Berriak Segurtasuna
Eu

Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuak saria eman dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, segurtasunaren arloko prestakuntzaren esparruan egiten duen ekarpenagatik

2017.eko urriak 20

Arkautiko akademiako zuzendariak gaur goizean, Bartzelonan, jaso du saria

Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak gaur goizean jaso du Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuak emandako sari kolektiboetako bat, eta ekitaldi horretan harekin izan da Ertzaintzaren Polizia Teknika eta Taktika Ataleko buru Jose Miguel Angulo ofizialondokoa. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak segurtasunaren arloko prestakuntzan, azterketan edo ikerketa zientifikoan egiten duen ekarpen berezia saritu nahi izan dute ekitaldian. Gaur goizean, Bartzelonan egin den Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuaren 2018-2018 ikasturtearen irekiera-ekitaldi instituzionalean banatu dituzte sariak.

Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuaren sariak ematen dituen 2017ko irailaren 27ko ebazpenean —Joaquím Forn Institutuko zuzendariak eta barne-sailburuak sinatutakoan—, agerian geratzen da “ikasleen eta prestatzaileen trukean izandako lankidetzagatik” ematen dela sari kolektiboa. Era berean, testuan zehazten denez, “Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekiko elkartrukeak oso baliagarriak izan dira Kataluniako Polizia Eskolako profesionalentzat eta ikasleentzat, beste esparru profesional batzuk ezagutzeko, jakintzak partekatzeko eta prestakuntza-zereginak egiteko”.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik saiatzen gara Arkautiko Akademia izan dadila jakintza eta prestakuntza kudeatzeko hauspo aktiboa, segurtasunaren euskal esparruko zerbitzu guztietarako jakintzaren behategia eta beste polizia-kidego batzuetarako eredua eta erreferentea” adierazi du Malentxo Arruabarrena Akademiako zuzendariak, eta emandako saria eskertu du.

Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera, sari kolektiboa jaso dute Kataluniako Babes Zibileko Teknikarien Elkarte Profesionalak, Bartzelonako Moisès Broggi Bigarren Hezkuntzako Institutuak, Kataluniako Lege Medikuntzako eta Zientzia Forentsetako Institutuak eta Ramblako eta Kataluniako Plazako Lagunen, Auzokoen eta Merkatarien Elkarteak. Horrez gain, beste lau sari pertsonal ere eman dituzte: Roger Llinàs Puente Generalitateko Suhiltzaileen Kidegoko sarjentuari; David Zapater Gallego Bartzelonako Udaleko Prebentzioko, Suteak Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuko buruari; Jordi Udina Torno Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuko langile erretiratuari; eta, hil ostean, Xavier Pejó Orellana Kataluniako Polizia Eskolako irakasle eta dinamizatzaile izan zenari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko