Eu

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea Durangoko Azokaren aurtengo kartelaren aurkezpenean izan da

2017.eko urriak 17

Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, Durangoko Kurutzesantu Museoan egindako prentsaurrekoan. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea aurkezpenean izan da gaur, beste ordezkariekin batera. "Sormenaren lurraldea DA!" izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da, bere pelikula esperimental bateko filmina batean oinarrituz.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia: Sormenaren lurraldea DA! "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".

Aipatu duenez, bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela". Izan ere, sormenaren lurraldeak, duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du.

"Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...". Mujikak gogoratu duenez, 52 egun falta dira 52. ediziorako. Gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak