Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak “2017-2020 Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana” onartu du 26 ekarpen erantsi ondoren (Gobernu Bilera 2017-10-10)

2017.eko urriak 10

Ekarpenak biltzeko prozesuan 26 proposamen aintzat hartu dira eta 63 aldaketa erantsi dira

Plan honen helburu estrategikoa gizartea elkartzea da. Gizarte demokratiko baten balio gorenaren adierazgarri da: bizikidetza adostua lortzea

2020. urtera arteko jarduketa integral baten proiektu bat da, bai ETAren indarkeriaren amaieraren agendari bai bizikidetzaren aldeko erronka berriei erantzuten diena

Jarduketa-programak 14 ekimen hartzen ditu barnean, hiru agertokitan egituratuta: iragana, oraina eta etorkizuna

Gobernu Kontseiluak “2017-2020 Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana” onartu du. Bertan, ekarpenak biltzeko prozesuaren ondoren, 26 proposamen erantsi ditu. Plan honen helburu estrategikoa “Gizartea elkartzea” da, giza eskubideen eta hauen oinarri den giza duintasunaren goi-balioaren inguruko adostasunean oinarrituta. Dokumentuan hiru agertokitan (iragana, oraina eta etorkizuna) egituratutako jarduketa-programa bat jaso da. Bertan 14 ekimen barne hartu dira, eta ekimen horien bitartez ETAren indarkeriaren amaieraren agendari eta bizikidetzaren aldeko erronka berriei erantzun nahi zaie.

Apirilaren 4an Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak plan honen proposamena aurkeztu zuen. Une hartan, Legebiltzarreko taldeek, elkarte-sareak eta herritarrek plan horretarako ekarpenak egiteko hiru hilabeteko epea zabaldu zen.

Prozesu horretan, Arabako Foru Aldundiak, Legebiltzarreko taldeek, AVT eta COVITE biktimen elkarteek, Fernando Buesa eta Egiari Zor fundazioek, Elkarteen Foroak, eta, Eusko Jaurlaritzaren barruan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak planaren inguruan egindako ohar eta proposamenez osatutako 10 dokumentu erregistratu dira.

Jasotako ekarpen gehienek Planaren orientabide nagusiaren ildotik doazen izaera eraikitzailea eta positiboa dute. Prozesu honen amaieran 26 proposamen hartu dira kontuan eta 63 aldaketa egin dira.

ALDAKETAK

Aldaketen artean bi azpimarratu behar dira: bata indarkeriaren amaieraren agendari loturik dago eta, bestea, bizikidetzaren aldeko erronka berrien agendari.

-   Bi aldaketa horietako lehenengoa AVT elkarteak egindako ekarpenari erantzunez aurkeztu da, zeharka Covite elkarteak, Fernando Buesa Fundazioak, PP alderdiak eta Egiari Zor Fundazioak adierazitako kezka batzuei ere erantzuten badie ere. AVT elkarteak aurkeztutako dokumentuak sarrera bat eta hainbat ekarpen puntual zituen. Eusko Jaurlaritzak ekarpen horiek jaso eta kontuan hartu ditu. Horrela, guztiei erantzun globala eman die, Planaren sarreran IV. atal berria sartuz.

Atal berri hori ezarri da, jatorri ezberdineko biktimen politiken tratamenduan Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako konpromisoak esplizituki argitzeko. Konpromisoak bitan labur daitezke: alde batetik, “giza eskubideen urraketen biktimen arteko berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioarekin” konpromisoa; eta bestetik, “terrorismoa legitimotzat hartzeko edozein justifikazio modu” edo “biktima batzuen eta besteen artean biktimazio-arrazoien inguruan legitimazio-parekatzea” arbuiatzeko konpromisoa.

-   Bigarren aldaketa azpimarragarria planak berak “bizikidetzaren aldeko erronka berrien” agenda deitzen duenarekin loturik dago. Jasotako ekarpenak oro har hartuta, azpimarratu behar da, duela lau urte ez bezala, oraingoan iradokizun eta proposamen asko esparru honetara zuzendu direla. Era horretan, ekarpenak egin dituzten erakunde eta pertsona batzuek Nazio Batuen garapen iraunkorrerako 2030 Agendaren esparru berriarekin berariazko konpromisoa jasotzeko iradoki dute.

Iradokizun hori kontuan hartu da eta planaren sarreran eta “2.4.3. Etorkizuna. Bizikidetzaren erronka berriak” puntuan eta “2.5.7. Bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura. Erronka estrategikoa" puntuetan jaso da. Azken batean, Eusko Jaurlaritzak berretsi du bat datorrela ondoko alderdi hauekin: Europa 2020, hazkuntza zentzudun, iraunkor eta integratzailerako estrategia europarrarekin, eta gobernu-programaren osotasunean Eusko Jaurlaritza konprometituta dagoen Agenda 2030en Garapen Iraunkorreko Helburuekin.  Arlo honetan, eta oso modu berezian, 16. helburuarekin.

Aurrekoarekin loturik, plan hau Bake eta Bizikidetza Plana deitzetik Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana deitzera pasatu da. Giza eskubideei lotuta dagoen bizikidetzaren xedea hauxe da: aldatzen ari den eta ziurgabetasunez inguratua dagoen mundu batean sortzen ari diren erronka horietara hobeto egokitzea, oraindik gainditzeko dauden erronkak alde batera utzi gabe.

Gaur egungo testuinguruan eta bizikidetzaren ikuspegitik, oraindik burutu ez diren eginkizun garrantzitsu hauek azpimarratu dira planean:  indarkeriaren amaiera ordenatua (ETA desagertzea/desegitea, eta iragana argitzea eta haren inguruko gogoeta kritikoa egitea), biktima guztien errekonozimendua eta ordaina ematea, iraganaren memoria kritikoa, kartzela-politika, giza eskubideen erronka berriak…

Terrorismoaren amaiera iragarri zenetik sei urte igaro dira. ETAren desarmea jada lortu den plan honen helburuetako bat da. Oraindik iraganari buruzko zauriak itxi, gaur egun oraindik badauden arazoak konpondu eta etorkizunari begira bizikidetza demokratikoaren kultura sendotu behar dira. Gaur onartu dena bezalako plan estrategiko bat etorkizun hobea eratzen laguntzeko beharrezko tresna da.

Plan honen helburu estrategikoa gizartea elkartzea da. Gizarte demokratiko baten balio gorena irudikatzen du: bizikidetza adostua lortzea. Gizartea elkartzea, giza eskubideen eta hauen oinarri den giza duintasunaren goi-balioaren inguruko adostasunean oinarritzen da.  Memoria zainduz elkarrekin bizitzeari egiten dio erreferentzia, iraganean egin gabe geratu ziren gauzen agendari erreparatzen diogunean, eta bizikidetza solidarioari, azaleratzen ari diren erronkei erreparatzen diegunean.

PLANAREN EGITURA

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana hiru atal nagusitan egituratzen da. Aurrenekoak Esparru Orokorra izenburua darama, eta bertan diagnostikoa egiten da eta oinarriak ezartzen dira. Bigarren atalaren izenburua Oinarrizko akordiorako tresnak da, eta bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan adostasuna lortzeko bidea partekatzeko pentsatutako printzipio eta proposamenen katalogoa ageri da bertan.  Planaren hirugarren atala jarduketa-programari buruzkoa da. Ekintza zehatz bihurtzen diren 14 ekimen biltzen ditu, operatiboak diren beste bi ekimenekin batera. 14 ekimen horiek hiru agertokitan antolatuak daude: iragana, oraina eta etorkizuna.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko