Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak aitortu du ETAren biktima izan diren euskal enpresaburuek “pairatutako sufrimendu bidegabea”

2017.eko urriak 20

Urkullu lehendakaria buru zela, Eusko Jaurlaritzak parte hartu du Confebaskek antolatu duen memoria- eta aitorpen-ekitaldian

Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, parte hartu du Confebask euskal patronalak Bilbaoko Euskalduna jauregian antolatu duen euskal enpresaburuen memoria- eta aitorpen-ekitaldian. ETAk indarkeria terroristaren amaiera iragarri zuela sei urte betetzen diren egun honetan, lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren eta, oro har, gizartearen izenean, aitortu nahi izan du kolektibo horrek “pairatutako sufrimendu bidegabea” eta “unerik gogorrenean egindako ahalegina, egunez egun aberastasuna eta enplegua sortuz”.

Urkulluk, hasteko, omenaldi hau antolatu izana eskertu du, baina nabarmendu du gogoratzeaz gain, “beharrezkoa dela gertatutakoaren memoria kritikoa egitea”. “Ez dugu ahaztuko biktima horiek, askotan bakardadean eta isiltasunean, jasan behar izan duten sufrimendua eta pairamena” adierazi du lehendakariak, eta erantsi du “guztiz bidegabea” izan zela. “Etorkizunean, sekula gehiago ez. Ezer, inolako arrazoi edo kausa politiko, ez da kokatuko giza eskubideen balioaren gainetik, pertsonaren duintasunaren eta bizitzaren gainetik” eman du aditzera.

ETAri eskatu dio desegin dadila "alde bakar batez, benetan eta behin betiko”. “ETA amaitu da; gure gizartean ez du orainik, ezta gerorik ere” esan du lehendakariak, eta gogorarazi du printzipio etikoen eta balio demokratikoen irmotasunak eta iraunkortasunak irabazi duela, eta horretan “enpresaburuak eredu izan zarete”. Horregatik, aitortu nahi izan du “pairatutako sufrimendu bidegabea” eta Euskadirekiko konpromisoa. “Mila esker, unerik gogorrenetan ere, berunaren urteetan, irmo jarraitu zenutelako  zuen lanpostuan, enpresaren aurrean —enpresa handia, txikia edo ertaina izan—, egunez egun aberastasuna eta enplegua sortuz”, erantsi du. Azkenik, lehendakariak bizikidetasun “erreala, bihotzekoa, sakona eta osasuntsua” eraikitzearen aldeko hitzak izan ditu.

Omenaldian, Eusko Jaurlaritza osoak ez ezik, parte hartu dute Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako diputatu nagusiek, Batzar Nagusietako presidenteek, Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteizko alkateek, Javier de Andrés Gobernuko ordezkariak, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak, eta hiru lurraldeetako patronaletako presidenteek —ADEGI, CEBEK eta SEA—. Ekitaldia Pedro García Barragánek aurkeztu du, eta biktimen lekukoak jasotzen dituzten bideoak proiektatu dira. Bideo horietan hil edo bahitu zituzten enpresaburuen zenbait kasu gogoratu da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak