Eu

Beatriz Artolazabal´ek Estatuari konpromiso gehiago eskatu dio, mendekotasuna finantzatzeko

2017.eko urriak 19
  • Topaketa Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioan; bertan izan dira Sánchez Robles, Peña eta Olabarrieta foru-diputatuak eta autonomia-erkidegoetako sailburuak.

 

  • “Foru-aldundiekin eta beste erkidego batzuekin batera, 2012an murriztutako finantzaketa-mailak berreskuratzeko eskatu dut, eta atzera eragina izateko, 2017ko urtarrilaren 1era”.

 

Madril, 17 10 19

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur arratsaldean, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak Mendekotasunaren Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren onuradunei bermatutako gutxieneko babes-mailari buruz egindako errege-dekretuaren proiektuari ikusten dizkion eragozpenak azaldu ditu. Alegia, Estatuaren kargura den mendekotasunaren finantzaketaren ingurukoak; “izan ere, hasiera batean proposatu zena gorabehera, ez dago konpromisorik Estatuak mendekotasun-maila bakoitzerako egin beharreko finantzaketa-gorakadei dagokienez. Foru-aldundiekin eta beste erkidego batzuekin batera, 2012an murriztutako finantzaketa-mailak berreskuratzeko eskatu dut, eta atzera eragina izateko, 2017ko urtarrilaren 1era”.

 

Era berean, Beatriz Artolazabalek esan du hasiera batean ez dagoela ados 2008ko azaroaren 27ko Mendekotasunaren Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen Akordioaren aldaketa adosteko aurkeztu den dokumentuarekin; akordioa Mendekotasunaren Autonomiarako eta Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko baterako egiaztapen-irizpideei buruzkoa da, eta 2015eko urriaren 7ko akordioaren bidez aldatu zen.

 

Motiboa izan da, sailburuaren hitzen arabera, “ez dela bete horretarako Zuzendari Nagusien Ordezkaritza Batzordean adostutako testua, eta laguntzaile pertsonalen irudian eragin larria duten aldaketak sartu direla”. Beraz, hitzartutako testua berreskuratzeko eskatu du, eta hala izan da eta onetsi egin da.

 

Artolazabal ados ageri da Ministerioaren eta erkidegoen baterako beste dokumentu batekin; horren bidez proposatzen da lan-talde bat sortzea, mendekotasun-legea berrikusteko, batez ere finantzaketari dagokionez.

 

Topaketa Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren egoitzan izan da, eta, bertan, Dolors Montserrat ministroaz eta bere ekipoaz gainera, Beatriz Artolazabal sailburuak, Isabel Sánchez Robles, Maite Peña eta Marian Olabarrieta foru-diputatuek, Miguel Laparra Nafarroako lehendakariordeak eta Gizarte Gaietako sailburuak eta autonomia-erkidegoetako kontseilariek parte hartu dute.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @basquemployment
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: Beatriz Artolazabal solicita más compromiso estatal para la financiación de la dependencia 🔗https://t.co/YzVoW2bmSf 🔗…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Dolors Montserrat, Marian Olabarrieta, Maite Peña, Isabel Sánchez-Robles, Miguel Laparra y resto de consejer@s de Empleo y Asuntos Sociales de las CC.AA.