Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 Euskadiko arreta soziosanitarioko ildo estrategikoak bete direla egiaztatu du eta erakundeen arteko euskal eremu soziosanitarioa finkatzen jarraitzearen alde agertu da

2017.eko urriak 25
  • Gizarte politiketako eta Osasuneko sailetako arduradunek azaldu dute “plangintza estrategiko honekin jarraitu behar dugula”, zeharkako koordinazio baterantz
  • Biak agertu dira Eusko Legebiltzarraren Osasuneko eta Enpleguko, Gizarte Politiketako eta Gazteriako batzorde mistoan

Vitoria-Gasteiz, 2017/10/25

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Guillermo Viñegra Osasun Saileko osasun-programetako eta herritarren harremanetarako arduradunak 2013-2016 Euskadiko arreta soziosanitarioko ildo estrategikoen betearazpen-mailaren balorazio positiboa egin dute. Horretarako, gaur goizean azalpenak eman dituzte, Eusko Legebiltzarraren Osasuneko eta Enpleguko, Gizarte Politiketako eta Gazteriako batzorde mistoan.

Azaldu bezala, aurreko legegintzaldian aurrera egin zen; estrategia soziosanitarioaren ikuspegia osatu egin zen, proiektu batzuk abian jarrita. Horregatik, biak datoz bat honako hau adieraztean: “planteamendu estrategiko honekin jarraitu behar da. Erakundearteko adostasun sendoaren bidez kultura soziosanitario baten oinarria sortzera bideratuta dago planteamendu hori, hain zuzen, eta oinarri horretatik abiatuta, kasuak batera jorratu ahal izango dira eta herritarrengana heldu ahal izango da modu garbiagoan eta praktikoagoan”.

Amilibiak eta Viñegrak nabarmendu dute 2013-2016 Euskadiko arreta soziosanitarioko ildo estrategikoen eragina. Bost izan ziren: zerbitzu soziosanitarioen zorroa zehaztea; informazio eta komunikazio soziosanitarioaren sistema ezartzea; akordio soziosanitarioak formalizatzea; helmuga diren kolektiboentzako arreta soziosanitarioaren garapen-plana prestatzea; eta eremu soziosanitarioan prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzea.

Lehen ildo estrategikoan planteatutako eduki gehiena bete da (% 75). Alderdi horretan, zerbitzu-zorroko baliabide eta zerbitzuen osagai nagusiak zehaztu dira.

Bigarren lerroan azaltzen den informazio eta komunikazio sistema soziosanitario bat ezartzeari dagokionez, aurrez ezarritako helburu orokorren % 85 bete da. Linea Estrategiko Soziosanitarioak eta Komunikazio Plana idatzi dira, eta Euskadiko Arreta Soziosanitariorako Ataria sortu da. Lortu dira, halaber, Historia Soziosanitarioarekin, aurreko legegintzaldirako ezarritako helburuak, Osakidetzako historia klinikoa, Osabide, adinekoentzako egoitzetan ezarriz, eta urratsez urrats abian jarriz Balorazio Soziosanitariorako Inter RAI-CA Tresna oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eta lehen mailako arretako osasun-zentroetan. Lehen mailako arreta soziosanitarioko lantaldeak ere garatu dira, Osakidetzak eta udalek sinatutako koordinazio soziosanitarioko protokoloetan oinarrituta, eta abian jarri da asistentziaren etikako komiteak koordinatzeko batzordea.

Hirugarren ildoan, akordio soziosanitarioen formalizazioa helburu duen horretan, hiru plan operatibo egin dira, plan bat lurralde historiko bakoitzean. Eta abian jarri dira Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko koordinazio eta arreta soziosanitariorako egiturak garatzeko lanak ere. 

Laugarren ildoa dela eta, bost ekintza aurreikusten zituen eta ekintza horiek aurreikusitako helmugako kolektiboekin bat zetozen: buruko gaixotasuna duten pertsonak, bazterketa- eta babesgabezia-arriskuan dauden pertsonak, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak, behar bereziak dituzten umeak eta beste kolektibo batzuk. Ekintza horien betearazpen-maila ez da berdina izan; betearazpen-maila handiena behar bereziak dituzten umeen kolektiboak izan du. Nolanahi ere, ildo horretan hainbat helburu bete dira:

  • Osasun mentalaren arloko osasun zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen lurralde-mapak egin dira; osasun mentaleko plan integrala egin da Barrualde-Galdakao ESIn.
  • Baztertuta eta babesik gabe geratzeko arriskua duten pertsonei dagokienez, finkatu egin dira ESIen eta gizarte-zerbitzuen artean lehendik zeuden 35 protokoloak, umeen kolektiboari eta sexu-indarkeriaren kolektiboari dagokienez. Adineko pertsonen aurkako tratu txar fisiko eta ekonomikoei arrisku-faktoreen detekzioaren bitartez aurrea hartzeko tresna bat garatu da, eta pixkanaka ezartzen ari da hiru lurralde historikoetako osasun-zentroetan eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetan.
  • Desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonei dagokienez, aurrera egin da zaintzaileak prestatzeko eta haiei laguntzeko programetan; ekarpen soziosanitarioak egin zaizkio zainketa aringarrien planari; eta aurrera egin da plataforma telematiko eta informatiko desberdinen integrazio funtzionalean, BetiON eta Osarean (presentziala ez den Osakidetza) izeneko telelaguntzako zerbitzu publikoan adibidez.
  • Beharrizan bereziak dituzten umeentzako arreta hobetze aldera, arreta goiztiarra baloratuko duten taldeak sortu eta finkatu dira hiru lurralde historikoetan; horrez gain, Beharrizan Bereziak dituzten Haurren Arreta Integraturako Prozesua (BBHAIP) Bizkaian % 100ean ebaluatu da.
  • Gizarte, osasun eta hezkuntza arloak batzen dituen esparruan ere lan egin da, gaixotasun arraroak izenez ezagutzen direnei lotuta.

Azken lerroa, prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ezagutzen eskualdaketa espazio soziosanitarioan bultzatzeari buruzkoa, % 92an bete da. Besteak beste, ikerketa eta berrikuntza soziosanitarioaren gaineko txosten bat aurkeztu da, ezagutzak eskualdatzean aurrera egin da eta hedapenerako hainbat ekintza gauzatu dira.

Lorpenak gorabehera, Lide Amilibiak eta Guillermo Viñegrak azpimarratu dute arreta soziosanitarioa garrantzitsua dela eta lehentasuna duela, garapen indartsua behar duela oraindik, eta sendotu egin behar direla zeharkako koordinazioa eta sektoreen arteko koordinazioa Jaurlaritzako gainerako sailekin, foru-aldundiekin eta udalekin.        

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Guillermo Vinegra