Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Legebiltzarraren babesa jaso du 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Plan berriak

2010.eko abenduak 01

Jaurlaritzako, aldundietako, erakunde pribatu eta eragile sozio-ekonomikoen ordezkariek, 300 lagunek baino gehiagok, hartu dute parte planaren prestaketan

Planak sektore publikoko eta pribatuko 12.000 milioi euro mugiaraziko ditu

Dokumentuak hiru ardatz ditu, 14 jardun-ildo eta 30 ekimen zehatz

2010-2013rako Enpresa Lehiakortasuneko Planak, Gobernu Kontseiluak joan zen uztailaren 27an onartuak, Eusko Legebiltzarraren babesa jaso du gaur Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Batzordean izandako eztabaidan.

Bernabé Unda sailburuak aurkeztu du dokumentua, ia 12.000 milioi euroko inbertsioa mugituko duena, sektore publikotik  (4.600 milioi inguru) nahiz pribatutik datorren dirua izanik (7.200 milioi inguru)

Planak ikuspegi berri bat txertatzen du Euskadiren lehiakortasunari dagokionez. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak gidatu du planaren prestakuntza, nahiz eta lankidetza zabala izan duen Jaurlaritzako beste Sailei dagokienez, bai eta Euskadiko erakunde, entitate pribatu, organizazio eta eragile sozio-ekonomikoen aldetik. Guztira, 300 lagun inguruk parte hartu du prozesuan.

Lehiakortasun Plana Euskadi lehiakor eta iraunkorra lortzeko prestatu da, eta hiru jardun-ardatz handi ezartzen ditu euskal enpresa-sarerako:

  • Ekonomia irekia,
  • Ekonomia berritzailea, ekintzailea eta teknologikoki aurreratua, eta
  • Ekonomia iraunkorra, iraunkortasuna bere hiru osagaietan ulertuta: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.

Plana, Euskadiren lehiakortasun-eraldaketarako gida bihurtuko dena, egungo egoeraren diagnostiko sakon batean oinarritu da. DAFO/AMIA analisia egin da, euskal ekonomiaren ahulguneak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak aztertuta.

Hortik aurrera, Lehiakortasun Planak 2020ko Euskadirako lortu nahi dena definitzen du, misio bat planteatzen da eta oinarri dituen balio batzuk ezartzen dira: espiritu ekintzailea, ahalegina, iraunkortasuna eta hobetzeko nahia, bikaintasunarekiko atxikimendua, kalitatea eta zorroztasuna, lankidetza, aldaketarako eta munduarekiko zabaltasuna, eta pertsonen eta erakundeen erantzukidetasuna. 

Gogoeta-prozesuan Ikuspegi Orokorreko mahai batzuk eratu dira, euskal enpresa eta erakunde nagusietako zuzendaritzako 40 lagunek baino gehiagok parte hartu duelarik. Era berean, Lan Talde batzuk jarri dira abian ikuspegi tematikoa izanik, 250 lagun baino gehiagori deituta.

Eusko Jaurlaritzaz eta enpresez gain, beste askok ere hartu dute parte: enpresa-elkarteek, klusterrek, sindikatuek, merkataritza-ganberek, ekonomia sozialeko erakundeek, lehiakortasuneko politikan zerikusia duten foru-aldundietako arduradunek, bai eta unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek, garapen-agentziek, politika industrialeko espezialistek, Lehendakariaren Aholkularitza Batzordeak eta abarrek. Eta zeregin bereziki garrantzitsua eduki dute Orkestrak (Lehiakortasunerako Euskal Institutuak), Euskalitek eta Innobasquek.

Berritasun batzuk sartu dira aurreko 2006-09ko Enpresa Lehiakortasuneko eta Gizarte Berrikuntzako Planaren eta 2000-03 Ekonomia Sustapenerako Erakunde-arteko Planari dagokionez. Horien artean, agiria urtero berriz aztertzea aurreikusi da, eta Merkataritza, Turismo eta Energiaren arloak modu osatuan sartu dira Planean. Agirian, proposatutako ekintzetako bakoitza praktikan jartzea kudeatuko duten arduradunak identifikatu dira.

Plana hiru ardatzetan banatzen da, eta hauek era berean 14 jardun-ildotan eta 30 ekimen zehatzen bidez garatzen dira. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lehiakortasunaren arloan duen politika osoaren bidea markatzeko balio du, eta beste Sail Batzuek aurreikusitako ekintzak ere barne hartzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduak 1

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)