Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak 200.000 euroko laguntza onartu du, Bulgariako harrera esparruetako adingabe errefuxiatuen beharrak asetzeko (Gobernu Bilera 2017-10-17)

2017.eko urriak 17

Unicefi laguntza zuzen bat ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Bere xedea da Bulgariako harrera esparruetan babesa hartu edo nazioarteko babesa eskatu duten adingabe migratzaileen behar larriei erantzutea, ondoan seniderik ez duten horienak bereziki. Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez emango da diru-laguntza eta bere zenbatekoa 200.000 eurokoa da. 

Siriako gatazka orain dela 6 urte hasi zenetik, Bulgariara (EBko kanpo muga) iritsi diren errefuxiatuen kopuruak nabarmen egin du gora. Herrialde hori jomugatzat hartzen ez badute ere, indarkeriatik ihesi eta babes bila datozen pertsona askok hilabeteak ematen dituzte bertan, nazioarteko babesa lortzeko beren eskarien ebazpenaren zain edo beren bidaia arriskutsua Europan zehar jarraitzeko aukerarik ez dutelako. 

Testuinguru horretan, adingabeek talde handia osatzen dute errefuxiatuen eta migratzaileen artean. 2016. urtean eskaria egin zutenen artetik, heren bat baino gehiago adingabeak ziren eta horien erdiak ez zuen seniderik ondoan; horrenbestez, egoera oso zaurgarrian aurkitzen ziren indarkeria eta gehiegikerien aurrean. 2016. urtean, 6.444 adingabeen artetik, 2.768k ez zuen seniderik ondoan eta bostetik batek 14 urte baino gutxiago zituen. 

Bulgariak asilo-prozedura eta harrera-baldintzak hobetu baditu ere, Estatuak ez die beharrezko zerbitzuak bermatzen emakume eta adingabeei. Adingabeek, gainera, peril larriak pairatzeko arriskuan daude, uneoro, bidaian zehar eta indarkeria fisiko eta sexualaren, esplotazioaren, trafikoaren eta gehiegikerien biktima dira askotan, Europara iritsi aurretik, bai eta ostean ere. Eta arrisku hori are handiagoa da ere ondoan seniderik ez duten adingabeen kasuan. 

Egoera horren aurrean eta Unicef-Bulgariak egin duen larrialdi-deialdiari erantzunez, aipatu nazioarteko erakundeari 200.000 euroko laguntza zuzena ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horren xedea da laguntza-zerbitzuak eskaintzea 4 harrera-esparrutan dauden familia eta adingabeei (ondoan seniderik ez dutenei bereziki), bai eta beren eskubideei inguruko aholkularitza eta laguntza juridikoa ere. 

Euskal laguntzak adingabeen eskubideak babesteko xedearekin lan egiten dutenen gaitasuna sendotzea ahalbidetuko du ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Bank_Practices
    2017.eko urriak 17

    Comentario de Twitter:
    200.000 euroko laguntza onartu da, Bulgariako harrera esparruetako adingabe errefuxiatuen beharrak asetzeko https://t.co/0EIvzyuNtN  … …

Komunikabideek behera kargatzeko