Berriak Hezkuntza
Eu

Hezkuntza Sailak plataforma berria jarri du abian familia eta ikastetxeen arteko komunikazioa errazteko

2017.eko urriak 11
  • Sareko plataforma berriak familien eta ikastetxeen arteko komunikazio erraz, arin eta praktikoagoa ahalbidetuko du
  • Atariak klik batean familien intereseko informazio andana emango du: notak, eskolarako hutsegiteak, bekak, jangela…
  • Hezkuntza Sailak formazioa eskainiko die ikastetxeei erabilera errazteko

Olatz Garamendik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak Polentzi Urkijo Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendariarekin batera, Hezkuntza Sailak garatu duen eta familiei zuzentzen zaien webgune berria aurkeztu die gaur goizez EHIGE (guraso elkarteen federazioa) eta HEIZE (ikastetxe publikoetako zuzendaritzen elkarteak biltzen ditu) elkarteetako ordezkariei. Gurasoen eta hauen seme alabak ikasten ari diren ikastetxeen arteko harreman zuzenagoa ahalbidetuko duen komunikazio kanal bat da webgune berri hau. Tresna praktiko eta erabilgarria, batzuentzat nahiz besteentzat, eta ibilian-ibilian hazten jarraitzeko bokazioz jaio dena. Aurkezpena amaitzean, hain justu, eragileek erreminta berri honi gehitzeko funtzio gehiago proposamen eta ekarpenak egin dituzte.

Hezkuntza Sailak abian jarri du plataforma berri hau, Euskadin unibertsitatez besteko irakaskuntza mailak eskaintzen dituzten ikastetxe publiko zein itunpeko guztientzat.

Funtzio nagusiak

Erreminta honek eskainiko dituen funtzio nagusi eta erabilgarrienen artean –erabiltzaile bakoitza bere eremu pribatuan sartu ondoren- honako hauek dira aipagarrienak:

  Ikasleen kalifikazioak: ikasleak ikasgai bakoitzean duen nota ikusi ahal izango da, haiei dagozkien oharrekin batera

  Ikaslek eskolara egindako hutsegiteak: notak ikus daitezkeen atal berean, ikasleek eskolara egindako hutsegiteak kontsultatu ahal izango dituzte familiek, ikasgai bakoitzean zein ebaluazio bakoitzean, eta hutsegite horiek justifikatuak izan ote diren. Atal honetan gurasoek (edo adinez nagusi diren ikasleek) hutsegiteok justifikatzeko aukera izango dute.

  Ziurtagiri akademikoak, sinadura elektronikoarekin: familiek seme-alaben historia akademikoa ikusi ahal izango dute. Baina gainera, atari honen bidez, ziurtagiri akademikoa ere jaitsi ahal izango da, eta sinadura elektronikoari esker, erabateko baliotasuna izango du dokumentu digital horrek.

  Bekak: familiek indarrean den ikasturtean egin dituzten beka eskaerak ere kontsultatu ahal izango dituzte, baita eskaera zein egoeratan dagoen ikusi ere. Aurreko ikasturteetako eskaerak ere ikusi ahal izango dituzte.

Era berean, eta atarian erabiltzaile gisa erregistratu ondoren, beste zenbait informazio erabilgarrirekin batera, seme-alabak ikasten ari diren ikastetxeko egutegia ikusi ahal izango dute, haien eskola-ordutegia, ikasgai bakoitzeko irakaslearen izena, irakasleokin harremanetan jartzeko bideak edo jangela-zerbitzuaren inguruko informazioa. Bide honen bidez, halaber, datu pertsonalak aldatzeko eskaera egiteko aukera ere egingo da, bai familiaren datuak nahiz ikasle jakin batenak.

Gainera, erreminta honen bidez, ikastetxeek beharrezko jotzen dituzten edo familientzat erabilgarri gerta daitezkeen oharrak txertatu ahal izango dituzte, dagokion erabiltzaileak “nire kontua” izeneko atalean irakurri ahal izan ditzan.

Datozen asteetan, Hezkuntza Sailak formazioa eskainiko die ikastetxe publiko zein itunpekoetako arduradunei, tresna berri hau erabiltzen hastea errazteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak