Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Garapenerako Lankidetzaren Agentzia berriak politika publiko deszentralizatuko eredu propioa finkatzea ahalbidetuko du

2010.eko abenduak 01

 Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia abian jartzeko egin diren urratsak zehaztu ditu gaur Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Eusko Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasunaren Batzordearen aurrean. Erakunde hori arduratuko da lankidetza-politikak gauzatzeaz, baita pobreziaren aurka borroka egiteko eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorra sustatzeko behar diren baliabide ekonomikoak eta materialak planifikatu eta kudeatzeaz ere. Agentzia horren buru Marta Ares Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren egungo zuzendaria izango da.

Zabaleta sailburuak adierazi du Jaurlaritzak "konpromiso historikoa" hartu duela garapenerako lankidetzarekin, "oinarrizko politika publikoa" delako. Zabaletaren ustez, jarrera horrek "gure komunitatearen gizarte-sarean eragiten duenak, ahalbidetzen digu esatea Euskadi oso solidarioa dela".

Sailburuaren arabera, Agentzia sortzeak (2008ko Lankidetzari buruzko Euskal Legean aurreikusita zegoen) "politika publiko deszentralizatuko eredu propio bat finkatzea ahalbidetuko du". Erakunde berriaren helburu nagusia GGKEen esku-hartzeak planifikatzeko eta horiei laguntzeko prozesuen buruzagi izatea da. Era berean, Agentziak esperientzia pilotuak jarriko ditu abian lankidetza zuzeneko edo teknikoko ekintzetan.

Agentziako langileek honako hauei egin beharko diete aurre: 364 lankidetza-proiekturi lehentasunezko 22 herrialdetan, Garapenerako Hezkuntzaren 68 proiekturi Euskadin, larrialdietarako ematen den laguntza humanitarioaren 47 proiekturi, 173 bekari Nazio Batuen Erakundeetan, euskal lankideei emango zaizkien 41 laguntzari, 57 hitzarmeni eta genero-berdintasunaren aldeko 6 programari; horiek guztiak garapenerako lankidetzaren egungo zuzendaritzatik oinordetzan hartuak dira.

Gemma Zabaletak azaldu du Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratuko dela eta horrek "arintasun handiagoa emango diola eta finantza-baliabideak hobeto optimizatu ahal izango dituela". Sei hilean behin kanpoko auditoria egingo da eta urtero eman beharko ditu kontuak Lankidetzaren Euskal Kontseiluan eta Legebiltzarrean.

Plantilla 17 lagunek (9 lan-kontratudun langile eta gainerakoak funtzionarioak) eta zuzendariak osatuko dute. Plantillaren izaera mistoa legez ezarrita dago. Aurrekontua 51 milioi euro da, Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,5. Organigrama lau zerbitzuk osatzen dute: finantza-arloak, juridikoak, koordinazio estrategikoak eta plangintza estrategikoak. Agentzia 2011ko urtarrilaren 1ean jarriko da abian, fondo propioak izango baititu orduan. Abenduan aplikazio informatikoak eta langileak egokituko dira. Lehendakaritzan izango du egoitza, eta horri atxikita egongo da arloetako dekretua onartzen denean.

Plangintza estrategikoa

Marta Ares buru izango duen erakundeak plangintza estrategiko berri bat garatuko du, esku hartzeko ildoak ez ezik orientazio geografikoak eta lehentasunezko herrialdeak ere definituko dituena. "Helburua argia da: laguntza ez sakabanatzea eta eragin iraunkorra izatea", zehaztu du sailburuak. Gainera, Agentziak finkatu egin nahi ditu laguntza humanitarioaren eta garapenerako hezkuntzaren alorrean gauzatzen dituen esku-hartzeak.

Lehenengo kasurako Ertzaintzaren larrialdietako profesionalen talde operatiboa, Osakidetzako sanitarioak eta LEUren teknikariak daude, eta behar izanez gero, 48 ordutan baino gutxiagotan mobiliza daitezke guztiak. Talde hori Haitiko esperientziaren ondorioz sortu zen eta larrialdi-egoerei ekiteko eratu zen.

Garapenerako hezkuntzari dagokionez, Agentziak sentsibilizazio-kanpainak bultzatuko ditu eta hezkuntza formalaren alorrean Hezkuntza Sailarekin batera proiektuak egiten hasiko da. Era berean, nazioarteko boluntariotza-programa (euskal lankide gazteen programaren antzekoa) sustatuko du.

Nolanahi ere, sailburuak adierazi du Agentziaren esku-hartze guztien ezaugarria "elkartasun eskuzabalaren printzipioa" dela, eta esku-hartze horiek guztiak "eskubideak areagotzeko eta herritartasun-kontzeptua zabaltzeko printzipioan" oinarrituko direla.

Erregistroa

Lankidetzaren Euskal Kontseilua dagoeneko prestatzen ari da lankidetzarako Agenteei buruzko etorkizuneko dekretua, GGKEak lehentasunezko agente gisa definituko dituena eta beste eragile mota batzuk ere zehaztuko dituena: nazioarteko erakundeak, fundazioak, unibertsitateak, sindikatuak edo enpresak; horiek guztiak proiektuak garatzeko gai dira. Erregistro horrek laguntzen agenteak identifikatu eta sistematizatuko ditu, eta bideragarritasuna emango die erakundeek nahiz Agentziak berak ekiten dien ekintzei.

Erregistro horrek honako hauek identifikatuko ditu: kokapena, harremana, sektore-espezializazioa, lan egiten duteneko herrialdeak, jardunaren xede den herrialdearekin lankidetzan jarduten duten elkarteak, eta abar; informazio hori, gainera, publikoa izango da. Horretaz gain, proposatzen da lurraldean bertan lankidetzan jarduten duten euskal lankideen erregistro bat egitea Agentziatik babesa eta laguntza eskaini ahal izateko.

Iruzkin bat
  • @lostinweb20
    2012.eko azaroak 30

    Comentario de Twitter:
    Si queréis ver mi charla de ayer en la entrega de los premios #Buber, os dejo el enlace (minuto 44) http://t.co/2Ey30BJe Milesker @irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)