Eu

Artolazabal: “amatasun eta aitatasun baimenak luzatzeko ardura Estatuko Administrazio zentralarena da”

2017.eko urriak 20
  • “Ezinbestekoa da gizarte aldaketa bat egiteko jaiotza tasaren kudeaketan”
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Familietan eta Haurtzaroan inbertitzeko Estrategia berria 2018ko lehen hiruhilekoan onartuko da

VG 2017 10 20

 

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur goizean Eusko Legebiltzarrean gogoratu duenez, “amatasun- eta aitatasun-baimenak luzatzeko ardura, ezinbestekoa dena gizarte-aldaketa bat bermatzeko jaiotza-tasaren kudeaketan, Estatuko administrazio zentralarena da".

 

Artolazabalek Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hitz egin du, bere saila idazten ari den Familia Estrategia azalduz. Sailburuaren ustez, “nabaria da euskal familiek bi seme-alaba izan nahiko lituzketela, gutxienez, eta Europako beste herrialdetan bezalaxe, horrek arreta-zerbitzu gehiagoren eskaintza eskatzen du”.

 

Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuaren esanetan, “Estatuak amatasun- eta aitatasun-bajak luzatzea eta eguneratzea funtsezkoa da xede hori lortzeko. Egun, 16 astekoa da emakumeentzat eta 4 astekoa gizonentzat, Europako herrialde aurreratuenetatik oso urrun. Suedian, adibidez, 480 egunekoa da, bi gurasoen artean banatzeko".

 

“Lege onartu eta 10 urtera, testuinguru sozioekonomikoan eta egungo familien beharretan egondako aldaketa aintzat hartu beharra dago. Horrexegatik, Familietan eta Haurtzaroan inbertitzeko Estrategia berri bat egiteari ekin diogu. Bere abiapuntua politika-multzo koordinatu bat egituratzeko beharra da eta 2018ko lehen hiruhilekoan onartuko dugu”, adierazi du Artolazabal sailburuak.

 

Beatriz Artolazabalek bere hitzaldian aipatu duenez, “gazteek zein familiek beren familia-proiektua hasi eta nahi adina seme-alaba izan dezaten lan egiten du Eusko Jaurlaritzak, bai eta adingabeak dituzten familien babesa areagotzeko ere. Nahi hori DSBEren araudia aldatzeko Jaurlaritzak egin duen proposamenean islatu da".

 

“Diru-laguntzak Arautzeko Dekretua aldatzea proposatu dugu, familien babesa areagotzeko. Familiei diruz laguntzeaz gain, beste zerbitzu eta gurasoei laguntzeko programa batzuk sendotu ditugu, erantzunkidetasun programekin eta lana eta familia bateratzeko diru-sailak handituz”, adierazi du Sailburuak.

 

Konpromisoa

Jarraian, “gure Estrategian parte hartzen duen lan-talde bat sortu da Giza Elkarrizketako Mahaian zeina, enpresa, gizarte eragile eta Lan Harremanen Kontseiluarekin batera, lana eta familiaren arteko bateratzearen sustatzea aztertzen ari den gurekin batera", esan du Beatriz Artolazabalek.

 

“Jaurlaritzak Familiekin duen konpromisoa irmoa da. Izan ere, gizarte bermetan gehien inbertitzen duen Autonomia Erkidegoa da gurea. Lana eta familiaren bateratzean eta seme-alabak dituzten familietan gehien inbertitzen duen Erkidegoa da Euskadi, Estatu mailan, 63,5 milioi eurorekin. Jaiotza eta adopzioaren ondoriozko laguntzak unibertsaltasun irizpideak aplikatuz eta eskubide subjektibo gisa eskaintzen dituen Autonomia Erkidego bakarra gara", azpimarratu du Artolazabalek Euskal Ganberan egin duen agerraldian.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gogoratu duenez, familiei emaniko babesa ez da Jaurlaritzaren gauza soilik, gizarte osoari, enpresa, gizarte eragile, familia eta abarrei dagokie ere. Jaurlaritza honen lehen hamar hilabetetan, lana eta familia bateratzeko esperientzia pilotua bezalako ekimenak jarri ditugu martxan, laguntzak eskatzeko izapideak errazteko bitartekoak areagotu ditugu, aipatuak izapidetzeko epealdia bi hilabetean murriztuz, Familia Estrategia aztertzeko lan-talde bat osatu dugu giza elkarrizketako mahaian, arreta berezia eskaini zaio familien babesari DSBE berria hobetzeko proposamenean, 2018ko lehen hiruhilekoan onartuko den familia eta haurtzaro estrategia berria bukatzen ari gara eta, halaber, Familia eta Haurtzaroaren aldeko Itun bat proposatu dugu Eudel, udal, foru aldundi eta tokiko beste erakunde guztiekin. Datozen hilabeteotan lortu nahi dugun ituna, alegia”.

 

Azkenik, Artolazabalek gehitu duenez, "Eusko Jaurlaritzarentzat eta gizarte osoarentzat familia gizarte balio nagusienetako bat da, babestu beharrekoa. Horrexegatik, familiak babestea eta sustatzea eta beren kideen garapen osoa bermatzea xede duten politikak garatzen ditugu. Gizarte itun handi bat eskatzen duen xede bat da eta horretan dihardugu, baina babes orokortua beharko da horretarako".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak