Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek diagnostiko-ebaluazioei buruzko jardunaldiak inauguratu ditu

2017.eko urriak 19
  • Cristina Uriarte: “Euskal Hezkuntza Sistema ebaluatzea, hobekuntza ahalbidetzeko ardatz nagusietako bat da gaur, gure hezkuntza sistemaren funtsezko zutabea”

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak “Eskala Handiko Ebaluazioak: PISAren kasua eta beste diagnostiko-ebaluazioak” izeneko jardunaldiak inauguratu ditu gaur goizez Donostian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta UPV/EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak antolaturiko jardunaldiotan, hezkuntza komunitatea osatzen duen kidego zabala (zuzendaritza taldeak, Berritzeguneetako nahiz Ikuskaritzako teknikariak, eskola kontseiluak, familia elkarteak, ikastetxe-sareetako koordinatzaileak…) ari da parte hartzen, baina baita unibertsitateko komunitatea ere, hezkuntza masterretakoa bereziki.

Bi egunez, gaur hasi eta bihar ostirala, urriak 20, eskala handiko ebaluazioen inguruko hainbat ikuspegi eta esperientzia aurkeztuko da, eta mota honetako ebaluazioek dituzten ezaugarri nagusiez eztabaidatzeko eta hausnartzeko espazioa sortuko.

Bere hitzaldian, hezkuntza sistemarako ebaluazioek duten funtsezko zeregina nabarmendu du Uriarte sailburuak, batez ere hobekuntza planak ezarri ahal izateko eta emaitzak hobetzeko nahiz hezkuntza sistemaren berrikuntzan eragina duten neurriak hartzeko. “Ebaluatzea eta ebaluatua izatea ezinbesteko elementuetako bat da hobekuntzarako nahia duen edonorentzat. Ebaluazioa, edozein ebaluazio mota, izan kanpokoak nahiz barnekoak, geure errealitatea aintzat hartuta Euskadin definituak edo nazioarteko erakundeek landua eta zuzendua, denek dute  balioa. Denak dira elkarren osagarri. Bakoitzak arlo bat hartzen du, eta datu baliotsuak ematen dizkigute”, azaldu du.

Alde horretatik, Cristina Uriartek gogorarazi du Euskadin hezkuntza sistemaren ardura nagusienetakoa, hezkuntza arloko eskumenak hartu zituenetik bertatik, “bere egoera eta garapenari buruzko informazio objektiboa emango dion ebaluazio sistema zorrotz, fidagarri eta jarraitu bat” edukitzea izan dela. Sailburuak azaldu du interes hori nabarmen hazi dela azken hamarkadan zehar. “Euskal Hezkuntza Sistema ebaluatzea, beraz, hobekuntza ahalbidetzeko ardatz nagusietako bat da gaur, gure hezkuntza sistemaren funtsezko zutabea”, baieztatu du.

Hezkuntza sailburuak bestalde, ebaluazioen aurka –betez ere Espainiako Gobernuaren hezkuntza lege berriak eraginda- sortu diren zenbait jarreragatik ere kezka erakutsi du. “Aitortu beharra daukat harridura eta kezka sortzen didala zenbait sektoretan ebaluazioez zabaltzen ari den pertzepzioak”, esan du Uriartek. “Azken aldian, oso denbora tarte laburrean, ebaluazioen aurkako korronte batek, edo bai bederen haiekiko oso korronte kritikoak, protagonismoa hartu du gure artean. Ziur naiz jarrera hori publikoki agertu dutenen asmoa ez dela euskal eskolari kalte egitea, baina egia zera da: jarrera horrek badituela ondorio kaltegarriak. Beste faktore askorekin batera, lege hori kaltegarria izan da diagnostiko-ebaluazioez, eta oro har ebaluazio guztiez zegoen ikuskerarentzat ere”, ohartarazi du sailburuak, ebaluazio kontzeptua eta aipaturiko legeak planteatzen zituen errebaliden artean sortu den nahasketaz ari zela.

“Zenbait unetan, antzekoak izan baina elkarrengandik hain urrun dauden diagnostiko-ebaluazioa eta errebalida kontzeptuak nahastu izan dira –jarraitu du Uriartek. Hilabete askotan zehar irakurri edo entzun ahal izan dugu diagnostiko-ebaluazioa kontzeptua errebalidaren sinonimo bailitzan, edo alderantziz. Orain zorionez, eta espero dut behin betiko, hastapenean Lomcek aurreikusten zituen errebalidak bazterrean gelditu dira. Orain, beraz, ez dago nahasketarako tarterik. Ziur naiz, berriro bideari heltzeko gai izango garela” esan du amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak