Berriak Osasuna
Eu

Darpón: “Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak lagundu egin du Euskal Autonomia Erkidegoan eraginpeko emakumeen hilkortasuna murrizten eta haien bizi kalitatea hobetzen”

2017.eko urriak 16

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean parte hartu du bularreko minbiziak jotako emakumeen elkarteak (Katxalin) antolatutako prentsaurrekoan, datorren ostegunean, urriak 19, izango den bularreko minbiziaren Munduko Eguna dela eta

 

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean parte hartu du bularreko minbiziak jotako emakumeen elkarteak (Katxalin) Donostian antolatutako prentsaurrekoan, datorren ostegunean, urriak 19, izango den bularreko minbiziaren Munduko Eguna dela eta. Ekitaldi horretan, eraginpeko elkarte guztiak eta euren inguruko hurbilekoenak zoriondu ditu egiten duten lan garrantzitsu eta beharrezkoagatik.

Prentsaurrekoan, Osasuneko sailburuak nabarmendu du Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren (BMGDP) garrantzia. Izan ere, lagundu egin du, berdintasun-baldintzetan eta diziplina anitzeko arreta integralaren ereduari jarraituz, eraginpeko emakumeen hilkortasuna murrizten eta bizi-kalitatea hobetzen.

Osasuneko sailburuak azaldu duenez, bularreko minbiziarekiko biziraupena gero eta handiagoa da.Bularreko minbiziarekiko biziraupenaren bilakaerari buruzko Minbiziaren Erregistroko azken datuek erakusten dutenez, 2000-2012 aldian, bularreko minbizia duten emakume guztientzako biziraupena igotzen joan da. Hala, % 83,4tik (2000-2004 aldian) % 86ra pasatu da 2010-2012 aldian. Biziraupena hobetu egin da adin tarte guztietan, nabarmenki 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen artean (3,6 puntu). Zehazki, hori da Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren helburua.  

Era berean, adierazi du emakumeengan gaixotasunaren eragina gutxitu egin dela, tratamendu pertsonalizatuagoak jasotzen dituztelako, eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak. Hala, aukera diagnostiko-terapeutiko hoberena eskaintzen da eta asistentzia-baliabideen arteko koordinazioa errazten da. % 82,8k, jadanik, bularraren tratamendu kontserbatzailea jasotzen dute. 

Euskal Autonomia Erkidegoan Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, jardunean daramatzan 22 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren laguntza eta konpromisoarekin, barne hartzen joan da asistentzia-baliabide gehiago eta aurrerapen garrantzitsuak prozesuaren fase guztietan, bai bahetze-fasean, bai diagnostikoa eta tratamendua baieztatzeko fasean. Horrek guztiak hobekuntza eta kalitate handiagoa ekarri ditu berekin.

Sailburuaren hitzetan, hori guztia, EAEko emakumeek Programan duten partaidetza handiarekin lotuta (% 80,3), bidea ematen ari da gaur egun bularreko minbizia, gehienbat, estadio goiztiarrean diagnostikatzeko. Hortaz, eraginpeko emakumeen biziraupena luzeagoa eta bizi-kalitatea hobeagoa da. Hain zuzen, horiek dira Programaren helburuak.

Joera egokia izanik ere, bularreko minbizia da emakumeen tumore gaizto sarriena Euskal Autonomia Erkidegoan, baita emakumeen artean minbiziaren ondorioz heriotza gehien eragiten dituena. Horregatik, Jon Darpón sailburuak nabarmendu du Osasun Sailean erne egoten jarraituko dutela eta ahalegin guztiak egingo dituztela. Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren alde egiten jarraituko dugu, baita Osakidetzak abian dituen programa guztien alde, sarbidea berdintasun-baldintzetan bermatuta. Izan ere, ia 5,4 milioi euro zuzendu ziren bahetze-fasera iaz.

Ildo horretatik, sailburuak honako hau nabarmendu du: “prebentzioan eta diagnostikoan lanean jarraituko dugu, baita diziplina anitzeko arretaren ereduarekin ere, eta aurrera egiten jarraituko dugu bularreko minbiziaren bahetzea pertsonalizatzeko estrategien bidean, neurrizko arriskua duten emakumeei aplika dakizkiekeen estrategiei dagokienez ere. Gainera, ikerketa babesten jarraituko dugu, funtsezko oinarria baita bularreko minbiziari aurre egiteko. Izan ere, helburua da hobekuntzak lortzea prebentzioan, diagnostikoan eta diziplina anitzeko arretan, eraginkortasuna areagotzea eta albo-ondorioak murriztea ahalbidetuko duten tratamendu pertsonalizatuagoak lortzearren.

Gaur egun, EAEko osasungintza-sistema publikoak bularreko minbiziaren arloko 64 ikerketa-proiektutan parte hartzen du, eta ikerketarako 1,2 milioi euroko kanpoko finantzaketa dauka.

Proiektuak egiten dira, batik bat, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan (Donostialdeko ESI), Bilbo-Basurto ESIan eta Biocruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuan (Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI).

Ikerketa-ildoen oinarriak dira, funtsean, biomarkagailuak ezaugarritzea eta hautabide terapeutiko espezifikorik gabeko bularreko minbiziaren azpimotei zuzendutako terapia berriak garatzea.  

Bestalde, “big data” tresnak erabiltzen ari dira arrisku-faktoreak, pronostikoa, tratamenduaren eraginkortasuna eta biziraupena analizatzeko. Horiei esker, aurreikuspen-ereduak eskuragarri izango dira bularreko minbiziaren diagnostikorako eta pronostikorako erabaki klinikoaren euskarri gisa.

Gainera, osasungintza-sistemak parte hartzen duen saiakuntza klinikoetan, ebaluatu egiten dira agente terapeutiko eta farmako-konbinazio berriak hainbat estadiotan bularreko minbizia diagnostikatuta duten pazienteengan, baita haien bizi-kalitatea hobetzea helburu duten azterlanetan ere.

Horren guztiaren oinarria da, Osasuneko sailburuaren hitzetan, Osakidetzako profesionalen talde handia, zerbitzu hoberena eskaintzeaz arduratzen dena. Hain zuzen, talde horri eskertu egin dio bere eguneroko lana eta inplikazioa; zalantzarik gabe, programa hau arrakastaz gauzatzea eta bere helburua betetzea ahalbidetzen baitute.

  

BULARREKO MINBIZIA GOIZ DETEKTATZEKO PROGRAMA OSAKIDETZAN

 

Jardunean hasi zenetik, 1995eko azaroan, 2017ko ekainera arte, BMGDParen bitartez 2.325.854 hitzordu egin dira, 1.867.088 mamografia, 165.179 proba erradiologiko osagarri, 20.106 deribazio erreferentziazko ospitaletara (baieztapen diagnostikorako), eta 8.648 minbizi detektatu dira.2016an, programaren bitartez, 625 kasu berri detektatu ziren (iazkoaren antzeko zifra).

Programaren helburu den biztanleria EAEko 322.821 emakumek osatzen dute (46.453 Araban, 174.066 Bizkaian eta 102.302 Gipuzkoan). 50 eta 69 eta 40 eta 49 urte artekoak dira (azken horiek lehen mailako bularreko minbiziaren familia-aurrekariak dituzte).

BMGDPak, gaur egun, 1 kudeaketa-unitate, 11 bahetze-unitate, 7 balorazio-unitate eta erreferentziazko 7 ospitale ditu. Horien Bular Batzordeek, asteroko saio klinikoen bidez, jarraibide diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien jarraipena ezartzen dituzte. 

Programako mamografo guztiak digitalak dira. Horrek berekin dakar egiten diren azterlanen kalitatea nabarmen hobetzea. Mamografia digitalak ordezkatu egin du mamografia analogikoa, eta diagnostiko-teknikek —hala nola, mamotomiak eta orratz lodiko biopsiek— neurri handi batean ordezkatu dituzte biopsia kirurgikoak.

Erabiltzen den gongoil zelatariaren teknikak bidea ematen du jakiteko gaixotasuna besapeko gongoiletara hedatu den, eta, horrenbestez, besapeko ebakuntza kirurgikoa saihesteko kasu ugaritan, baita ondorengo zailtasunak saihesteko ere.

Azken berritasuna izan da test genetikoak sartzea. Horiek aukera ematen dute, hautatutako kasuetan, banaka identifikatzeko kimioterapia emateko edo ez emateko komenigarritasuna. Hala, kasu batzuetan kimioterapia aplikatzea saihesten da.

Jardueren arteko batez besteko erantzun-denborei dagokienez, bete egiten dituzte Programaren helburuak.  Zehazki, 6,7 egun iragan dira mamografiak egin zirenetik dagokion txosten-gutuna igorri arte; 9,9 egun proba erradiologiko osagarriak egiteko; 4,1 egun balorazio diagnostikotik erreferentziazko ospitaleko hitzordura arte, proba berrien bidez baieztapen diagnostikoa eskatzen zuten kasuetarako; eta 31,6 egun erreferentziazko ospitaleko bular-patologiako unitatean hitzordua eskatu denetik tratamendua hasi arte. Denbora horretan barne hartuta dago diagnostiko-prozesu osoa (orratz lodiaren bidezko biopsia, mamotomia, gongoil zelatariaren teknika, ebakuntza aurrekoa eta bestelakoak).

Bestalde, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak gogorarazi du atzo Donostian egindako lasterketa solidarioak izan zuen arrakasta, partaide “asko eta askorekin 5,5 km egiten”. Horren harira, azpimarratu du Katxalin elkarteak egiten duen sentsibilizazio “lan handia” gaixotasun hori “gizarteratzen, emozioak bideratzen laguntzeko terapietan, bularreko minbizia duela jakin berri duen emakumeari eta haren familiari babesa ematen”. Peñak adierazi duenez, Katxalinekoak, dagoeneko 700 bazkide dituztela, bi  helbururekin aritzen dira: "batetik bularreko minbizia duen emakumearen bizi kalitatea hobetzea; eta, bestetik, gaixotasunaren ikuspegi baikorrago bat  ematea". Baita ere nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak “urte asko” daramatzala Katxalin elkartearekin “elkarlanean”, beraien lana babestuz, eta “hala jarraituko dugu egiten”. “Eta gainera, gogoratu dezagun minbizia ez da esprint bat, iraupen-lasterketa bat baizik”.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @teledonostia
    2017.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    Darpón:“El Programa de Detección Precoz de Cáncer de Mama de Osakidetza ha contribuido a disminuir la mortalidad... https://t.co/D2f5xYHGVy

  • @jdarpon
    2017.eko urriak 16

    Comentario de Twitter:
    Darpón: “Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak lagundu egin du Euskal Autonomia Erkidegoan eraginpeko e... https://t.co/7sWoo6NIeu

  • @jdarpon
    2017.eko urriak 16

    Comentario de Twitter:
    Darpón: “El Programa de Detección Precoz de Cáncer de Mama de Osakidetza ha contribuido a disminuir la mortalida... https://t.co/m81A8dlStG

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gipuzkoako Gizarte Politikako departamentuko diputatua, Maite Peña; Katxalin Elkarteko lehendakari, Txaro Beobide eta Arrate Plazaola doktorea