Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak jardunaldi profesionala antolatu du bide-segurtasunaren alorreko erantzukizun partekatua aztertzeko

2017.eko urriak 20

Topaketa urriaren 25ean egingo da Euskadiko Artxibo Historikoan eta aditu ugarik hartuko du parte

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko  Zuzendaritzak  datorren asteazkenean, urriaren 25ean, jardunaldi bat egingo du Bilbaon, “Erantzukizun partekatua bide-segurtasunaren alorrean” izenburupean. Gure kaleetako eta errepideetako bide-segurtasunarekin inplikatuta dauden eragile guztien baterako erantzukizunari buruz gogoeta egingo da jardunaldi horretan. Bertaratzen diren pertsonek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dituzte arriskuak murrizteko eta jokabide seguruak sustatzeko Europako eta tokiko esperientziak, prozesuak eta tresnak. Jardunaldiaren inaugurazioa Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuaren esku egongo da.

Azken urte hauetan trafiko-istripuen biktimen kopurua jaisten ari da Euskadin, eta arlo horretan Europako herrialderik aurreratuenen parean jarri da Euskadi —adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak—. Beherakada horrek akuilatzen gaitu, eta, hartara, istripuen eta biktimen kopurua murrizteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoari eusten diogu. Jardunaldi profesional honetan zenbait sektoretako adituei hitza eman nahi izan diegu; izan ere, kultura-aldaketa iraunkorrak lortuko badira, ikuspegi zabala izan beharko da, askotariko alderdiak aintzat hartuko dituena”.

Sailburuak topaketari hasiera eman ostean, hasiko dira hiru multzotan antolatutako aurkezpenak. Lehen multzoan, “Erakundeen erantzukizunaren balioa bide-segurtasunaren alorrean”, Matthew Baldwin-ek (Deputy Director-General responsible for directorates C, D and E. Moblility and Transport Directorate.General (MOVE) EU), Sonya Hurt-ek (Chair of Road Safety GB and Team Manager for Road Safety at Via East Midlands) eta Sonia Díaz de Corcuerak (Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria) Europar Batasuneko, Erresuma Batuko eta Euskadiko bide-segurtasunaren arloko esperientziak azalduko dizkiete bertaratzen direnei.

Atsedenaldiaren ondoren, bigarren zatiari emango zaio hasiera: “Bide-segurtasunaren kontzeptua alor juridikoan, hizkuntza kreatiboaren bilakaeran eta enpresaren lehiakortasunean eta berrikuntzan”. Multzo honetan esku hartuko dute Manu Pedreirak (Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko fiskal ordezkaria), David Caballerok (SCPFko zuzendari sortzaile exekutiboa – BMWren kanpainen agentzia) eta Claus Ehlers-ek (Director Product Strategy and Planning Mercedes-Benz-Cars).

Hirugarren mahaian, “Giza faktorea mugikortasun seguru eta iraunkorraren alorreko paradigma-aldaketaren aurrean”, parte hartuko dute Aitor Aritzetak (UPV/EHU psikologian doktorea, Psikologia Fakultateko irakaslea, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarako Gazte-Ziur ekimeneko zuzendaria), Mariola Pascualek (Gazte-Ziur proiektuko ikertzailea eta UPV/EHUko ikerketa-talde bateko kidea) eta Azucena Vegak (liderren eta enpresa-taldeen entrenatzailea).

Inskripzioak eta informazio gehiago web-orri honetan: www.seguridadvialeuskadi.com

Parte hartzen duen pertsonaren bat elkarrizketatzeko interesa duten hedabideek posta elektroniko bidez bidali beharko dute eskaera Segurtasun Sailaren prentsa-kabinetera (prensa@seg.euskadi.eus).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @InfoCnae
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Trafikoa organiza una Jornada sobre la Responsabilidad compartida en el ámbito de la Seguridad Vial https://t.co/pZEQqM2Yq5

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak