Eu

Eusko Jaurlaritzak Hendaiako Euskotrenen geltokia zaharberrituko du

2017.eko urriak 19
  • Terminal berriak egungoaren azalera bikoiztuko du, nasa zentral bat izango du eta azken tartean trenbidea bikoiztu egingo da.
  • Lan hauekin segurtasuna handitu, irisgarritasuna hobetu eta Frantziako trenbideekin intermodaltasuna erraztu nahi da.
  • Trenbidaren bikoizketari esker beste tren bat aparkatu ahal izango da eta maiztasunak handitzeko aukera egongo da.
  • Tapiak lizitatze prozesua urte amaierarako martxan ipini nahi du, apirila amaitzerako adjudikatzeko eta 14 hilabete iraungo duten lanak ekainean hasteko.
  • Urtean 700.000 erabiltzaile dituen Euskotrenen egungo geralekua Hendaian gehien erabiltzen den garraio modua da.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea euskal trenbide kudeatzailearen bitartez, goitik behera berriztatuko du Euskotrenen Hendaiako geltokia. Obra horiei esker bikoiztu egingo da terminalak gaur egun duen espazio erabilgarria, nasa handituko da eta azken zatian bikoiztu egingo da trenbidea. Jarduketa horien bitartez zerbitzu hobea eskaini nahi zaie erabiltzaileei, segurtasuna handitzeaz eta irisgarritasuna hobetzeaz gain.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur goizean bisitatu ditu instalazioak, Kotte Ecenarro Hendaiako alkatearekin, Mathieu Bergé Nouvelle Aquitaineko kontseilaria eta mugaz gaindiko arduradunarkein, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio Sailburuordearekin, Aitor Garitano eta Imanol Leza ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiekin, Nouvelle Aquitaine eskualdeko, Aquitania-Euskadi-Nafarroa Euro-eskualdeko ordezkaritza zabalarekin eta SNCFren zuzendariekin batera. Bisita horretan, bi administrazioak bat etorri dira SNCFk eta Euskotrenek eskaintzen dituzten tren zerbitzuak koordinatzearen garrantzia azpimarratzean, izan ere, bi operadoreen geltokien artean 20m baino ez daude.

Euskotrenen geltokiaren goitik beherako zaharberritzea

Hendaiako geltokia hobetzeko proiektuaren helburu nagusia, Topoaren erabiltzaileei instalazio duinak, seguruak eta erabilerrazak eskaintzea da, hori guztia Hendaiako geltokiaren Pôle d’échanges multimodal proiektuaren barruan. Proiektuaren buru SNCF eta Nouvelle Aquitaine eskualdea dira, eta Collectivité Agglomération Pays Basque eta Eusko Jaurlaritzak ere hartzen dute parte. Hori guztia, SNCFren distantzia luzeko trenak, TER Nouvelle Aquitaine, Euskotren, lurralde mailako autobusak, Hendaia-Irun guneko tokiko autobusak eta beste modu batzuk, bizikleta, besteak beste, barne hartuko dituen gune multimodala sortzeko helburuz.

Topaketan, ETSko teknikariek, Euskotrenek Hendaian duen geltokiaren goitik beherako zaharberritze proiektua aurkeztu dute. Bertan amaitzen da Donostia-Hendaia linea, eta helburua ustiapena hobetzea da. Plan horren barruan, egungo ahalmen eta irisgarritasun arazoak konponduko dituen eraikin berria eraikitzea jasotzen da. Eraikin berriaren oin-planoa laukizuzena eta 198 metro karratuko azalera izango ditu, egungo 84 metro karratuak nabarmen bikoiztuz.

Instalazioek, lau salmenta-makina egongo diren itxaroteko ataria, balioztatze lerroa, bi txarteldegi izango dituen ikuskatzailearen gela, komuna izango duen aldagela eta garbiketarako gela izango ditu. Eraikin berria beste kokapen batean proiektatu da, egungoarekin alderatuz hego-ekialderantz zortzi metro inguru desplazatuz. Kokagune berriak, geltokiaren sarbide nagusiaren atari gisa egituratzen den espazio libre txiki bat sortzeko aukera emango du.

Aurreikusitako lanekin amaiera egokia emango zaie toki horretara heltzen diren oinezkoen ibilbideei, SNCFren geltokiko sarbide nagusitik zein Boulevard du Général de Gaulle kaletik. Horrez gain, informazio seinaleak eta hiriko altzari elementuak jartzeko dagoen tokia handitu egingo da.

Ibilbidearen azken 91 metroetan trenbidea bikoiztu egingo da. Horri esker beste tren bat aparkatu ahal izango da eta etorkizunean maiztasunak handitu ahal izango dira. Halaber, gaur egun dagoen 1,9 metroko zabalerako alboko nasaren ordez, 4 metro zabal izango dituen nasa zentral bat egingo da, markesinarekin. Laburbilduz, geltokia bere ingurunean hobeto integratuta geratuko da, eta horrek, gainera, sarbideetako urbanizazioa nabarmen hobetzeko aukera emango du. Horrez gain, proiektuaren barruan, SNCF Réseauk erabiltzen duen gunea berriztatzea ere jasotzen da. Gune hori geltokiaren alboan dago, eta Topoaren geltoki berriaren handitze lanen eragin esparruan dago.

14 hilabete iraungo duten lanak

Aurrekontua, gauzatze materiala barne, 5,8 milioi euro ingurukoa da, eta lanak egiteko aurreikusten den epealdia 14 hilabetekoa da. Eusko Jaurlaritzak %100 finantzatuko duen proiektuak Euskadi-Nafarroa-Akitania Euro-eskualdearen, Nouvelle Aquitaine eskualdearen, Communauté d’Agglomération Pays Basqueren eta Hendaiako Udalaren laguntza du.

Ikuspegi administratibo batetatik, obra eta etorkizuneko espazioaren okupazioa arautuko dituen hitzarmenaren azken xehetasunak ixten ari dira, Eusko Jaurlaritza-ETS lanen kudeaketaz eta gauzatzeaz arduratu ahal izan daitezen. Behin azken tramite hau gaindituta, hilabete gutxiko epean lanei ekin ahal izango zaie.

Tapiak honakoa aurreratu du “lizitazio prozesua urtea amaitu aurretik hasteko asmoa dago, apirila amaierarako obra adjudikatzea eta ekainean lanak hasteko aurreikuspena”

Proiektua, ETS eta Euskotren, une oro, SNCF Réseau azpiegituraren arduradunaren, eta SNCF Gares et Connexions geltokien arduradunaren, eskutik aritu diren lanaren ondorioa da. Helburua, horrelako eragiketa batean kontuan izan beharreko alderdi guztiak koordinatzea eta adostea izan da.

Topoa, Hendaian presentzia erakusten duen historia luzea

1913tik Topoari esker lotura ezarri ahal izan da Donostia eta Hendaia artean. Ehun urte baino gehiago horietan, bilakaera ikusi da, bai erabiltzaile kopuruan, eta baita Hendaiako geltokiaren barruan izan duen egituraketan ere.

1980ra arte, Topoa geltoki nagusiaren eraikineraino heltzen zen. Geltokiaren barruan itxaroteko eta billeteak saltzeko gela bat zituen. Urte horretatik aurrera geltoki nagusia erabiltzeari utzi zitzaion eta, haren ordez, soilik Euskotrenena zen egungo geltoki txikia eraiki zen. Gainera, Topoaren trenbide sorta pixkanaka murriztuz joan zen. Garai batean gaur egun baino errazagoa zen intermodalitatea bermatzea UIC zabalerako trenekin. Hori dela eta, beste garai batzuetako egoera berreskuratzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza.

700.000 erabiltzaile urtean

Urtean 700.000 erabiltzaile inguru dituen Euskotrenen geltoki txikia, Hendaian trenbideko eta errepideko operadoreek eskaintzen dituzten guztien artean gehien erabiltzen den garraioa da. 2017ko urte honetan gainditu ditu dagoeneko 500.000 erabiltzaileak, eta horiei udan dagoen erabiltzaile kopuru handiagoa gehitu behar zaie, abuztuan 130.000 erabiltzaile baino gehiago izan baititu. Adibide gisa, udako une batzuetan, trenak, beren eserleku kopurua baino %60 bidaiari gehiagorekin abiatu dira Hendaiatik. Geltokiak duen eskariak hobetzera behartzen gaitu.

Hendaiako egungo geltokiak ez ditu betetzen erabiltzeen eskariak. Ez soilik jasan behar dituzten deserosotasunak direla eta, baita segurtasun eta irisgarritasun arrazoiak direla eta ere. Izan ere, ataria oso txikia da, eta nasaren zabalera urriak ezin du jasan bidaiarien joan-etorria.

Bitartean, SNCFren terminalaren eta Euskotrenen geltokiaren arteko intermodalitatea errazteko xedez, duela denbora gutxi zenbait ekintza gauzatu dira, euskal trenbide operadorearen instalazioetara joateko moduari buruzko informazioa ematen duten panelez osatutako seinale estatikoak jarri dira, edo billeteak saltzeko makina bat instalatu da SNCFren geltokian. Halaber, lurrean pausoak erakusten dituzten “oinatz” urdinak itsatsi dira, erabiltzaileak SNCFren geltokitik ETS-Euskotrenen geltokira bideratzeko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko urriak 23

    Publicado en Diario Marítimas: El Gobierno Vasco remodelará la estación de Euskotren en Hendaia. 5,8 millones de euros de presupuesto en 14 meses
    http://www.men-car.com/out/01.pdf

  • @cris230653
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El Gobierno Vasco remodelará la estación de @euskotrenEJGV en #Hendaia ➡ https://t.co/yk6BBA8tHJ https://t.co/uOMAeIG2QD

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea, Mathieu Bergé Nouvelle Aquitaine Lurraldeko presidentea