Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Leire Bilbao, Ander Izagirre, Mikel Valverde eta Matías Múgica dira aurtengo Euskadi Literatura Sarietako gainerako irabazleak

2017-10-11

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek ezagutzera eman ditu, gaur, Euskadi Literatura Sarietako aurtengo azken irabazleak. Iragan irailaren 29an lehen hiru modalitateetakoak ezagutzera eman ostean, gaur gainontzeko lau ataletakoak iragarri dira: Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, Gaztelaniazko Saiakera, Literatura Lanaren Ilustrazioa eta, laugarrenik, Euskarazko Literatura Itzulpena. Leire Bilbao, Ander Izagirre, Mikel Valverde eta Matías Múgica izan dira, hurrenez hurren, irabazleak. 

  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Leire Bilbao, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk.
  • Gaztelaniazko Saiakera: Ander Izagirre, Potosí.
  • Literatura Lanaren Ilustrazioa: Mikel Valverde, Versos de deportes.
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Matías Múgica, Testamentua (François Villon).

Tabakalerako Ubik liburutegian izandako prentsaurreko batean, Joxean Muñoz sailburuordeak lau modalitate hauetako epaimahaiek beren ebazpenak argudiatzeko emandako arrazoiak irakurri ditu. Lau modalitate hauteako irabazleak berarekin batera izan dira agerpen publiko honetan eta saria eskertu dute. Datorren azaroaren 13an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak beren zazpi modalitateetan. Han izango dira, baita ere, beste hiru modalitateetako irabazleak:

  • Euskarazko Literatura: Asier Serrano, Linbotarrak.
  • Gaztelaniazko Literatura: Fernando Aramburu, Patria.
  • Euskarazko Saiakera: Arantxa Urretabizkaia, Bidean ikasia.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Gaur ezagutzera emandako lau modalitate hauen inguruko informazio guztia dossierrean kontsulta daiteke.

Gainontzeko hiru modalitateetako irabazleak beste prentsaurreko batean eman ziren aditzera, informazioa hemen kontsulta daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)