Generalitateko presidenteak atzo zabaldutako elkarrizketarako aukera aprobetxatzeko eskatu du Lehendakariak
Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuekin batera, Urte Judizialaren hasiera-ekitaldian egon da
Iñigo Urkullu lehendakariak, Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Joserekin batera, Urte Judizialaren hasiera-ekitaldian hartu du parte. Bertan, Carles Puigdemont presidenteak Espainiako estatuarekin atzo zabaldutako elkarrizketarako aukera aprobetxatzeko eskatu du. “Bide bakarra legoke; elkarrizketa errealista eta arduratsua, akordiotara heltzeko benetako borondatearekin eta fede onez negoziatzeko beharrean oinarritua”, adierazi du. Gainera azpimarratu du soluzioa ezin dela lortu, eztabaida indarrean dagoen legeriaren aplikazioan bakarrik kokatuz.
Bilbon dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian egindako ekitaldian Eusko Jaurlaritzako hainbat kide egon dira, besteak beste, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo, edo Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Heredia. Beste hainbat agintari ere bertan egon dira, adibidez, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, Espainiako Gobernuko ordezkari Javier de Andres, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, edo Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui. Gainera, ekitaldi horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusi Carmen Adanek eta Arabako Probintzia Auzitegiko presidente Mercedes Guerrerok hitz egin dute.
2013ko urtarrilaren 23ko Kataluniako Parlamentuaren Ebazpenaren Inpugnazioaren gaineko epaian Konstituzio Auzitegiak elkarrizketaren printzipioaren alde egindako deia aipatuz hasi du Lehendakariak bere hitzaldia. Epai horretan adierazten zen botere politikoek konpondu behar dituztela, elkarrizketaren eta lankidetzaren bitartez, estatus juridikoa aldatzeko Estatuaren alde baten borondatearen ondorioz sortutako arazoak. Ildo horretatik jarraituz, Urkulluk azpimarratu du Puigdemont presidenteak, Kataluniako parlamentuaren aurrean egindako agerraldian, “Espainiako estatuarekin elkarrizketarako aukera emateko denbora-tartea" zabaldu zuela. Zentzu horretan, Urkulluk aukera aprobetxatzeko eta bazterrean ez uzteko eskatu du. "Gatazka politiko baterako irtenbidea, akordioa lortzeko benetako borondate batean oinarritutako elkarrizketaren bidez baino ez da lortzen", gaineratu du.
Bere ustez, alde guztientzako gustukoa den soluzioa ezin da lortu indarrean dagoen legeria bakarrik aplikatuz, bereziki “gizartean oso errotuta dagoen helburu kolektibo bati entzuten ez bazaio”, eta jarrera horrek “bizikidetzaren esparrua apurtzea” eragin badezake. “Epaimahaien baliabidea, zalantzarik gabe, legez justifikatuta dago, baina gatazka konpontzeko mekanismo bakar gisa erabiltzeak jarrerak oraindik gehiago urruntzea ekar dezake”, gaineratu du Lehendakariak. Halaber, berriro azpimarratu du arduradun publikoek ahalegina areagotu egin behar dutela bizikidetza-esparru bidezkoago bat bermatzeko.
Azkenik, “Europar Batasuneko Estatu konposatu batean “lurralde-artikulazioaren labirintoaren irtenbidea” horizonte konfederalean dagoela errepikatu du.