Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2017-2020 Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana onartu du 26 ekarpen erantsi ondoren

2017.eko urriak 10

Euskadiko herritarrek ia 70 milioi euro ordaindu dizkiete herri-administrazioei “Nire ordainketa” zerbitzuaren bitartez

Gobernu Kontseiluak 2017-2020 Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana onartu du. Bertan, ekarpenak biltzeko prozesuaren ondoren, 26 proposamen erantsi ditu. Plan honek 2020ra arte, indarkeriaren amaiera antolatuari eta uztartutako bizikidetzaren erronka berriei erantzuten dien jarduketa integrala proiektatzen du, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez.

Bozeramaileak berak aitortu bezala, terrorismoaren amaiera iragarri zenetik jada sei urte igaro eta ETAren desarmea lortutako helburua den arren, oraindik “zauriak itxi” behar dira, gaur egun oraindik badauden arazoak konpondu behar dira eta etorkizunari begira bizikidetza demokratikoko kultura bat sendotu behar da. Horretarako “beharrezko tresna” da gaur onartutako Plana. Era horretan, egiteko dauden zereginen artean aipatu ditu indarkeriaren amaiera ordenatua, iraganaren memoria kritikoa, espetxe-politika, giza eskubideen erronka berriak, edo biktima guztiei errekonozimendua eta erreparazioa ematea.

Azken puntu horren inguruan, eta jakinarazpen ofiziala oraindik jaso ez den arren, Erkorekak aipatu du Konstituzio Auzitegiak polizia-gehiegikerien Lege gisa ezagutzen dena partzialki eteten jarrai dezakeela. Aukera hori baieztatzen bada "albiste txarra" izango litzateke, errekonozimendua indarkeriaren biktima guztiengana zabaltzea atzeratuko litzatekeelako.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA

Bestalde, Erkorekak Gobernu Kontseiluari Nire Ordainketa zerbitzuaren erabilera-datuen berri eman dio gaur. Eusko Jaurlaritzak on line ordainketa-pasabide hori Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio guztien esku jarri du, herritarrek behar dituzten izapideak doan eta modu seguruan ordaindu ditzaten.

Sailburuak adierazi duenez, zerbitzu horrek, aurten, 335.184 ordainketa zenbatu ditu, guztira ia 70 milioi euro. Ordainketa-pasabidearen erabilera, aurreko urtearekin alderatuta, ia % 20 hazi da, batez ere, zerbitzua tablet eta telefono mugikorretara egokitu delako.

Halaber, Gobernu Kontseiluak Euskadiko landa-garapena bultzatzeko 7 milioi euroko laguntza-programa onartu du gaur. 

KATALUNIARI BURUZKO BALORAZIOA

Gainera, hedabideen galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak zuhurtzia eskatu du Katalunian gerta daitekeenaren inguruan. Aldi berean, arazo politiko bati irtenbidea adosteko topaketa eta elkarrizketa eskatu ditu, hori “funtsezkoa” baita. “Horixe da sistematikoki eta aldaketarik gabe beti izan dugun jarrera”, gaineratu du. 

Erreforma fiskalaren inguruan adierazi du, hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen dutela erreforma horren inguruan adostasuna lortu ahal izateko.

 

2017-10-10 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)