Berriak Osasuna
Eu

Darpón sailburuak gripearen aurkako 2017ko txertaketa-kanpaina aurkeztu du

2017.eko urriak 19

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, gripearen aurkako 2017ko txertaketa-kanpaina aurkeztu du, Vitoria-Gasteizen; urriaren 23an, astelehenean, hasiko da, eta abenduaren 23ra arte luzatuko da.Kanpainak bi hilabete iraungo du; kanpainak iraun bitartean, osasun-zentroek, anbulatorioek eta ospitaleek txertoa normaltasun osoz emango dute, beste urte batzuetan bezala. Prentsaurrekoan, Osasun sailburuarekin batera Andoni Arcelay doktorea, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria, eta Miren Dorronsoro doktorea, adikzio eta osasun publikoko zuzendaria, izan dira.

Sailburuak argi utzi du aurten txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, gainerako herritarren osasun kolektiboa babestea ere badela, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez.Gainera esan du “garrantzitsua dela, gizarte heldua eta garatua garen aldetik, kontzientziatuta egotea, gaur egun, txertoa hartzea gripeari aurre egiteko dugun prebentzio-neurri komunitario nagusia dela”.       

Astelehenetik, hilak 23tik, aurrera, txertoa osasun-zentro guztietan egongo da eskuragarri,  65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat -besteak beste, diabetesa, BGBK, kardiopatiak, giltzurruneko gaixotasuna etab.- eta haurdun dauden emakumeentzat, hala nahi badute.

“Txertoa hartzea pertsonen, erakunde arduradunen eta osasun-langileen erantzukizun-ekintza da”, esan du Jon Darpónek. Izan ere, iaz, 65 urte gorako pertsonen artean, 10etik 4k ez zuen txerto hartu.  Hori dela eta, aurtengo kanpaina eta mezua adinekoei zuzentzen zaie: “Gripearen aurrean, ez indartsu plantarik egin.Hartu txertoa”.

Gripea, urtero errepikatzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar dakizkieke ahulenak direnei. Hori dela eta, Jon Darpón sailburuak gogora ekarri du txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten dituela, eta jakinarazi du pasa den denboraldian ospitaleratu behar izan zituzten gripe-kasu larrien 229 kasu erregistratu zirela. Horietatik azaldu du “59 ZIUn geratu behar izan zirela eta, horietatik, % 90ek arrisku-faktoreak zituela edo 64 urte baino gehiago zituela”. Azkenik, 31 pertsona hil ziren eta hildako pertsonen % 47k ez zeukan txertoa jarrita, nahiz eta gripearen aurkako txertaketa-kanpainan jaso diren arrisku-taldeetan egon.

Osasun sailburuak argi utzi nahi izan du gripearen txertoa segurua eta eraginkorra dela, eta ia ez dagoela kontrako eraginen susmorik. Halaber esan du konposizioa, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) iparraldeko hemisferiorako aurreikusitako anduietara egokitzen dela.

Kanpaina honetarako iragarri du 400.000 txerto daudela eta kopurua handitu daitekeela, beharrezkoa izanez gero; 1.200.000 euro inbertitu dira txerto horiek erosteko.

Bere adierazpenean, Jon Darpón sailburuak lasaitasun-mezua helarazi die euskal gizarte osoari eta mediku eta erizainei, aurtengo txertaketa-kanpaina nola garatuko denaren inguruan, 954/2015 Errege Dekretua betetzeari dagokionez. “Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina beste urteetan egin den moduan egitea da gure asmoa. Pazienteak osasun-zentrora bertaratuko dira txertoa jartzera. Jaurlaritzak segurtasun juridikoa bermatuko die erizain zein medikuei, beren eginkizun eta betebeharrak egin bitartean, eta lege-esparrua errespetatuko du".

Ildo horretatik, Jon Darpón sailburuak azaldu duenez, Osasun Sailburuaren Agindu bat onartu da, osasun-agintaritza eta osasun publikoaren arduradun gorena den aldetik, preskipzio mekanismo bezala eta Lurraldearteko Kontseiluaren osasun publikoari buruzko Batzordeak irailaren 28an onartutako aholkuen arabera, Osakidetzako langileei beren lanarekin jarraitzeko aukera emango die, hau da, euskal gizartearen osasuna zaintzen jarraitzeko aukera. Hala, adierazi duenez, “osasun-agintaritzaren erabaki horrek bermea eta estaldura juridiko eta sanitarioa emango die erizainei, haien ardura baita txertoen dosiak jartzea".

Hortaz, Agindu horren bitartez, osasun publikoaren alorrean osasun-agintaritzak hartutako erabaki baten arabera egingo da txertaketa, gripearen birusaren ondoriozko infekzioak direla eta pertsonek konplikazio larriak garatu edo hiltzeko arrisku epidemiologikoaren aurrean.

Osasuneko sailburuak, gainera, osasun alorreko langileen profesionaltasuna, erantzukizuna eta konpromisoa eskertu nahi izan ditu, pazienteen beharrizanak beren interesen aurretik ipini baitituzte eta pertsonen osasunaren ongizatearen alde lan egin baitute beti.

(*) Informazio gehiago prentsa ohar honetan

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jeslarra
    2017.eko urriak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [OSAKIDETZA - GRIPE] El consejero @jdarpon presenta la campaña de vacunación antigripal 2017 ➡ https://t.co/zLQhOWBkP8 https://

  • @BelnSangroniz
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [OSAKIDETZA - GRIPE] El consejero @jdarpon presenta la campaña de vacunación antigripal 2017 ➡ https://t.co/GRUOsJWP7B https:/…

  • @ibetolaza
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [OSAKIDETZA - GRIPE] El consejero @jdarpon presenta la campaña de vacunación antigripal 2017 ➡ https://t.co/GRUOsJWP7B https:/…

  • @jeslarra
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [OSAKIDETZA - GRIPE] El consejero @jdarpon presenta la campaña de vacunación antigripal 2017 ➡ https://t.co/GRUOsJWP7B https:/…

  • @jeslarra
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [OSAKIDETZA - GRIPEA] @jdarpon sailburuak gripearen aurkako 2017ko txertaketa-kanpaina aurkeztu du ➡ https://t.co/fUczdMPGh7 ht…

Ekitaldiko kargudunak