Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Barbadungo industria-paisaia bisitatu du, Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun deklaratutako eremu bat

2017.eko urriak 13

Ibai honetan zehar dauden 10 ekoizpen-eremu babestu dira 15 kilometrotan, guztiak XIX. mendeko industria-iraultzaren aurreko garapenaren adibide eta, ondarearen ikuspegitik, balio handiko egiturak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Barbadun ibaiko industria-paisaia bisitatu du gaur, Eusko Jaurlaritzak joan den uztailean kultura-ondasun deklaratutako eremu bat, monumentu-multzo kategorian. Babes horren helburua da Bizkaiko industria-iraultzaren aurreko industria-garapen berezi baten aztarna ugari dituen ingurune baten balio handieneko elementu batzuk kontserbatzea, baita horiek balioestea eta ezagutaraztea ere. Ekimen horri esker, ibaian zehar 15 kilometroko espazio batean kokatutako 10 ekoizpen-eremu babestu dira, beren azpiegitura hidraulikoekin, baita ibaiaren arroan dauden 5 zubi ere.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Kultura Ondareko zuzendari Mikel Aizpuru; eta Kultura Ondarea Garatzeko aholkulari Imanol Agote Lehendakariarekin izan dira gaurko bisitan, eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta inguruko udaletako karguak ere izan dira. Bisita Olabarrietako auzoan izan du bere ardatza, Sopuertan, elementu babestuetako batzuk dauden tokian, nahiz eta babes-espedientearen xede den Barbadun ibaiko industria-paisaia Muskizera, Artzentalesera eta Galdamesera ere iristen den.

Kultura ondarearen alorrean eta haren babesean lan egiteko Eusko Jaurlaritza darabilen ikuspegi berria azaldu du Lehendakariak bisitaren hasieran. “Gaur egun, kultura ondaretzat ez da bakarrik hartzen monumentu bat modu isolatuan. Lurralde eta gizatalde baten bilakaeraz informazio esanguratsua ematen digun testuinguruari erreparatzen zaio. Duela gutxi arte, eremu honetan El Pobaleko burdinola besterik ez zegoen babestuta; Eusko Jaurlaritzak Barbadun ibaiko industria-paisaia babestu zuen uztailean, gure iraganaz eta XIX. mendeko industrializazioaren aurreko industria-garapen bati buruz hitz egiten baitigu”.

Iraganera begiratzearekin batera, Lehendakariak etorkizunera ere begiratu nahi izan du, eta berrikuntzaren eta industriaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren apustua azpimarratu du. “Gure industria-ondarea zaindu eta babestu behar dugu, gure etorkizuna ere industriari lotuta baitago. Hor beste arrazoi bat aurkitzen dugu ekonomian, industrian eta garapenean inbertitzen jarraitzeko. Gure iraganak etorkizunerako bidea erakusten digu”, erantsi du.

Industria-ondarearen babesa

Eusko Jaurlaritzatik euskal kultura-ondarearen babesean sakontzeko bere ahalegina azaldu nahi izan dute gaurkoan; perspektiba zabal eta integratzaile batetik, kultura-paisaien edota industria-ondarearen kontzeptuei helduz. Aipatu dutenez, helburua da Kultura Ondareari buruzko Legearen bidez (haren aurreproiektua joan den uztailean onartu zen eta Eusko Legebiltzarrean adostuko da) lan-ildo horretan sakondu ahal izatea epe laburrean.

Imanol Agotek Barbadun ibaiko industria-paisaiaren babesaren mende dauden elementuak zer testuinguru historikotan garatu ziren azaldu du, eta haien garrantzia nabarmendu du lurraldearen ikuspegia kontuan hartuta. Egitura hidraulikoen ezarpen masiboa izan zen euskal haranen ezaugarri nagusia Erdi Aroaren amaieratik XIX. mendera arte eta, berez, geroko industria-garapenaren oinarria izan ziren. Azaldu duenez, XIX. mendean industria-iraultza garaikidea iritsi zenean, industria-egitura berriek aurreko industriaren eredutik zetozenak xurgatu zituzten. Horrela, aztarna horietatik gehienak desagertu egin ziren euskal ibai gehienetatik, eredu eta instalazio berriek lehengoen lekua hartu zutelako. Ez zen berdin gertatu Barbadun ibaiaren ingurunean.

“Industrializazio garaikideak eragin mugatua izan zuen ibaiaren arroan eta, horregatik, Aro Modernoan zehar (XV-XVIII. mendeak) gertatu zen aurreko industria-garapen horren aztarnak gorde dira Barbadun ibaiaren ingurunean. Beraz, esan dezakegu Bizkaiko industria-iraultzaren aurrekariak hobekien kontserbatzen dituen eremuetako bat dela hau”, adierazi du.

Monumentu-multzoa

Uztailaren 26ko 202/2017 Dekretuak kultura-ondare gisa sailkatu zuen, monumentu-multzo kategorian, Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia, bere “ondare-balio oso altuagatik”. Espedienteak azpimarratzen du Barbadun ibaiaren adarren iturburutik Areako hondartzan itsasoratzen den arte segidako “kalitate handiko egiturak”  izan zirela, eraldaketa mugatuak jasan dituztenak. 15 kilometrotan zehar 10 ekoizpen-unitate kontserbatu izanak egitura mota horretako Euskadiko multzo nagusietako bat bihurtzen du Barbadungoa.

Multzo batzuek Antzinako Erregimen ekoizpen-eredua osatzen duten elementu guztiak gordetzen dituzte (burdinola, errota, presa, ubidea, dorrea eta zubia). Osotasun horrek balio berezia ematen dio multzo horri.

Espediente honen barruan babestutako 10 ekoizpen-unitateak hauek dira:

-                Santeliceseko burdinola.

-                Olabarrietako errota eta azpiegitura hidraulikoa.

-                Olabarrietako burdinola eta azpiegitura hidraulikoa.

-                Llantadako errota-burdinola.

-                Uribaiko errota eta azpiegitura hidraulikoa.

-                Pendizeko errota-burdinola.

-                Valdibianeko errota-burdinola.

-                La Ollako errota-burdinola.

-                El Pobaleko errota-burdinola eta dorrea.

-                Bilotxiko errota-burdinolako azpiegitura hidraulikoa.

Horrekin batera, bost zubi ere babestu dira: Llantada, El Carral, Laiseka, La Olla eta El Pobal. Lehendakariak gaur bisitatutako elementuen artean, merezi du Olabarrietako burdinolaren garrantzia nabarmentzea, euskal ibaietan halako eragina izan zuen industria-garapen horren adibide paradigmatikoa. 1550etik dago burdinola horren berri eta, dirudienez, XVIII. mendean fanderia ere eraiki zen. Burdinari loturiko jarduera Olabarrietako egitura honetan XVIII. mendearen amaieran geratu zen, eta Barbadungo beste egitura batzuk ez bezala, hau ez zen bilakatu irina- errota.

Burdinola bisitatu aurretik, Olabarrietako kargadero-biltegia bisitatu da eta lehengo Castro-Traslaviña trenbidearen gainean dagoen bide berdea zeharkatu da. Elementu hauek ez dira sartu Barbadungo industria-paisaia babesteko espedientean, baina paisaia honen bilakaera islatzen dute. XIX. mendeko industrializazioak eragin mugatua izan bazuen ere ibaiaren arroan, meategiei loturiko jarduerak aldatu egin zituen hurbileko paisaiak. Elementu hauek Bizkaiko meategien eragina jaso zuten paisaien inguruko babes-espediente batean sartuko dira. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak