Berriak Osasuna
Eu

Biodonostiako ikerketa batek nerbio-ehuna hainbat ehun heldutatik, esaterako larruazaletik, abiatuta sortzen duten zelulen jatorria identifikatu du

2017.eko urriak 13

Aurkikuntza horiei esker, zelula amen erabilera areagotuko da medikuntza birsortzailean, eta neuroendekapenezko gaixotasunen kasuan erabil daitezke.

Zelula amekin egindako terapia gaixotasun asko tratatzeko erabil daiteke, baita hertu gabeko beharrizan medikoak dituzten pazienteen baldintzak hobetzeko ere.

 

2017ko urriaren 13an

Stem Cell Reports aldizkariak –Zelula Amak Ikertzeko Nazioarteko Elkartearen (ISSCRen) baitakoa da eta Cell Press-ek editatzen du− Osakidetzaren Biodonostia OIIren Ehun Ingeniaritza taldeko ikerlariek egindako ikerlana argitaratu zuen atzo online edizioan. Talde horren buru izan dira Ander Izeta eta Araika Gutiérrez Rivera. Ikerlanak identifikatu du nerbio-ehuna hainbat ehun heldutatik, esaterako larruazaletik, abiatuta sortzen duten zelulen jatorria. Aurkikuntza horiei esker, zelula amen erabilera areagotuko da medikuntza birsortzailean, eta neuroendekapenezko gaixotasunen kasuan erabil daitezke.

Zelula amekin egindako terapia gaixotasun asko tratatzeko erabil daiteke, baita hertu gabeko beharrizan medikoak dituzten pazienteen baldintzak hobetzeko ere. Hala ere, zelula amen propietate terapeutikoen onuraz baliatzeko, beharrezkoa da zelula-isolamendu eta –hedatze segurua eta eraginkorra ahalbidetzeko protokoloak sortzea. Zelulen izaera konplexua da eta zelula-terapietan oinarritutako aplikazioek arrakasta izateko, hein handi batean, zelula-terapiarako medikamentuaren ezaugarritze egokia behar da. Hori dela eta, zelula amen biologiaren ezagutzan aurrera egitea funtsezko baldintza da terapia kliniko berriak garatzeko.

Larruazala oso ehun birsortzailea da eta bertan daude zelula amen hainbat populazio. Azken urteotan, zelula ama dermikoen iturri bat identifikatu da, larruazala eta ile-folikulua birsortzeko ahalmena duena. Gainera, nerbio-sistemaren zelulak (neuronak eta glia), gihar-zelula leunak eta ehun adiposoa sortzen ditu. Zelula ama horiek (SKP deitzen dira –larruazaletik eratorritakoak− literatura zientifikoan) zelulak ordezkatzeko trasplante autologoetan oinarritutako estrategia terapeutikoetan erabil daitezke, hau da, pazienteari berari zelula amak atera eta ondoren pertsona berari itzulita. Horrez gain, hainbat ikerlanetarako ere erabil daitezke, esaterako, zelula amek tumoreak garatzeko duten eragina aztertzeko.

SKPak zelula-populazio multipotentea dira helduengan eta ez dituzte zelula ama enbrionarioek dituzten arazo etikoak. Horrez gain, hainbat abantaila dituzte, esaterako, larruazalaren biopsia autologo txiki baten bidez erraz lor daitezke eta, hala, errefus immunearen arazoa ekidin.

Azken urteotan, SKPak Schwann mielinizanteen zelulak sortzeko erabili dira batez ere. Zelula mota horrek nerbio periferikoak estaltzen ditu eta nerbio horiek neuronen birsorkuntza axonala sustatzeko ahalmena dute, nerbio-sistema nagusiaren bizkarrezur-muineko lesioen kasuan. Nerbioen bilkin mielinikoak leheneratzeko ere erabili dira, lesio mekanikoengatik edo esklerosi anizkoitzaren ondorioz kaltetu diren bilkinen kasuan.

Hala ere, eta ikerlan asko egin diren arren, SKPen identitateak, baita jatorri enbrionarioak ere, eztabaida ugari sortu ditu eta ez dira oraindik argitu. Biodonostia OIIko Ehun Ingeniaritza taldea garatutako lanak –Haizea Iribar da lehenengo egilea− aditzera ematen duenez, SKPak populazio heterogeneoa dira, eta proportzio txiki batek baino ez du nerbio-ehuna sortzeko ahalmena. Ahalmen neurogenikoa duten zelula horiek, azken batean, Schwann zelula desdiferentziatuak dira, hau da, zelula amen ezaugarriak bereganatu dituzte ehun-lesio edo kalteari erantzunez eta, beraz, ez dute nerbio-ehunaren zelula berriak sortzeko gaitasuna.

Emaitza horiek eragin handia dute zelula amen alorrean eta aditzera ematen dute beharrezkoa dela zelula-populazio horien biologia ezagutzen jarraitzea, praktika klinikoan arrakastaz aplikatu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko