Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Eusko Jaurlaritzaren hurrengo ekimenen artean dago desgaitasuna duten pertsonentzako politika aktiboak arautuko dituen dekretua”

2017.eko urriak 18
  • Euskadiko Enplegu Zentro Berezien erregistroaz, inskripzioaz eta kalifikazioaz gain
  • Minusbaliotasuna duten pertsonen gizarteratzea eta lan-munduratzea sustatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen ELHABE euskal elkartearen 30. urteurrena 

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean esan duenez, “Eusko Jaurlaritzak minusbaliotasuna duten pertsonen enplegua sustatzearen arloan egingo dituen hurrengo ekimenen artean dago minusbaliotasuna duten pertsonen enplegurako programa eta politika aktiboak arautuko dituen eta Euskadiko Enplegu Zentro Berezien erregistroa, inskripzioa eta kalifikazioa arautuko dituen dekretua”.

Bilbaoko Itsas Museoan egin da minusbaliotasuna duten pertsonen gizarteratzea eta lan-munduratzea sustatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen ELHABE euskal elkartearen 30. urteurrenaren ekitaldia, eta bertan Iñigo Urkulluk aditzera eman du “Euskadin minusbaliotasuna duten 82.400 pertsona dagoela lanerako adinean, eta horietatik 66.000k minusbaliotasun bat dutela eta 16.400ek ezintasun iraunkor homologarria dutela. Estatu osoan lanean ari diren minusbaliotasuna duten pertsonen % 12k (8.629) lan egiten dute Euskal Enplegu Zentro Berezietan”.

Topaketan parte hartu dute, lehendakariaz gain, Txema Franco EHLABEko presidenteak, Iñaki Alkorta EHLABEko presidente-ohiak, Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Juan Mª Aburto Bilbaoko alkateak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak. Urteurrena dela eta, bertaratu diren pertsonek iruzkinak eta babes-sinadurak idatzi dituzte Museoaren atondoan kokatutako horma-irudi handi batean.

 “Hobekuntzak ezartzen ari gara gaur egungo Enplegu Programan, minusbaliotasuna eta enplegua aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntzeko. EHLABEtik egiten duzuen lana garrantzi handikoa da, baita lankidetza publiko-pribatua ere” esan du lehendakariak.

Urkulluk aipatu duen dekretu berriak enpresa arruntei zuzendutako laguntza-programa bat arautu eta finkatuko du. Programa horren bidez, minusbaliotasuna duten eta enplegagarritasun-arazo bereziak dituzten pertsonen kontrataziorako pizgarriak emango dira. Hartara enpresentzako laguntzen estaldura handituko da, baita aldi baterako kontratu batzuetan ere.

 “Finkatzen ari gara enplegu zentro berezietara zuzentzen diren programak; neurri berriak ezartzen ari gara eta gizarte-ekimeneko sektoreari lehentasuna ematen dioten beste batzuk berreskuratzen ari gara, minusbaliotasuna eta laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko” adierazi du Iñigo Urkulluk.

Eredu berria

Lehendakariak aditzera eman du “kolektibo horren lanpostuak mantentzera zuzendutako laguntza-programak, enplegua sortzeko inbertsioak, enplegu-zentro berezien inskripzio-erregistroak eta laguntza bidezko enplegu unitateak direla”.

Urkulluk zehaztu duenez, “EHLABE bat dator enplegu zentro berezien euskal erregistroa garatzearekin, horien kalifikazioa eta inskripzioa arautzeko beharrezko tresna gisa. Hori minusbaliotasuna duten pertsonen enplegurako programa eta politika aktiboak arautuko dituen dekretuaren esparruan egingo litzateke. Izatez, dekretu horrek definituko du kolektibo hori gizarteratzeko eta lan-munduratzeko programak bilduko dituen eredua”.

Euskadin, gizarte-ekimenak sustatu du enplegu-zentro berezietan sortutako enplegu osoaren % 95. EHLABE osatzen duten 13 erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zentro berezietako enplegu osoaren (8.629 enplegu) % 87ri ematen diote enplegu (7.472 enplegu); hartara, horien ordezkagarritasuna % 90 ingurukoa da dagoen sektore-metaketari erreparatuta.

 “Enplegu-politika aktiboen transferentzia lortzen azken Erkidegoa izanagatik ere, erdietsi da Euskadin minusbaliotasuna duten pertsonen enpleguaren posizionamendu on hori. IV. Euskal Gizarteratze Plana 2017-2021 diseinatzen ari gara, eta bertan, zuek, EHLABEtik, ekimenak ere ekartzen dituzue” nabarmendu du Lehendakariak.

IV. Plana izango da gizarte-bazterkeriaren tratamendurako erronkak eta lehentasunak ezarriko dituen plangintza-tresna nagusia, eta gizarteratzeko prozesuak errazteko aurre egin beharreko jardunak jorratuko ditu. “Ez du inork atzean geratu behar: hori da gure helburua pertsonekin konprometitzen den gizarte moderno eta solidario baten eraikuntzan. Euskadi gizarte-kolektibo kaltetuenen laguntzarekin eta lan-munduratzearekin guztiz konprometituta dagoen Europako herri bat da” esan du, amaitzeko, Urkullu lehendakariak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BICezkerraldea
    2017.eko urriak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: ❸⓪🎂 Esta mañana se ha celebrado el 30 aniversario de @ehlabe
    🔗 https://t.co/wKMolOtLnx 🔗 #InclusiónSocial #Discapacid…

  • @txemafranco
    2017.eko urriak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: ❸⓪🎂 Esta mañana se ha celebrado el 30 aniversario de @ehlabe
    🔗 https://t.co/wKMolOtLnx 🔗 #InclusiónSocial #Discapacid…

Ekitaldiko kargudunak