Eu

Gobernuak, asteartean, % 1,5eko soldata igoera onetsiko du eta Itzarrirentzako ekarpenak berreskuratuko ditu langile publikoentzat

2017.eko urriak 19
  • Ordainsarien hobekuntzak Gobernuak datorren astean onetsiko duen 2018rako Aurrekontuen Lege Proiektuan sartuko dira
  • Gaur goizean, Lakuan, funtzio publikoko Mahai Orokorra izan da, eta haren amaieran, Andrés Zearreta Sailburuordeak esan du zoritxarrez “zentral sindikalek ez dutela bat egin pixkanaka krisi ekonomikoaren aurreko lan-baldintzetara bueltatzeko aukera ematen ari diren proposamen horiekin”

Eusko Jaurlaritzak, datorren asteartean, % 1,5eko soldata-igoera onetsiko du 2018rako, Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langileentzat. Era berean, 2018rako Aurrekontuen Lege Proiektuakberriz ekingo die, % 0,5ekin, ITZARRI-EPSV borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearentzako ekarpenei; ekarpen horiek Espainiako oinarrizko araudiak debekatu zituen, 2012tik. Bi neurri horiek, aurrekontuan, 80 milioi euro inguruko eragina izango dute (soldata-igoerak, 63 milioi euro eta ITZARRIrentzako ekarpenek, 17 milioi euro).

Erabaki hori hartu du Eusko Jaurlaritzak “Euskal Autonomi Erkidegoko Negoziazioaren Mahai Orokorra”ren bileraren amaieran; bertan, Euskal Administrazio Publikoan lanean ari diren 70.000 pertsonak ordezkatzen dituzten zentral sindikalak izan dira: Administrazio Orokorra (Lakua), Hezkuntza, Osakidetza, Segurtasuna, Justizia Administrazioa, etab.

Topaketaren amaieran, Andrés Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak esan du zoritxarrez “bilerak eta negoziazioak izan diren aste hauek akordio sindikalik gabe amaitu direla; izan ere, benetan uste dut akordio batera heltzea onuragarriagoa zela administrazioan lanean diharduten langileentzat”. Hala ere, eta zentral sindikalek babesa ematen ez badute ere, Andrés Zearretak esan du “Gobernuak ordainsarien hobekuntzak aplikatuko dituela; izan ere, konpromisoa hartu dugu eta suspertze ekonomikoa euskal funtzio publikora zabaldu nahi dugu. Horretarako, pixkanaka, krisi ekonomikoaren aurreko lan-baldintzetara bueltatzeko aukera ematen diguten mekanismoak ezartzen ari gara”.

2020KO ENPLEGU PUBLIKOKO ESKAINTZAK ETA APARTEKO PAGA

Gainera, Andrés Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak gogorarazi du “2020rako Enplegu Plan Estrategikoa”n 13.500 izango dela Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan oposiziora aterako duen plaza-kopurua; EPE horien bidez, herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu publiko guztietan enplegua finkatu eta egonkortu ahalko da. Horretarako, Andrés Zearretak dei egin die zentral sindikalei, orain, “negoziazio-mahai sektorialetan, akordio batera heldu ahal izateko, guztion artean, eta sektore bakoitzean zehatz eskainiko dugun plaza-kopurua eta -mota zehaztu ahal izateko”.

Azkenik, Andrés Zearretak gogorarazi du hurrengo hilean, azaroan, Euskal Administrazio Publikoan lanean ari diren 70.000 pertsonek 2012ko aparteko pagaren azken zatia ordainduko dutela. Neurri horrek 50 milioi euroko eragina izango du aurrekontuetan; horrela, behin betiko itxiko da Espainiako Gobernuak, duela bi legegintzaldi, sortu zuen gatazka. Datorren urtetik aurrera, aparteko pagak normaltasunera bueltatuko dira eta, ohi bezala, ekainean eta abenduan ordainduko dira. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak