Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpaina bat jarriko dute martxan, zero tolerantzia aldarrikatzeko bertako profesionalek jasaten dituzten erasoen aurrean

2017.eko urriak 20

Kanpaina, gaur goizean aurkeztu da Osakidetzaren Erasoen Behatokian; bertan, Osakidetzako Zuzendaritzako kideek eta sindikatuetako eta prebentzio-zerbitzuko ordezkariek parte hartu dute

 

Juan Carlos Soto Pérez Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak osasun-arloko profesionalek jasaten dituzten erasoen aurkako komunikazio-kanpainaren proposamena aurkeztu du, gaur Gasteizen Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusian egin den Erasoen Behatokiaren bileran.

Kanpaina, laster jarriko da abian; erabiltzaileentzako informazioa indartzea eta erabiltzaileek kontzientzia hartzea aurreikusten du, ahalik eta errespeturik gehien erakusteko profesional guztiei.

Ekintza berri horrek Jon Darpón Osasun sailburuak hartutako konpromisoari erantzuten dio; Legebiltzarrean bere Sailaren ildo estrategikoak azaldu ditu, eta erasoen aurrean “Zero tolerantzia”ren ekintzak iragarri ditu.

2016an, Osakidetzak, guztira, Osakidetzako profesionalek jasandako ahozko erasoen edo eraso fisikoen 473 jakinarazpen jaso zituen; alegia, % 9 jakinarazpen gutxiago, kontuan hartuta aurreko urtean 518 erregistratu zirela. Urtero, Osasun Sailak eta Osakidetzak Osakidetzako profesionalek jasaten dituzten erasoei buruzko txostena prestatu eta jendaurrean jartzen du, osasun-langileak defendatzeko eta babesteko konpromisoari erantzuteko, “hori baita arriskuak prebenitzeko dugun politikaren barruan helburu nagusietako bat”, esan du Juan Carlos Soto Pérezek.

Erasoen Behatokia pasa den legegintzaldian berraktibatu zuen Osasun Sailak. Hura bultzatzean, prebentzio- eta sentsibilizazio-mekanismoak sendotu dira, “eta ildo horretan jarraituko dugu aurrera egiten, ziur baikaude gure erakundeko edozein profesionalek jasaten duen edozein eraso onartezina dela”, esan du Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak.

Zehazki, Erasoen Behatokiak eginiko lanaren lehen urratsetako bat izan zen zehatzago ezagutzea gertatzen zen eraso-kopuru erreala. Hori dela eta, aurrez aurre dugun gizarte-arazo larri hori zenbaterainokoa den ikusarazten eta hura jakinarazteko bide ematen lagunduko duen informazioa indartzeko apustua egin zen.

Aldi berean, azken urteotan, Osakidetzako erakundeek prebentzio-neurriak hartu dituzte; horretarako, prestakuntza eman dute hasi berri diren gertakariak desaktibatzeko edo berriro bideratzeko, “larrialdietako botoia”ren bidez eta, kasu batzuetan, “eragozpen-neurriak” hartuz.

Osakidetzan erasoen aurkako protokolo bat dago, zeinaren bitartez langile batek jasandako erasoak bideratzen diren. Aipaturiko protokoloari jarraikiz, laguntza eskaintzen zaio langileari, gertatutakoa ikertu, eta beharrezkotzat jotzen diren neurri egokiak hartzen dira. Baita legearen gaineko aholkularitza eta abokatu baten laguntza edukitzeko aukera eman ere, egoki diren legezko ekintzak abian jartzeko zein prozedura judizial osoan zehar laguntze aldera.

Paraleloki, horrelako gertakarien prebentzioan hobetzen jarraitzeko, aurrera egiten ari gara egungo Indarkeria Protokoloaren berrikuspen osoan; horretarako, ikuspegi kontzeptualarekin hasi gara, izendapen orokorra aldatzeko proposamenarekin. Proposatzen da “indarkeria” kontzeptuaren ordez “langileek jasaten dituzten erasoak” terminoa erabiltzea.

    

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 20a

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Bank_Practices
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Kanpaina-proposamena, zero tolerantzia aldarrikatzeko Osakidetzako profesionalek jasaten dituzten erasoen aurrean https://t.co/1NvrPjtnAh  …

  • @OSIArabaESI
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Kanpaina 1 jarriko dugu martxan, zero tolerantzia aldarrikatzeko gure profesionalek jasaten dituzten erasoen aurrean➕https://t.co/bTrnkfOKAu

  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Kanpaina-proposamena, zero tolerantzia aldarrikatzeko Osakidetzako profesionalek jasaten dituzten erasoen aurrean https://t.co/lMMyi0Q6nr

  • @Open_Govern
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Kanpaina-proposamena, zero tolerantzia aldarrikatzeko Osakidetzako profesionalek jasaten dituzten erasoen aurrean https://t.co/kuFDTizjYw

Ekitaldiko kargudunak