Eu

Artolazabal: “egungo euskal gizarteak aukera bat eskaintzen du gazteak gizarte-eraldaketa positiboan murgiltzeko, eta bertako protagonista izateko”

2017.eko urriak 23
  • Gazte-enpleguari eskainitako jardunaldia, “Gazte Up”, Euskadiko hiriburuko Europa Biltzar Jauregian
  • “Europako gizarteak, eta horren barruan euskal gizarteak, atea ireki behar diote gazteen enpleguari; gazteek gizarte- eta bizikidetza-modu berriak garatuko dituzte”
  • “Kultura ekintzailea suspertu behar da Euskadin, eta behar diren baliabideak eskaini, enpresa berriak errazago sortzeko”.

 

VG 23 10 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, gaur egungo euskal gizarteak “aukera ematen du, gazteen belaunaldiak pertsona guztien ongizaterako gizarte-eraldaketa positiboan murgiltzeko eta bertako protagonista izateko”.

 

Artolazabalek gazte-enpleguari eskainitako “Gazte Up” jardunaldian parte hartu du; Arabako hiriburuko Europa Biltzar Jauregian izan da,  El Correo egunkariak antolatuta. Sailburuarekin batera, Iñaki Ortega, Jorge Guelbenzu, Pedro Ibáñez, José Ignacio Eguizábal Joana Arnmbalza, David Montero, Eneritz Zubizarreta eta Amaia Acha-Orbea ere izan dira.

 

Eusko Jaurlaritzak enpleguarekin duen konpromisoa lehentasunezkoa da, batik bat gure herrialdeak, Europako hainbat herrialdek bezala, jasan duen krisi ekonomiko luze eta gogorraren ondoren. Enplegu gehiago behar da: pertsona guztientzat, merkatuetara iristen diren edo beren lana hobetu nahi duten gazteentzat; emakumeentzat edo langabezian urteak egon ondoren postua bilatzen ari direnentzat. Kalitatekoa eta ordainsari bidezkoak dituena”, esan du sailburuak.

 

Artolazabalek jardunaldira bertaratu direnei, batik bat Ekonomia Zientzietako eta Administrazioko eta Enpresa Kudeaketako ikasleei, azaldutakoaren arabera “lan-trebetasuna lan-arlo edo enpresa berean parte hartzen duten beste pertsona batzuekin batera hartutako esperientziaren bidez lortzen da. Bertan garatu ahalko da pertsona gazte horrek ikasitako guztia, eta berak ere beteranoari ezagutza eta metodo aberatsa ekarriko dio”.

 

“Eusko Jaurlaritzan 2017-2020 Enpleguko Plan Estrategikoari azken ukituak ematen ari gara; 2017-2020 Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren Esparru programaren barruan egongo da plan estrategikoa, 2020ko Enpleguaren Euskal Estrategiaren barruan. Euskadiko lan-merkatuaren errealitatea islatu dugu, bertako beharrak eta hutsak eta, horrela, etorkizuneko beharrei aurrea hartzen diegu, ekintza, proposamen eta politika zehatzekin", esan du Beatriz Artolazabalek. 

 

Enpleguaren Plan Estrategikoak 9 jardun-eremu jasotzen ditu, eta horietako bat gazte-enpleguari eskaintzen zaio; eremu horretan zenbait programa daude, zehazki, hezkuntza-trantsizioa lan-mundura, gazteen itzulera eta gazte-ekintzailetzarako laguntza. 

 

Aukera

“Europako gizarteak, eta horren barruan euskal gizarteak, atea ireki behar diote gazteen enpleguari; gazteek gizarte- eta bizikidetza-modu berriak garatuko dituzte, inklusiboagoak, solidarioagoak, arrazionalagoak eta etorkizuneko ikuspegi jasangarridunak. Bizi-itxaropen berria eta Europak ezagutzen dituen beherakada demografikoak direla eta, urte askoko gizarte honek aukera bat eskaintzen du, gazteen belaunaldiak pertsona guztien ongizaterako gizarte-eraldaketa positiboan murgiltzeko eta bertako protagonista izateko”, esan du Artolazabalek.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak “ekintzailetza sustatzea proposatu du. “Ekintzailetzaren sustapena Enpleguaren Plan Estrategikoan garatzen dugun beste jardun-eremuetako bat da. “Kultura ekintzailea suspertu behar da Euskadin, eta behar diren baliabideak eskaini, enpresa berriak errazago sortzeko; horretarako, autoenpleguko eta ekintzailetzako ekimenak bultzatu behar dira”.

 

“Eusko Jaurlaritzan –esan du Artolazabalel Gasteizko topaketan–, baikorrak gara: Euskadiko 20.000 gaztek lehen lan-esperientzia izango dute legegintzaldi honetan. Hori da gure helburua. “Eusko Jaurlaritzak gazteen ekintzailetza irmo sustatzen du. Prestakuntzak lan-merkatuaren ateak irekitzen ditu. Prestakuntzarik ez dutenek jasotzen dute aukerarik gutxien. Krisi ekonomikoak ez die aukerarik eman gure gazteei. Gaur egun, gazteen langabezia-tasa da azkarren urritzen doana”.

 

Aurreikuspena

“Garrantzitsua da hurbileko etorkizuneko lan-aukerak zein izango diren aurreikustea: enpresa-joerak, lanbide eta prestakuntza-eskakizun berriak… Zaila da etorkizuna aurreratzea, baina Lanbidek Futurelan garatu du, Euskadiko enpleguaren eta lanbide-joeren prospektibaren Behatokia”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Artolazabalek 4. Gazte Plana edo Gazteplana aipatu du; “horrek gazteriarekin zerikusia duena tratatzen du, eta 2020ra arteko aldira begira aurkezten dugu. Gazteak dira gure bermea, herrialde gisa. Herri gisa aurrera egin, bilakatu eta garatu nahi badugu, argi eta irmotasunez egin behar dugu gazteen alde apustu”.

 

Era berean, belaunaldien txandakatzea ere aipatu du; izan ere, “zenbat eta azkarragoa izan gazteen benetako laneratzea eta gizarteratzea, lehenago berreskuratuko dugu Euskadiren lidergoa eta Europako eskualde aurreratuenen artean egotea”.

 

“Gure gazteek bizitza-proiektu independenteak garatu behar dituzte eta, horretarako, lehen lan-aukera sustatzen dugu 20.000 gazterentzat; horretarako, gazte horiek laneratzeko bide eman eta 2017-2020 Enplegu Planaren barruan antolatuko dugu”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Ortega, Jorge Guelbenzu, Pedro Ibáñez, José Ignacio Eguizábal, Joana Aranbalza, David Montero, Eneritz Zubizarreta, Amaia Acha-Orbea