Eu

Donostiako PAUZARQ estudioa, Euskal Arkitektura Gazteari emandako Peña Ganchegui sariduna

2017.eko urriak 06
  • Epaimahaiak sarituen proiektuen arteko koherentzia nabarmendu du, eta arkitekturaren eraldatze-gaitasuna zer argitasunez ulertzen duten
  • Sariak 6.000 euroko ordainsaria du eskudirutan, eta 10 urtetik beherako esperientzia izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulatu edo beren jarduera bertan duten arkitektoei dago zuzenduta.

 

Donostiako PAUZARQ estudioa Elena Usabiagak eta Felipe Pérez Aurtenetxek osatzen dute, eta gaur arratsaldean Euskal Arkitektura Gazteari emandako PEÑA GANCHEGUI saria jaso du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolaren eskutik. Saria Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sortu du Peña Ganchegui Artxibategiarekin lankidetzan, arkitektura-ibilbide gazte bat aitortzeko eta aldi berean garapen bidean den proiekzioko karrera bat bultzatzeko.

Peña Ganchegui sariaren lehen edizioaren banaketa hiriburu donostiarreko Santa Teresa komentuan izan da, Euskadiko kulturaren eta arkitekturaren erakunde-ordezkariak eta profesionalak bildu dituen ekitaldi batean. 

Lluis Clotet, Ángela García de Paredes eta Carlos Quintáns arkitektoek osatutako epaimahaiak, Peña Ganchegui Artxibategiko zuzendari Rocío Peña eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrainekin batera, PAUZARQ estudioak egindako proiektuen arteko koherentzia baloratu du, eta “arkitekturaren eraldatze-gaitasuna zer argitasunez ulertzen duten, funtsezkoa eta aldakorra zer den ulertuta, eta bistakoa da egituraren ulermena, haren garrantziarekin eta hura erakusteko moduarekin”.

Era berean, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du zer antolakuntza egokia ezarri duten haien proiektuetan, argitasuna eta ordena lortuta, eta arreta berezia eman diote Dimako (Bizkaia) Aurtenetxe Bekoa baserrian egindako birgaitzeari, bereziki egokitzat jo dutena.

Sariak, 10 urtetik beherako esperientzia izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulatu edo beren jarduera bertan duten arkitekturako profesionalei zuzenduak, 6.000 euroko ordainsaria du. Luis Peña Ganchegui arkitektoagandik (Oñati 1926-Donostia 2009) hartu du izena. Peña Ganchegui euskal arkitekturaren erreferente gorena izan da XX. mendeko bigarren erdian, Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzaile eta lan adierazgarrien egilea, hala nola Torre de Vista Alegre (Zarautz 1959), la Plaza de la Trinidad (Donostia, 1963), la Iglesia de San Francisco (Vitoria, 1968) edo la Plaza del Tenis (Donostia, 1976), Eduardo Chillidaren Haizearen Orraziaren gelaurrea.

Lehen edizio honetan 20 hautagaitza aurkeztu dira, guztira 6 eskolatako (Donostia, Madril, Valladolid, Barcelona, Iruñea eta San Cugat) 25 arkitekto bildu dituztenak. Horien jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen da batik bat, baina beste latitude batzuetako proposamenak ere jaso dira, hala Londres edo Berlinekoak.

Epaimahaiak, gainera, hiru aipamen berezi eman ditu: Carlos Garmendiari, eraikita dagoen horretan aldaketa garrantzitsuak egiteko trebeziagatik, antzinakoaren gainean azalera berri dotoreak gainjartzean oinarritutako eragiketa arinen bidez; Daniel Ruiz de Gordejuelari, diziplina-argudio argi batzuei jarraitzen diela antzematen zaiolako, proiektua garatzean ahultzen ez direnak, emaitza formal ez apriorizko batzuk lortuta; eta MUGARAko Ander Rodríguezi, bere proiektu bakoitzean ezartzen duen ikerketagatik eta esku-hartze txikiak gai garrantzitsu bihurtzeko gaitasunagatik, barandak edo espazioen mugak arrazoi bihurtuta zenbait eremu narratibo eta konstruktibo indarrez miatzeko.

Epaimahaiak beste lau finalisten lana ere nabarmendu nahi izan du: Jon Ander Aguirre; Iñaki Albistur eta Raquel Ares, ARQUIMAÑAkoak; Eduardo eta Eloi Landia, ELE ARKITECTURAkoak eta Diego Sologuren, hautagaitza horiek dituzten lan-ildo berezien interesagatik.

Iñaki Arriola sailburuak lehen edizio honetan aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu du eta adierazi duenez, sari horien helburua da “Euskadiko arkitektura-produkzioaren etengabeko berritze eta hobekuntza zaintzea eta gazteenei laguntzea. Izan ere, askotan egoera bereziki konplexuei egiten diete aurre, are gehiago eraikuntzaren sektorean urte askotan zehar krisialdi luzea iragan ondoren”.

Bestetik, Rocío Peña pozik agertu da sari honen lehen edizioa beteta ikusteaz, “gure aitaren figurarentzat aitorpena izateaz gain, gure inguruneari lotutako arkitekto gazteek egindako kalitateko arkitektura bat aitortzen duelako”. Peña Gancheguiren alabak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari bere ekimenagatik; hautagai guztiei, egindako ahaleginagatik, eta epaimahaikideei, “hiru arkitekto ospetsu, haien parte-hartzea benetako luxua izan delako”.

 Peña Ganchegui Sariari buruzko informazio guztia eskuragarri dago web-orri honetan: premio.ganchegui.com

 

Lehen edizio honetako epaimahaian 3 arkitekto ospetsu izan dira: Lluis Clotet katalana (Bartzelona, 1941), Studio Per estudioaren sortzaile eta Clotet Paricio estudioko kide; Ángela García de Paredes madrildarra (Madril, 1958), Paredes Pedrosa Arquitectos estudioaren bazkide sortzaile, eta Carlos Quintáns galiziarra (Senande-Muxía, 1962), Tectónica eta Archives aldizkarien zuzendari. Horiekin batera izan dira Peña Ganchegui Artxibategiko zuzendari Rocío Peña eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrain.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    Donostiako PAUZARQ estudioa, Euskal Arkitektura Gazteari emandako Peña Ganchegui sariduna https://t.co/EE5QpaPXXe https://t.co/v9hwEfCeOm

  • @euskosukaldari
    2017.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Donostiako PAUZARQ estudioa, Euskal Arkitektura Gazteari emandako Peña Ganchegui sariduna ➡ https://t.co/ogJOjp7Y8x https://t.c

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Rocío Peña, Peña Ganchegui Artxibategiaren zuzendaria