Eu

Borja Belandia: “Lanbidek profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko finantzatutako prestakuntzaren erdia baino gehiago derrigorrezko irakaskuntza bakarrik gainditu dutenei bideratuta dago”

2017.eko urriak 16
  • Lanbiden erregistratuta dauden enplegu-eskatzaileen % 54k DBHren maila bereko edo beheragoko ikasketa-prestakuntza maila du
  • Euskal biztanleriaren % 48,6k goi-mailako graduko LHko ziklo bat edo unibertsitate-ikasketa bat amaitu du
  • 2016an, Lanbideren zentro laguntzaileek 724 prestakuntza-ekintza eman zituzten, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, batik bat langabeei zuzenduta.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 16a

 

Lanbidek 2017ko lehen seihilekoko datuekin prestatu duen Enpleguko Kualifikazioari buruzko lehen txostenak erakusten du enplegu-eskatzaile gisa erregistratutako pertsonen % 54k Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren (DBH) maila bereko edo beheragoko ikasketa-maila duela eta, horrek, zaildu egiten du, nabarmen, lan-merkatura jo ahal izatea. “Errealitate hori nabarmenagoa da adinak aurrera egin ahala: 88.109 pertsonak 45 urte baino gehiago zituzten (% 26,01), eta 16.146 pertsonak ez zuten oraindik 25 urte bete (% 4,77)” azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak.

 

2016ko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, derrigorrezko ikasketak amaitu ez dituzten pertsonen langabezia-tasa goi-mailako ikasketak dituztenena baino 2,5 aldiz handiagoa da. Hori dela eta, Lanbidek 2016an Europako Gizarte Funtsaren ekarpenen bidez finantzatu zituen enplegurako gaikuntza-ikastaroen erdia baino gehiago pertsona horien lanbide-gaitasunen maila handitzean eta, ondorioz, lan-munduan txertatzeko gaitasuna sustatzean zentratu zen.

 

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak esan bezala, “pertsona guztiok balio dugu zerbaitetarako; gure helburua da aurkitzea zertan izan daitezkeen eta senti daitezkeen baliagarriago”. 2016an, Lanbideren zentro laguntzaileek 724 prestakuntza-ekintza eman zituzten, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, batik bat langabeei zuzenduta.

 

Dokumentu ofizial honek egiaztatu egiten du lan-jarduera zehatz bat egiteko gaikuntza edo kualifikazioa, eta, gaur egun, funtsezko tresna bilakatu dira, langileen laneratzeari bide emateko.

 

Unibertsitate-hezkuntza eta goi-mailako LH

Eurostaten datuen arabera, Euskadin 25 eta 64 urte bitarteko pertsonen % 48,6k hirugarren mailako hezkuntza du; alegia, goi-mailako LH bat edo unibertsitate-ikasketa bat amaitu du. Ikasketa-maila hori Espainiakoaren eta EB28aren oso gainetik dago (% 35,7 eta % 30,7, hurrenez hurren).

 

“Lanbideren erregistroetan, biztanleria-sektore hori ikasketa-mailaren araberako enplegu-eskariaren bigarren lekuan dago. 2017ko ekainaren amaieran, unibertsitate-titulua (eskatzaile guztien % 16,32) edo goi-mailako LH (% 11,17) zuten 93.091 pertsona Lanbideren bulegoetan zeuden izena emanda. Horien artean, emakumeen presentzia nagusia da (58.036 eta 35.055), bai eta 25 eta 34 urte bitartean dituzten pertsonena ere” dio Belandiak.

 

Lanbideren azken lan estatistikoak, era berean, nabarmendu egiten du erdi-mailako zikloko Lanbide Heziketako titulazioa duten enplegu-eskatzaileen maila altua.Enplegu Zerbitzuaren erregistroetan, ikasketa-maila hori duten pertsonak hirugarren postuan daude eskatzaile-kopuruari dagokionez, guztizkoaren % 9,25 dira (31.327 pertsona). Eremu horretan, emakumezkoen presentzia handiena da hainbat espezialitatetan, besteak beste, administrazioa eta finantzak, haur-hezkuntza eta Zuzendaritzarako laguntza.

 

Enplegu-eskatzaileen azken bloke horretan, batxilergoko ikasketak bakarrik gainditu dituzten pertsonak daude. Ikasketa-maila horrekin, ekainean, 30.762 pertsona zeuden erregistratuta Lanbiden, gehienak 45 urtetik gorakoak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak