Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Legazpi, Amurrio, Azpeitia, Zornotza eta Mallabia izan dira EAEko udalerri iraunkorrenak 2010eko Udalsarea 21 sarietan

2010.eko abenduak 01

Legazpik, Amurriok, Azpeitiak, Zornotzak eta Mallabiak irabazi dituzte 2010eko Udalsarea 21 sariak Klima Aldaketa, Biodibertsitatea, Iraunkortasunerako Hezkuntza, Ekintza Eredugarria eta Ekoberrikuntza kategorietan, hurrenez hurren.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua buru izan duen sari banaketa Bilbon egin da. Udalerri irabazleek 3.000 euroko saria jaso dute. Diru hori iraunkortasun proiektuak garatzera bideratuko da.

Legazpik, Amurriok, Azpeitiak, Zornotzak eta Mallabiak irabazi dituzte 2010eko Udalsarea 21 sariak Klima Aldaketa, Biodibertsitatea, Iraunkortasunerako Hezkuntza, Ekintza Eredugarria eta Ekoberrikuntza kategorietan, hurrenez hurren. 3.000 euro eta egiaztagiria jaso dituzte irabazleek.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzalu buru izan duen ekitaldian banatu dira sariak, Euskal Udalerrien Tokiko Agenda 21en 8. jardunaldiaren harira. Udalsarea 21 sariek Tokiko Agenda 21en eremuan udalerriek egindako lana eta EAEko iraunkortasun jardunbide egokienak, udalerri mailakoak, aintzatesten dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko 46 udalerrik aurkeztu dute hautagaitza, eta haietatik 15 aukeratu zituen epaimahaiak finalerako. Hamabost horietatik bost izan dira Udalsarea 21 sarien irabazleak, eta, beraz, iraunkortasunaren arloan udal bikainak: Legazpi, Klima Aldaketa kategorian; Amurrio, Biodibertsitatean; Azpeitia, Iraunkortasunerako Hezkuntzan; Zornotza, Ekintza Eredugarrian eta Mallabia, Ekoberrikuntzan.

Sari banaketan Pilar Unzalu sailburuak nabarmendu duenez, «Udalsarea 21eko 165 udalerriek, beren Tokiko Ekintza Planekin, lanean dihardute herritarren bizi kalitatea hobetzeko, helburu argi batekin: motorrik gabeko mugikortasuna, tokiko ekonomia bizia eta aisialdirako espazio berdeak sustatzen dituzten udalerri eta hiri iraunkorragoak eraikitzea».


Udalsarea 21 sariak 2004az geroztik ematen dira, EAEko udalerrien tokiko iraunkortasunerako ekimen onenak aintzatetsi eta saritzeko asmoz.


Udalsarea 21 Iraunkortasunerako Udalerrien Euskal Sarea da, tokiko iraunkortasun politiketan aurreratuen dauden udalerriek osatutakoa. Gaur egun, 165 udalerrik osatzen dute, eta erreferente bihurtu da, udalerri kopuruarengatik, batetik, eta Tokiko Agenda 21en prozesuen eta udalerrietako Tokiko Ekintza Planen kalitatea ebaluatzeko eta bermatzeko metodologiak bateratu dituelako, bestetik.


Saritutako proiektuak


Legazpiko Udalak Klima Aldaketa kategoriako saria jaso du klima aldaketaren kontrako borrokaz herritarrak kontzientziatzeko eta herritarrak erantzunkide egiteko ekimenarengatik. Sariak bi ekimen hartu ditu aintzat: alde batetik, «Pisuzko arrazoiak: Legazpin, hondakinik eta autorik gabe, ingurumenaren alde» kanpaina, hondakinen sorrera eta erosketak egiteko ibilgailu pribatuen erabilera murriztea helburu duena, eta bestetik, txikizkako merkataritza tradizionaleko produktu ekologikoen sentsibilizaziorako, informaziorako eta identifikaziorako programa berritzailea.

Biodibertsitatea kategorian Amurrioko Udalak jaso du saria. Udal horrek inguru naturalaren lurralde antolamendurako ekosistemek duten balio ekologikoari buruzko azterlana aurkeztu du. Azterlan horri esker, udalerriko landa inguru eta lurrak hobeto sailkatu ahal izango ditu Amurriok, eta, gainera, iraunkortasun irizpideen arabera egin ahal izango du sailkapen hori.

Azpeitiko Udala Iraunkortasunerako Hezkuntza kategoriako irabazlea izan da. Nekazaritza biodibertsitatea babesteko ekimena aurkeztu du. Ereiten proiektuan udalerriko eragile askok hartu dute parte. Horien artean udalerriko zenbait jatetxe eta sukaldari, ikasleak, Urkome Lan Garapenerako Elkartea, Ingurugiro Etxea Fundazioa, Slow Food Gipuzkoa eta Udaleko zenbait sail eta zinegotzigo dira nabarmentzekoak. Horiek guztiek tokiko produktuen kontsumoa eta tokiko merkataritza bultzatzeko eta inguruko abeltzain eta nekazariek egiten duten lanaz kontzientziatzeko proiektuan parte hartu dute.
 
Ekintza Eredugarria kategoriak herritarrak kontzientziatzeko udalen lidergoa eta ahalmena saritzen ditu. Zornotzako Udalak jaso du kategoria honetako saria udaletxea zaharberritzeko proiektuarengatik. Eraikin historikoa zaharberritu egin da, eta horretarako, energia aurrezteko eta energia geotermikoa aprobetxatzeko neurriak hartu dira eta hainbat zati aukeratu eta eraitsi dituzte berreskuratutako materiala berrerabili ahal izateko.

Ekoberrikuntza kategoria da azkenekoa. Mallabiko Udala izan da kategoria honetako garailea. Mallabiko Udalak aurkeztutako ekimenak ekosistema naturalen antolaketa Gaitondo industrialdean aplikatzea du helburu. Gaitondo industria ekosistema izeneko proiektutik Ekintza Plan bat atera da. Ekintza plan horrek industrialdeko enpresen lankidetza sustatu nahi du baliabideen kostuak murrizteko, hondakinak berrerabiltzeko eta materialen garraioari, mugikortasunari eta enpresen jardunbide egokien trukeari eta horiek ikasteari dagokienez, baterako ekimenak proposatzeko.

Hauek dira hamabost finalistak:

  • Klima Aldaketa kategorian: Legazpi, Areatza eta Uribe Kosta eskualdea.
  • Biodibertsitatea kategorian: Amurrio, Soraluze eta Zerain.
  • Iraunkortasunerako Hezkuntza kategorian: Azpeitia, Elgoibar eta Ermua (saria partekatzen dute) eta Zarautz.
  • Ekintza Eredugarria kategorian: Zornotza, Abadiño eta Jatabe.
  • Ekoberrikuntza kategorian: Mallabia, Alkiza eta Orozko.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)