Eu

Kontroleko osoko bilkura (2017/10/20)

2017.eko urriak 20

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Pello Urizar Karetxe EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Estatu espainoleko nazioen aldarrikapen demokratikoei Madrilgo Gobernuak emandako erantzunari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakaria berriro azaldu da distentsioaren eta negoziazioaren alde, Katalunian gertatzen ari denari irtenbidea bilatzeko. Bere iritziz, oraindik ere denbora dago atzera-bueltarik ez duten erabakiak hartu aurretik, betiere adostasunetara iristeko borondatea badago. Adierazi du Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatzeak haustura ekarriko duela erakundeen eta gizartearen arteko harremanetan.

Hortaz, lehendakariak nabarmendu du erreferendum adostu batek behin betiko irtenbidea ekar diezaiokeela gatazka honi. Urkulluk euskal bidea babestu du; bide horrek Euskadin estatus politiko berri adostua ahalbidetu beharko du, eta, horretarako, Eusko Legebiltzarrean adostasuna lortzeko deia egin du.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kataluniako gatazka politikoarentzako konponbide hizketatuei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Kataluniari dagokionez, aditzera eman du mahai gainean ez dagoela independentzia-aldarrikapenik, elkarrizketarako deia baizik. Hori dela eta, ez da inola ere 155. artikulua aplikatu behar, “irtenbiderik okerrena” izango litzateke. Hartara, Urkulluk elkarrizketaren aldeko deia egin du, “errealismoz, baina aurretiazko baldintzarik gabe, umiliaziorik gabe, akordioetara iristeko borondatearekin eta hartzen diren erabakien ondorioen jakitun izanik”.

Printzipio horiek beraiek aplikatzekoak dira, halaber, Euskadin etorkizuneko erronka politikoei erantzuteko. Autogobernu Ponentzia, beraz, aurrera egin ahal izateko "elkargune" bat da. EEta  erantsi du ponentzia horretan euskal alderdi politiko guztiek parte hartuko dutela.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zerga-moldaketei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du politika fiskalean “erantzukizunaren, ziurtasunaren eta konfiantzaren” printzipioei eutsi behar zaiela, helburu bikoitzarekin: susperraldia eta enplegua finkatzea, eta zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzea. Helburu horietara, hain zuzen ere, zuzentzen dira mahai gainean dauden proposamenak. Lehendakariak azaldu duenez, indarrean dagoen araudia hobetzera zuzentzen dira eta negoziazio politikoaren esparruan daude.

Horregatik, Urkulluk konfiantza-mezua eman nahi izan du, eta adostasuna eskatu du “ziurtasuna bermatzen jarraitzeko”.

Interpelazioa, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, indarkeria matxistari eta ohiz kanpoko neurriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak, nabarmendu du genero-indarkeriak erantzun integrala eta koordinatua eskatzen duela, denboran jarraipena izango duena eta indarkeriaren jatorrian bertan jardungo duena. Adierazi duenez, nazioarteko organismoek haien ekintza-planetan finkatutako bideari eta estrategiari jarraitzen ari zaio Eusko Jaurlaritza. Hartara, eta Istanbuleko Hitzarmenak jasotzen duen moduan, Eusko Jaurlaritzak garrantzi handia ematen dio sentsibilizazioari eta prebentzioari, eta bide horretan berariaz lan egiten ari da Nahiko, Beldur Barik eta Gizonduz programen bitartez. Zehazki, sentsibilizazioak ahalbidetu du azken hamarkadan gero eta kasu gehiago azaleratzea.

Lehendakariak gizarte osoaren erantzukizuna eskatu du, genero-indarkeriaren arazoarekin amaitzeko. Horrez gain, egindako bideak "animatzen gaitu abian jarritako neurriak berrindartzera eta beste ekimen batzuk planteatzera”, erantsi du. Ildo horretan, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak emakumeen kontrako indarkeriaren izurria ezabatzeko beste arauzko proposamen bat sartu duela Legegintzako Egutegian. Eusko Legebiltzarreko taldeen eta inplikatuta dauden elkarte guztien parte-hartzea lortu nahi da, ahalik eta adostasunik handiena erdiesteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak