kirol-kantxetako bati aterpea egitea ere. “Sagarbideko frontoian eraikiko den aterpe horrek 1348m2ko azalera izango du eta behin amaituta, herriko estalperik handiena izango da. Horrek aisialdi eta jolasleku aukera berriak eskainiko dizkie haurrei eta horrez gain, Zumaiako gune estalirik handiena izanik, partidu profesionalak edota kultur zein bestelako ekintzak egiteko aukera ere eskainiko du, herritar ororen gozamenerako”, azaldu du alkateak.

Oikiako Eskola Txikia

Gaurko aurkezpenean, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak Zumaian gauzatuko den beste proiektu bat ere izan du hizpide: Oikiako Eskola Txikiarentzako eraikin berria egitea.

Garamendik azaldu duenez, Hezkuntza Sailak abiatu du dagoeneko lan hauen kontratazioa, eta 1,7 milioi euro bideratu ditu horretarako. Eraikin honek izango dituen ezaugarri nagusiak ere eman ditu. Solairu bakarrean eraikiko da (behe solairua bakarrik), eta orotara 733 metro koadroko azalera izango du. Instalazioen artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • 2 urteko gela
  • 2 gela arrunt
  • Erabilera anitzeko gela
  • Talde txikientzako gela
  • Liburutegia
  • Jangela
  • Kanpoko aterpea (112 m²)

Ildo horretan, Oikiako eskolako ikasketa burua oso kontentu azaldu da eta egungo beharrak asebetetzeaz gain, aipatu proiektuak eskola txikiari bultzada eman eta auzoa biziberritzen lagunduko duela gaineratu du.

Haur Hezkuntzako eraikineko estalpe berria

Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko proiektuaz eta Oikiako eskola berriaren eraikuntza proiektuaz haratago, Udalak Herri Eskolako HHko eraikinean (Aita Mari) estalpe berri bat eraikiko duela iragarri du gaur alkateak. Izan ere, bertako egungo beharrei erreparatuz, ezinbestekoa ikusi du estalpea eraikitzeko inbertsioa egitea. “Hezkuntza gure etorkizuneko giltzarria da eta eragin zuzena du gure haurren formazio zein etorkizunean, horrenbestez, Udaletik etengabeko aurrera pausoak ematen jarraituko dugu zerbitzu zein azpiegiturarik onenak eskaintzeko”, azaldu du alkateak.

Ildo horretan, Herri Eskolako zuzendaria Maribel Ibarguren oso kontentu azaldu da eta aipatu proiektuek Oikia, Herri Eskola edota Institutuari ekarriko dizkien onurak azpimarratu ditu. Halaber, eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Udalari Zumaian kalitatezko hezkuntza publikoa indartze eta sustatze aldera egindako inbertsio eta urratsengatik.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BaikaraF
    2017.eko urriak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Gobierno Vasco y el @ZumaiakoUdala presentan el proyecto de ampliación del Instituto de Zumaia ➡ https://t.co/Ngl2ySANyi htt…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Oier Korta, Zumaiako alkatea