Eu

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontu orokorren proiektua 11.486 milioi eurokoa da (Gobernu Bilera 2017-10-24)

2017.eko urriak 24

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Aurrekontuaren zenbatekoa 11.486,4 milioi eurokoa da. Beraz, aurrekontua 2017koa baino % 3,9 handiagoa da, 426,7 milioi euro gehiago ditu-eta. Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekonturik handiena da, eta kontsolidazio fiskaleko agertokiaren esparruan planteatzen da, 2020. urtean zero defizitera eta BPGaren % 13tik beherako zor-mailara iristeko helburuarekin. Izan ere, zorraren amortizaziorik gabe eta “Y”-aren efektuarekin, 290,4 milioi euroko aurrekontu-igoera ikus daiteke, hots, % 2,9ko hazkundea joan den urtekoaren aldean. 

Astelehenean, urriaren 30ean, erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean. 

1.- Nazioarteko testuinguruak nolabaiteko baikortasuna erakusten du

Nazioarteko testuinguruak nolabaiteko baikortasuna erakusten du. 2017ko lehen seihilekoan, munduko ekonomia osoa % 3,5 inguru hazi da. Hori kontuan hartuta, pentsa daiteke urte osorako egindako aurreikuspenak betetzeko probabilitatea handia dela. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) duela gutxi % 3,6an kokatu ditu. Munduko ekonomiaren joera ona mantendu egingo da datorren urtean. Izan ere, zenbatespenen arabera % 3,7 haziko da. 

Ameriketako Estatu Batuak atzean uzten ari dira 2016an izan zituzten zailtasunak eta berreskuratzen ari dira joera hedakorra: 2017ko lehen erdian % 2,1 hazi dira eta azelerazioak lau hiruhileko egin ditu jarraian. Aurreikuspenek ez dute hobekuntza-tarte handirik ematen eta % 2,2ko eta % 2,3ko erritmoak iragartzen dituzte urte honetarako eta hurrengorako. Alde ditu enpleguaren bultzada handia eta langabezia-tasa txikia, % 4,3 dagoeneko, kontsumoaren hazkundea eta inbertsio pribatua ahalbidetzen dute-eta. 

Bilakaera antzekoa da Europar Batasunean. Erritmoa % 2,2ra iritsi da 2017ko lehen seihilekoan eta urte osorako % 2,3ko aldakuntza proiektatzen du, 2018. urtean % 2,1ean kokatuko dena. Eremuko ekonomia handi guztiek bat egin dute azelerazio horrekin eta bateratzen ari dira tasei dagokienez. Hala ere, oraindik Espainiako ekonomiaren bultzada nabarmentzen da (% 3,1), baita Alemaniako ekonomiarena ere (% 2,0), baina Frantzia % 1,7 hazten ari da eta Italia % 1,5. Erresuma Batuak ia ez du nabaritu Brexitak sortu duen ziurgabetasuna, eta % 2,0 baino datu txikixeagoa izan du urteko lehen erdian. 

Goraka ari diren herrialdeen multzorako, NDFren aurreikuspenak azelerazio arineko profila erakusten du urte honetarako eta hurrengorako. Izan ere, emaitza % 4,6 da 2017an eta % 4,9 2018an. Asiako herrialdeak, Txina eta India buru direla, eremuko eragileak izango dira berriz ere, baina espero den hobekuntza Errusiatik, Latinoamerikatik eta Afrikatik dator, lehengaien prezioen susperraldiari esker 2016. urtekoak baino hazkunde nabarmen handiagoak erdietsiko dituzte-eta. 

Euskal ekonomiak joera hedakorra erakutsi du 2017ko lehen seihilekoan, aldi horretan % 2,8 inguru hazi da-eta. Inflazio txikiak, diru-politika hedakorrak eta euro merke samarrak, enplegu-sorrera indartsuak eta ingurunearen susperraldiak ematen dioten inertzia aurreikusitakoa baino handiagoa da. 

Enplegu-sorrera da zikloaren fase hedakor horren zutabeetako bat. Horiek horrela, 2017ko lehen seihilekoan lanaldi osoko lanpostu baliokideen kopuruak % 2,1 egin du gora. Horrek esan nahi du dagoeneko 45.000 enplegu inguru berreskuratu direla 2014. urteaz geroztik, nahiz eta oraindik ere 70.000 inguru falta diren krisialdia baino lehen zegoen mailara itzultzeko. 

Informazio hori guztia kontuan hartuta, Ogasun eta Ekonomia Sailak berrikusi egin du 2017-2018 aldirako koadro makroekonomikoa, eta Eusko Jaurlaritzak BPGaren % 2,9ko hazkundea iragartzen du 2017an eta % 2,4koa 2018an. 

2018ko enplegu-sorrera % 1,7an finkatzen da. Zifra horrek iradokitzen du lanaldi osoko beste 15.500 lanpostu sortuko direla eta datorren urteko batez besteko zifra 930.000 lanpostutik gorakoa izango dela, 2008ko 985.000 lanpostuetatik gero eta hurbilago. Langabezia-tasak beherantz jarraituko du eta % 10etik behera kokatzeko helburura hurbilduko da 2018an. 

2.- 2017ko aurrekontuen testuinguru ekonomikoa eta finantzarioa

Diru-sarrerei dagokienez, foru-aldundien ekarpenek 420,1 milioi euroko gehikuntza izan dute: 2017an 9.103,2 milioi eurokoak izan dira eta 2018an 9.523,3 eurokoak izango dira. Aurrekontu globalaren % 82,9 da hori. 

Halaber, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren uztailaren 19ko bilkuran adostutako konpromisoak aintzat hartu behar dira. Izan ere, horietan jasotakoaren arabera, defizita % 0,6tik % 0,4raino murriztu behar da 2018an eta zor publikoak ez du izan behar BPGaren gaineko % 14,2 baino handiagoa.

2018ko aurrekontu-proiektuko zorraren amortizazioari dagokionez, 325,5 milioi euroko gehikuntza du: 2017ko aurrekontuan 788,4 milioi eurokoa izan zen eta aurtengoan 1.113,9 milioi eurokoa. 

Inbertsioen, kapital-transferentzien eta finantza-aktiboen igoeraren bilakaera aztertuta, 942,6 milioi-euroraino igo direla ikus daiteke, hots, 2017an baino 64,6 milioi euro gehiago. Aurrekontu-proiektu honek zehaztu egiten du euskal trenbide-sare berria (Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea) kudeatzeko kredituen gauzatzea: 2017an 350,5 milioi euro kontuan hartu ziren eta 2018rako 161,4 milioi euro jaso dira. Eusko Jaurlaritzak iritzi dio zenbateko hori aurreikusitako programazioari egokitzen zaiola. Inbertsioak, Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea kudeatzeko kredituak beheratu ondoren, % 7,4 igotzen dira. Horren bidez, Eusko Jaurlaritza berreskuratzen ari da inbertsio-erritmoa.

Euskal ekonomiak bizi duen susperraldi ekonomikoaren esparruan, nabarmentzekoa da 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) alde egindako apustua, Jaurlaritzak 433,3 milioi euro bideratuko baititu, Hezkuntza Sailean, Osasun Sailean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eta Lehendakaritzan banatuta, hots, aurreko ekitaldian baino 22 milioi euro gehiago —% 5,4—. Beraz, bete eta gainditu egiten da Jaurlaritzak hartutako konpromisoa. 

3.- 2018ko ardatzak: gizarte-politikak eta enplegu-sorrera

Jaurlaritzak leialtasunez eusten die politika publikoak bermatzeko eta hobetzeko eta garapen ekonomikoa eta enplegua indartzeko konpromisoei. Hala, proiektu honen % 77 gizarte-politikei dagokie. 

Osasun Saila da gehikuntzarik handiena izan duena, 3.671 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, hau da, 2017. urtean baino 128 milioi euro gehiago. Partida nagusiak Osakidetzarenak dira (2.750 milioi euro baino gehiago), eta Farmaziari eta Tratamenduei atxikitzeko laguntzei dagozkienek 518 milioi eurotik gorako zenbatekoa dute. Gainera, aurten 66,8 milioi euroko inbertsioak aintzat hartzen dira Osakidetzan.

Hezkuntza Sailak, bestalde, ia 2.717 milioi euro ditu, hots, 2017. urtean baino % 1,9 gehiago. Hezkuntzaren hobekuntzari bultzada gehigarria ematea aintzat hartzen da, horretarako hezkuntza-itunak, EHU eta haurtzaindegiko laguntzak hedatuta (16,3 milioi euro gehiago) eta azpiegituretako inbertsioak 4 milioi euro handituta. 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak aurrekontuko hirugarren kopururik handiena biltzen du, 1.014 milioi euro hain zuzen ere. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) % 1,5 gaurkotu da, funtzionarioen soldatak bezalaxe, eta, etxebizitzarako prestazio osagarriarekin batera, 491,3 milioi euro biltzen dituzte. Gizarte-larrialdietarako laguntzak 27 milioi eurotan mantentzen dira. Politika aktiboek 15,6 milioi euro gehiago dituzte Lanbideren barruan. 

Bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren datuak azaldu beharra dago, euskal trenbide-sare berria kudeatzeko kredituen gauzatzea murriztu ondoren. 2017an sailak 694 milioi euroko aurrekontua erabili zuen, xede horietarako aurrekontuan sartutako 350 milioi euro doitu ondoren. 2018an sailak 727 milioi euro ditu, aurrekontuan sartutako kopuru berriarekin eragiketa bera egin ondoren, hots, urte horri dagozkion 161 milioi euro doituta. Horrela, % 4,8 igo da, hots, 33,3 milioi euro gehiago ditu. Garrantzi handiena dutenak azpiegituretako inbertsioak (14,3 milioi euro) eta industria, nekazaritza eta arrantzako programak dira (4,6 milioi euro gehiago). 

2018an Segurtasun Sailak 640 milioi euroko aurrekontua erabiliko du, hots, 15 miloi euro inguru handiagoa. Partida nabarmenenak hauek izango lirateke: langile-gastuak (489 milioi euro) eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegirako ekarpenak. 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bestalde, 206 milioi euroko aurrekontua du gutxi gorabehera, hau da, 2017. urtean baino 14 milioi euro gehiago. Ingurumen-inbertsioen bultzada berreskuratzen da eta ingurumena kudeatzeko zuzkidurak indartzen dira, IHOBE eta URA erakundeen bitartez. Gainera, etxebizitzarako zuzkidura 8 milioi euro handitu da, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa bermatzeko. 

Lehendakaritzak 117,6 milioi euro izango ditu 2018an, Lankidetza 45 bat milioi eurorekin finkatzen duen aurrekontu batean; Emakunderen aurrekontua eta Gogora Institutuarena handitu egiten dira. 

Zerbitzu publikoen kalitatearen bermea ezin da bereizi langileen lan-baldintzetatik, horiexek osatzen baitute Jaurlaritzaren aurrekontuaren bizkarrezurra. Hori dela-eta, % 1,5eko soldata-igoera jasotzen da eta, gainera, gizarte-aurreikuspenerako ekarpenak (Itzarri) puntu-erdiarekin sartzen dira; Jaurlaritzak hala erabakitzen badu, puntu bateraino igo ahal izango dira. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 5,5 milioi euroko igoera izan du, eta 2018ko aurrekontua 118 milioi eurokoa da. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontua % 3 igo da, 250 milioi euroraino, eta EITBrentzako 4,8 milioi euroko zuzkidura gehigarria jasotzen du, eta 2 milioi eurotik gorakoa euskarazko matrikuletarako laguntzetarako. 

Lan eta Justizia Sailak 209 milioi euroko aurrekontua izango du eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarena % 2,9 igo da, eta 38 milioi euro baino gehiago du. Azkenik, Ogasun eta Ekonomia Sailak 50 milioi euroko aurrekontua izango du. 

4.- Aurrekontu estrategikoak

Ogasun eta Ekonomia Sailak orientazio estrategikoa emango dio 2018ko aurrekontuari, epe ertaineko horizonte batean txertatuta eta sailen eta plan estrategiko nagusien helburuekin lotuta. Horretarako, urtean bi dokumentu landuko ditu: “Politika Publikoen Estrategia eta Garapena” —politikek helburu estrategikoak lortzeko duten eragina aztertuko du— eta “Ekonomia eta Aurrekontu Esparrua” —urte anitzeko horizontearekin, gobernu-ekintza 2020 arte hedatzeko aukera emango duen baliabide ekonomikoen agertokia eskainiko du—. 

2018KO AURREKONTUEN PROIEKTUAREN GILTZARRIAK

DATU OROKORRAK 

  1. 11.4846,4 M€. Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekonturik handiena.
  2. GEHIKUNTZA ABSOLUTUA: 4264,7 M€ (% 3,9).
  3. BENETAKO GEHIKUNTZA: 290,4 M€ (% 2,9). -Zorraren amortizazioa eta Euskal Y-ari eta Hegoaldeko Saihesbideari esleitutako zenbatekoa deskontatuta-.
  4. % 77KO GIZARTE GASTUA: Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte-politikak.
  5. INBERTSIOA BERRESKURATZEA: % 7,4ko gehikuntza.
  6. BERRIKUNTZAKO GEHIKUNTZA: % 5,4. -ZTBP: 433,3 M€-.
  7. ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO LAN-BALDINTZAK: % 1,5eko soldata-igoera eta Itzarrirako ekarpenak berreskuratzea.
  8. 8.     EUSKAL Y-A ETA HEGOALDEKO SAIHESBIDEA: kudeaketa-kredituen doikuntza: 2017. urtean 350,5 M€ eta 2018. urtean 161,4 M€. -Zenbateko hori egokitzen zaio aurreikusitako programazioari-.
  9. ENPLEGUA: 2018an enplegu-sorrera % 1,7an finkatzen da. Lanaldi osoko 15.500 lanposturen sorrera. -Dagoeneko 45.000 enplegu inguru berreskuratu dira 2014. urteaz geroztik (oraindik ere 70.000 inguru falta dira krisialdia baino lehen zegoen mailara itzultzeko)-.
  10. 10.  BPG-AREN HAZKUNDEA: % 2,9 (2017) eta % 2,4 (2018).
  11. 11.  FORU-ALDUNDIEN EKARPENAK: 9.523,3 M€ -420,1 M€ gehiago-. Diru-sarreren % 82,9.
  12. 12.  AURREKONTU-EGONKORTASUNA: DEFIZITA: 2018an % 0,4 -2017an baino 2 hamarren gutxiago. 200 M€ inguru gutxiago erabilgarri-. ZOR PUBLIKOA: ez du izan behar BPGaren gaineko % 14,2 baino handiagoa -zorraren amortizazioa: 1.113,9 M€ (325,5 M€ gehiago)-.

SAILAK: 

Osasuna: 3.671,4 M€.

  • Osakidetza: 2.750 M€ baino gehiago.
  • Farmazia eta Tratamenduei atxikitzeko laguntzak: 518 M€.
  • Osakidetzako inbertsioak: 66,8 M€.

Hezkuntza: 2.716,8 M€.

  • Hezkuntza-itunak, haurtzaindegiko laguntzak eta EHU: 946,6 M€.
  • Azpiegituretako inbertsioak: 64,5 M€.

Enplegua eta Gizarte Politikak: 1.014,1 M€.

  • DSBE: % 1,5 gaurkotu da.
  • DSBE+EPO: 491,3 M€.
  • GLL: 27 M€.
  • LANBIDE (Politika Aktiboak): 333,5M€

Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak: 727,6 M€.

  • Azpiegituretako, Garraioak eta Portuak: 265,8 M€.
  • Industria, Nekazaritza eta Arrantza:461,9 M€.

Segurtasuna: 640,3 M€.

  • Langile-gastuak: 489 M€.
  • Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia: 15 M€.

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza: 205,9 M€.

  • Ingurumena: 79M€.
  • Etxebizitza: 127M€.

Kultura eta Hizkuntza Politika: 250,6 M€. 

Lana eta Justizia: 209,9 M€. 

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 118,7 M€.

  • % 1,5eko soldata-igoera.
  • Itzarrirako ekarpenak.

Lehendakaritza: 117,6 M€.

  • Lankidetza: 45 M€.

Ogasuna eta Ekonomia: 50,8 M€. 

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 38,3 M€.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko