Eu

Kultura-sarearen suspertze dinamika bat eta enpleguaren gorako joera sumatu du Kulturaren Euskal Behatokiak bere azken azterlanean

2017.eko urriak 06

Kulturaren Euskal Behatokiak argitaratu ditu Arte eta Kultura Industriak Estatistikaren azken datuak, 629 eragileren informazioa kontuan hartuz. Azterlan honen arabera, kultura-sarearen suspertze-dinamika bat sumatzen da aurreko txostenarekin alderatuta, diru-sarreren eta gastuen balantzea positiboa baita eta enpleguak gora egin baitu. Ikerketak, halaber, euskararen pisua aztertu du eta, islatu duenez, diskoetxeek, ikus-entzunezko ekoizleek, antzerkigintzakoek, eta argitaletxeek ekoizten dutenaren % 50 baino gehiago euskaraz egiten dute. Emakumezkoen pisuari dagokienez, arteetako eta kultura-industrietako enpleguen multzoan % 47ko pisua dute, baina zuzendaritza-postuetan duten pisua ez da % 40ra iristen.

Estatistika hau bi urterik behin egiten da eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eskaintza dinamizatzen duten eragile pribatu zein publikoen informazioa eskaintzen du. Azken txostenean aditzera eman diren datuei dagokienez, iaz egin zen landa-lana (eragileek 2015eko datuak eman zituzten), eta 2017an datuak aztertu, garbitu eta ustiatu egin dira.

Aldaketak

Aurreko Arte eta Kultura Industriak Estatistikarekin alderatuta (2015ean argitaratuta, 2014an landa-lana egin ondoren 2013ko datuekin), azken emaitzek erakutsi dute kultura-sarearen suspertze-dinamika bat nabaritzen dela. Eragileek eskainitako datuen arabera, agente sarea % 3,5 hazi da (23 agente gehiago) eta 2015eko gastuen eta diru-sarreren balantzea positiboa da, 6,2 milioi euroko emaitzarekin. Azken datu honek aldaketa argia erakusten du aurrekoarekin alderatuta, balantzea negatiboa izan zen eta. Enpleguari dagokionez, langileen % 5eko gehikuntza islatzen da azken datuetan, 138,5 enplegu gehiago daudelarik.

Lurraldez lurralde

Egoera lurralde historikoen arabera aztertuz gero, agenteen kontzentrazioa antzematen da Bizkaian, baita haren pisu ekonomikorena eta enplegu-arloko pisuarena ere (diru-sarreren guztizkoaren % 65,2 eta % 61,5, hurrenez hurren). Alabaina, lurralde bakoitzaren pisu demografikoa kontuan hartuz gero, datuak bestelakoak dira. Kultura-sarearen 100.000 biztanleko ratioa handiagoa da Gipuzkoan (35,5), Bizkaian (26,5) eta Araban (23,3) baino.

Bestalde, azken estatistika honen datuek argi erakusten dute EAEko artista eta sortzaileen pisua argi eta garbi nagusi dela kultura-ekoizpenean eta kultura–programazioan: antzezpen eszenikoen % 56tik ikusizko arteen erakusketen % 67,1erainoko tartea hartzen du.

Euskararen presentzia

Estatistikak, halaber, euskararen presentzia neurtu du kulturaren bost arlo ezberdinetan. Euskarak antzerki- eta disko-ekoizpenean duen pisua % 70etik gorakoa da (% 72,6 eta % 80,5, zehazki); ikus-entzunezko ekoizpenaren erdia da (% 50,7), EiTB kontuan hartuz gero; eta argitalpen-ekoizpena % 50 ingurura iristen da (% 51,4). Programazio eszenikoari dagokionez, EAEn programatutako hamar ikuskizunetatik lau euskaraz dira (% 40,6).

Emakumeak

Lan honek adierazi duenez, emakumeek kultura-sektoreetako enpleguen multzoan duten pisua nahiko orekatua da, baina alde handiak daude emakumeen eta gizonen artean dituzten postuei erreparatuz gero. Emakumeek arteetako eta kultura-industrietako enpleguen multzoan duten pisua % 47an dago. Liburuaren eta ikusizko arteen sektoreetan du emakumeak presentziarik handiena: esparru horietako hamar langiletatik sei emakumeak dira.

Hala ere, emakumeen funtzio profesionalaren azterketak datu esanguratsuak erakusten ditu; nagusi dira kudeaketa eta administrazioa postuetan (% 69,9) eta gizonak baino gutxiago teknikari- eta zuzendari-profiletan (% 43,8 eta % 37,1).

Agente pribatuen nagusitasuna

Azkenik, azterlanak titulartasun pribatuko agenteen nagusitasuna islatu du, nahiz eta eragileetatik jasotako informaziotik beherako joera bat igarri. Era berean, Estatistikak jaso du agente pribatuen nagusitasun honek (% 57,7) ez daukala proportzionalki egokitu beharko litzaiokeen pisua: agente publiko eta pribatuen diru-sarreren bolumena 175 milioi euro inguru da (% 48,2 agente pribatuen kasuan). Enpleguari dagokionez, titulartasun pribatua duten agenteek langileen % 51,5 biltzen dute.

 Informazio gehiago, esteka honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak