Eu

“MEDICAL DEVICES”, gailu medikoen aldeko apustua

2017.eko urriak 23

-        SPRIk Euskadiko Gailu Medikoen eta Osasun Digitalaren direktorioa egin du Basque Health Cluster-ekin batera.

-        Zuzeneko 1100 lanpostu sortzen dituzten 60tik gora enpresak osatzen dute sektorea.

-        Gailu Medikoen eta Osasun Digitalaren sektoreak 185 milioi euro inguru fakturatzen du urtean.

“MEDICAL DEVICES: gailu medikoen aldeko apustua“ jardunaldiak 150etik gora enpresari, teknologo eta ikerlari bildu ditu gaur goizean Donostian. Jardunaldi horretan aurkeztu da Euskadiko Gailu Medikoen eta Osasun Digitalaren  Direktorioa, SPRIk Basque Health Cluster-ekin lankidetzan egin duena, zeinetara bildu diren sektore horretan lan egiten duten euskal enpresen gaitasunak eta Euskadiko eskaintza zientifiko-teknologikoarenak, guztia 7 ataletan banatuta: gailu elektro-medikoak; kontsumigarri bio-medikoak; teknologia ortopedikoak eta errehabilitazio teknologiak; irudi medikoa; e-osasuna; in-vitro diagnostikoa eta laborategiko ekipamendua.

 

Basque Health Cluster, Osasun sektoreko euskal enpresen elkarteak antolatu du ekitaldia, SPRIren eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen babesarekin, eta Bioef, IK4 eta Tecnalia zentroen laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzako, SPRIko, Basque Health Cluster-eko eta BIOEFeko ordezkariek parte hartu dute jardunaldian, eta bertan izan dira baita ere sei euskal enpresa (Optimus 3D, Vitia, Microliquid, Cikautxi Group, Virtualware eta Mizar), bertatik bertara azaltzeko sektore honetako produktu eta zerbitzuen garapenean izan duten esperientzia.

 

Zuzeneko 1100dik gora lanpostu sortzen dituzten 60 enpresa inguruk osatzen dute Euskadiko Gailu Medikoen eta Osasun Digitalaren sektorea. Kalkulatzen da enpresa horiek 185 milioi euro inguru fakturatzen dutela urtean, Gailu Medikoekin eta Osasun Digitalarekin zuzenean lotutako jardueren bidez.

 

Sektoreko gaitasunak aztertu ondoren ikusten da merkatu horretan posizionatutako enpresa gehienak ETEak direla, eta erdia baino gehiago mikroETEak, hau da, 10 langile baino gutxiagokoak.

 

Testuinguru horretan, sektorea garatu nahi bada, berrikuntza ahalbidetzeko eta teknologia merkatura transferitzeko gai diren eragileak behar dira. Beraz, sektore horren garapena bermatzeko aktibo garrantzitsuak dira babes instituzionaleko sistema indartsua eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemari laguntzeko agenteen sare zabala. 

 

Euskadiko berrikuntzaren ekosistemak badu gainera bultzada politiko garrantzitsu bat, zeinaren bidez sostenguko azpiegitura batzuk garatu diren, nola baitira haztegi integratu eta teknologi parkez osatutako sare bat eta hainbat funts eta agentez osatutako baliabide ekonomiko batzuk, kapitala jartzen dutenak berrikuntza proiektuen lehen faserako.

 

Bestalde, baditugu 250 langile baino gehiagoko gutxienez 10 enpresa, multisektorialak direnak eta beren jardueraren zati bat garatzen dutenak Gailu Mediko eta Osasun Digitalaren esparruan, IKTen arloan, ingeniaritzan eta osagaien fabrikazioan. Enpresa horiek eta antzeko beste batzuek gure herrian egiten duten trakzio indarra funtsezkoa da sektore berri hau bultzatzeko.

 

Sektore honen garapenak argi erakusten du zein den espezializazio adimendunaren kontzeptua gure herrian, gure RIS3 estrategian lehentasunekoak diren bi arloren gaineko fokalizazioaren eta bien arteko sinergien emaitza baita: fabrikazio aurreratua eta bio-zientziak / osasuna.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak