Eu

Josu Erkoreka eta María Jesús San José sailburuak V. Txema Fínez sariaren banaketan izan dira

2017.eko urriak 25

Adela Asúa katedradunak jaso du saria, magistratu- eta irakasle-lanetan egin duen ibilbideagatik

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua V. Txema Fínez sariaren banaketa ekitaldian izan dira. Saria Adela Asúak jaso du, Susana Marañón Justizia sustatzeko Txema Fínez Elkarteko presidentearen eskutik. Asúak magistratu- eta irakasle-lanetan eginiko ibilbidea nabarmendu du San José sailburuak. 

Ekitaldia Bizkaiko Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak Bilbon duen egoitzan izan da eta, bertan, San José sailburuak gogora ekarri du, bestalde, epaile eta Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuorde izan zenaren irudia: “Txema Fínez apartekoa zen; irakasle-lanetan eta magistratu- eta legelari-lanetan zuen izen onagatik ez ezik,  pertsona gisa zuen izen onagatik ere”.

Adela Asúa (Bilbo, 1948) katedradunak Zuzenbideko doktoregoa egin zuen, Deustuko Unibertsitatean; bertan unibertsitatean eman zituen eskolak eta magistratu ordezkoa izan zen Bizkaiko Probintzia Auzitegian (1981-1985). 1988tik 2010era arte, Zigor Zuzenbideko katedradun jardun zuen UPV-EHUn. Gero, magistratu eta Konstituzio Auzitegiko presidenteorde (2013-2017) izendatu zuten.

V. Txema Fínez sariaren banaketa-ekitaldian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Juan Luis Ibarra presidentea,  Miren Gallastegui Justiziako sailburuordea eta Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendaria izan dira.

Aurreko lau edizioetan, Txema Fínez sariak honako hauei eman zaizkie: Ricardo de Ángel katedraduna (2013) , José María Fernández Seijo magistratua (2014) , Euskadin doako justizia-zerbitzua ematen duten ofiziozko txandako abokatuak (2015) eta ikasgeletara beren lekukotza aurrez aurre daramaten terrorismoaren biktimak (2016).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak