Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur hasi ditu formazio ikastaroak Ertzaintzaren 26. Promozioa prestatzeko eta bost udaletxetako udaltzain zerbitzuetan sartzeko

2017.eko urriak 16

Guztira 298 ertzainek eta 41 udaltzaingok jarraituko dituzte Arkauten sarrera-ikastaroak beren hautaprobak gainditu ondoren

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur zabaldu dizkie ateak behin hautaprobak gainditu ondoren euren polizia kidegoetan sartzeko derrigorrezko prestakuntza ikastaroak egingo dituzten Ertzaintzaren 26. Promozioko 298 agenteei eta Euskadiko bost udaletako 41udaltzaingairi (29 Gasteizkoak, 5 Tolosakoak, 4 Azkoitikoak, 2 Elorriokoak eta 1 Errenteriakoa). 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak egin die harrera Ertzaintzaren 26. Promozioko ikasle berriei eta Gasteizko, Tolosako, Azkoitiko, Elorrioko eta Errenteriako udaltzaingoetako izangaiei.

Euskadiko polizia erakundeon prestakuntza-ikastaroei hasiera emateko ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da, eta harekin batera izan dira Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia eta Araubide Juridikoaren eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxe. 

“26. Promozioko 298 izangai hauek (77 emakumezko eta 221 gizonezko) prestakuntza-ikastaroari ekinda, Segurtasun Sailak jarraitu egiten du Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntzarekin, Estatuko Abokatutzak jarritako errekurtsoaren ondorioz prozesua geldiarazita egon ondoren ezin izan direlako hautaprobak deialdia egin eta urtebete igaro arte gauzatu”, adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, eta gogoratu du deialdia 2016ko apirilaren 1ean argitaratu zela eta ezin izan zirela azterketak 2017ko ekainera arte egin ez zegoelako segurtasun juridikorik.  

Egoera hori, gogoratu duenez, Ministroen Kontseiluak martxoaren 31ko 6/2017 Errege Dekretu-Legea onartuta zuzendu zen, arau horrek errespetatu egiten baitu Ertzaintzak, indarraldi mugagabean, 8.000 ertzain izatea  euskal gizarteak eskatzen dituen segurtasun-zerbitzuak ziurtatzeko, Segurtasun Batzarrean adostu zen bezala. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak une horretan zabaldu zuen 26. Promozioko plaza kopurua 250etik 300era, hain zuzen ere, aurreikusitako bajen arabera planifikatuta zegoen eta errekurtsoen ondorioz hankaz gora jarri zen berrikuntza-erritmoa berreskuratzeko. 

Datozen bederatzi hilabeteotan egingo du 26. Promozioak prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta prestakuntzaz ehun pertsonatik gora arduratuko dira. Akademiako lankideak, Ertzaintzakoak, Herritarren Segurtasunerako Euskal Sistemako beste kolektibo batzuetako kideak eta beste erakunde batzuetako pertsona adituak.

Debora horretan lau arlotako ezagutzak ikasiko dituzte 26. Promozioko gizon-emakumeek: tekniko profesionalak, lengoaia, poliziaren esku-hartzea eta polizien trebetasunak. Gainerako ikastaldi guztietan bezala Akademiak bere dituen konpromezuak ere praktikan jarriko dira: euskararen sustapena, giza eskubideen promozioa eta ingurumenaren babes, eta beti Ertzaintzaren balioak erreferentzia-iturritzat hartuta.

Bere prestakuntza akademikoa gaur hasi duen Ertzaintzaren 26. Promozioa 298 pertsonak osatzen dute, horietatik 221 gizonezkoak dira eta 77 emakumezkoak, hau da, % 25,83; azpimarratu behar da, beraz, ehunekoak apur bat gora egin duela, 25. Promozioan % 23,2 izan baitziren.  

Lurraldeka, 46 Arabakoak dira, 191 Bizkaikoak, 47 Gipuzkoakoak, 3 Nafarroakoak eta 11 beste lurralde batzuetakoak. % 72,2k 20 eta 30 urte artean dituzte. Nabarmendu behar da 201ek dutela egiaztatuta B2 maila; 41ek C1 maila; eta 40k B1 maila.

“Oraingoan erronka berria dugu aurrean: prestakuntza dibertsifikatua eskaintzea etorkizuneko ertzain-gaiei eta Euskadiko bost udaletako udaltzain gaiei, polizia erakunde bakoitzaren eskumenen arabera. Hainbat hilabetetan egoitza eta instalazioak partekatuko dituzte eta horrek ,besteak beste, Euskal Poliziaren garapenean aurreratzen joateko aukera emango digu” adierazi du Arkauteko Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak. 

Lekuan lekuko udaltzain gaien sarrera-ikastaroa

Gasteizko, Tolosako, Azkoitiko, Elorrioko eta Errenteriako udaltzaingoetako plazetako bat lortu nahi duten 41 izangaien kasuan, 35 dira gizonezkoak eta 6 emakumezkoak.  

Udaltzain-plaza lortu nahi duten pertsonek polizia-kidego honetara egokitutako sarrera-ikastaroa egingo dute eta, guztira, 1.048 orduko iraupena izango du.

Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jadanik jakinarazi die Euskadiko 12 udalerritako 72 plaza betetzeko udaltzaingoen lehenengo deialdi bateratuan izena emanda dauden 2.180 pertsonei (1.678 gizonezko eta 502 emakumezko) hautaprobak azaroaren 2an, ostegunean, egingo direla, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak