Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gonbidatutako profesionalek bide-segurtasunaren alorreko erantzukizun partekatuaz hitz egin dute

2017.eko urriak 25

120 pertsonaren aurrean, Euskadiko Artxibo Historikoan

Gaur goizean Bilbaon egin da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak antolatutako "Erantzukizun partekatua bide-segurtasunaren alorrean" jardunaldia. Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak hasiera eman ondoren, bertaratu direnek Europako eta tokiko esperientziak ezagutu ahal izan dituzte bederatzi adituren eskutik.

Bigarren jardunaldi profesional honen helburu nagusia izan da gogoeta egitea Euskadiko kaleetako eta errepideetako bide-segurtasunean nahastuta dauden eragile guztien baterako erantzukizunari buruz, eta aztertzea, beste herrialde batzuetan eta jakintzaren zenbait arlotan, arriskuak murrizteko eta mugikortasun seguruko jokabideak sustatzeko erabilitako tresnak eta prozesuak.  

Jardunaldiari 9:30ean eman dio hasiera Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, eta ondoren hiru multzo antolatu da. Lehen multzoan, "Erakundeen erantzukizunaren balioa bide-segurtasunaren alorrean" izenburuarekin, hiru administraziotako ordezkariek hartu dute parte: Europar Batasunekoak, Erresuma Batukoak eta Eusko Jaurlaritzakoak.

Jardunaldiko lehen aurkezpenean, Matthew Baldwin jaunak (Deputy Director-General responsible for directorates C, D and E. Moblility and Transport Directorate.General (MOVE) EU)  bide-segurtasuna Europako dimentsioan aztertu du. Ondoren, Sonya Hurt andrea (Chair of Road Safety GB and Team Manager for Road Safety at Via East Midlands) mintzatu da Erresuma Batuko arlo horretako politikari eta legeriari buruz, bere herrialdean aplikatzen diren bide-segurtasuneko sistemen estrategiei buruz eta "Hiru E’ak" deritzan sistemari buruz (Engineering —ingeniaritza—, Education —hezkuntza—, Enforcement —aplikazioa—).Azkenik, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak azaldu ditu bide-segurtasunaren arloko eta mugikortasun seguru eta iraunkorraren arloko Euskadiko estrategia partekatuak, eta nabarmendu du bide-istripuen kopurua murrizteko erronkan konprometituta dauden erakundeekin eta eragileekin koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko beharra.

Bigarren multzoa “Bide-segurtasunaren kontzeptua alor juridikoan, hizkuntza kreatiboaren bilakaeran eta enpresaren lehiakortasunean eta berrikuntzan” gaiari eskaini zaio, eta bertan esku hartu du Manu Pedreira Euskal Autonomia Erkidegoko bide-segurtasuneko fiskal ordezkariak, aztertzeko Ministerio Fiskalak, bide-segurtasunaren arloan, interes publikoaren eta herritarren eskubideen alde egiten duena. Ondoren, David Caballero SCPF agentziaren zuzendari sortzaileak (agentzia hori arduratzen da BMWren publizitate kanpainez) automozioaren publizitateak erabiltzen dituen komunikazio-estrategiak azaldu ditu, eta, zehatzago, bere agentziak bi kasu jakinetan hautatu zuen begirada desberdinean oinarritu da: Gidatzea gustatzen zaizu eta Gidatzen duzunean, gidatu.Segurtasuna baino gehiago abiadura aintzat hartzen duen publizitatetik urrunduz, bi adibide horiek ez dute gidatzearen gozamena ausarkeriarekin lotzen; aitzitik, mugikortasun arduratsuarekin lotzen diren balio positiboak transmititzen dituzte. Amaitzeko, Claus Ehlers Mercedes-Benz-Cars enpresako estrategia-zuzendaria etorkizuneko mugikortasunaz mintzatu da, eta azaldu du zertan dautzan gidatze autonomoa eta ondoriozko erronkak eta aukerak.

Giza faktorea gaia izan da hirugarren mahaiaren protagonista. Mahaiaren izenburua izan da: "Giza faktorea mugikortasun seguru eta iraunkorraren alorreko paradigma-aldaketaren aurrean". Mahai horretan hitza hartzen lehena izan da Aitor Aritzeta UPV/EHUko psikologian doktorea, Psikologia Fakultateko irakaslea eta Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarako Gazte-Ziur ekimeneko zuzendaria. Aritzetak istripu-tasan nahastuta dauden giza faktoreak errepasatu ditu, eta adierazi du gizakiek gure portaera eta jokabideak aldatzeko ikas-gaitasuna dugunez gero, garrantzi handikoa dela aztertzea zer lotura dagoen emozioen, ikaskuntzaren eta bide-segurtasunaren arloan, betiere istripu-tasaren murrizketan eraginkorrak izango diren estrategiak diseinatzeko gaitasuna hobetzearren. Ondoren, Gazte-Ziur proiektuan lankide duen Mariola Pascual ikertzaileak proiektu hori zertan datzan azaldu du. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak aginduta egiten ari den proiektu horren bidez, 16 eta 25 urte arteko euskal gazteen bide-segurtasunarekiko jarrerak eta jokabideak identifikatzen saiatzen ari dira, jokabide eta jarrera arriskutsuak aldatzeko eta jokabide seguruagoetarantz jotzeko. Jardunaldiko azken aurkezpena Azucena Vega liderren eta enpresa-taldeen entrenatzaileak egin du, izenburu honekin: “Erakundeak berrasmatzearen erantzukizuna”. Vegak “sistemen teoria” aplikatzen du enpresen barruko giza dilemen analisian eta irtenbideen bilaketan, eta proposatzen du: erakundeak berrasmatzea, oinarri hartuta lana bokazio-izpirituarekin hartzea —guztion onaren zerbitzura—; profesionalen kontzientzia-maila gehitzea; egoa murriztea; zintzotasuna praktikatzea; eta enpresak giza bilakaeraren “prototipo” gisa bizitzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EventokiaEvents
    2017.eko urriak 30

    Comentario de Twitter:
    Eventokia organizó la semana pasada un evento sobre la responsabilidad compartida en seguridad vial. https://t.co/B5gXhZhrSw

Ekitaldiko kargudunak