Eu

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak FOROKOOP XI. Jardunaldiei eman die hasiera

2017.eko urriak 18

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak FOROKOOP XI. Jardunaldiei eman die hasiera gaur. Jardunaldiak Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (KONFEKOOP) antolatu dituzte. Bilbon egindako “Euskal Alderdi Politikoak eta Kooperatibak” ekitaldian, sailburuak etorkizuneko Euskadiko Kooperatiben Legearen baitan lortu den adostasuna nabarmendu du; legea kontsulta publikoaren fasean dago orain. “Bereziki azpimarratu nahiko nuke –adierazi du San José sailburuak− adostasunerako joera presente egon dela hasiera-hasieratik, eta ziur nago kooperatibismoaren sustapena, babesa eta horren aldeko apustua ere adostasunerako gaiak izango direla Euskadiko indar politiko guztien artean. Kooperatibetako ordezkariekin ziur lortuko dugun adostasun hori esparru politikora hedatzeko gai izango garela espero dut”.

María Jesús San José sailburuak gogorarazi duenez, Euskadiko Kooperatiben Legea Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko da 2018ko bigarren lauhilekoan, eta etorkizuneko kooperatibismoa ahalbidetzeko araudi modernoa txertatuko du.

Lan eta Justiziako sailburuaren arabera, lege-proiektuaren osaera euskal kooperatibismoaren sektorearekin besoz beso hilabete askoren ondoren egindakoaren emaitza izango da. “Metodologia parte-hartzailea eta kolaboratiboa erabili dugu, eta barne hartzen dituen eragileak inplikatu dira. Sektorearekin adosteko gauzatxo batzuk gelditzen dira oraindik, baina ziur nago aste gutxi barru adostuko ditugula".

Adostutako ildoen artean dago kooperatibei malgutasunaren eta nortasun kooperatiboaren arteko beharrezko oreka eskaintzea: alde batetik, sozietate kooperatibo baten nortasuna definitzeko berezko ezaugarriak mantentzen dira eta, bestetik, gainerako enpresen antzeko tresnak eskaintzen zaizkie, baldintza berdinetan lehia dezaten.

Arautzeari dagokionez, nabarmentzekoa da etorkizuneko legeak gobernu kooperatiboa indartzen duela, alorrean sozietate-zuzenbidearen berritasunarekin bat etorrita, eta bazkideek errenboltsoak ukatzeko kasuan dituzten ardurei eta enpresa-krisi kasuei buruzko alderdiak argitzen dituela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak