Berriak Segurtasuna
Eu

SOS Deiak koordinazio-zentroek dagoeneko jaso ditzakete larrialdietako deiak istripua izan duten ibilgailuetatik eCall gailu elektronikoaren bidez

2017.eko urriak 05

2018ko apirilaren 1etik aurrera auto-fabrikatzaileek derrigorrez jarri beharko dute eCall gailua

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko SOS Deiak koordinazio-zentroak prest daude eCall gailu elektronikoaren bidez larrialdietako alertak jasotzeko. Horrek esan nahi du istripua izan duten ibilgailuetatik egindako deiak jaso ditzaketela eta berehala jardun dezaketela, era horretara, biktimak artatzeko denbora murriztuz.

Larrialdietan deitzeko sistema adimenduna da eCall, eskuz edo automatikoki aktiba daiteke ibilgailuan instalatutako sentsore batzuen bidez GPS eta GSM teknologia erabilita, eta istripua edo ustekabeko zerbait izan duen autoa zehatz-mehatz non dagoen jakiteko aukera ematen du. Ekimena Europako arau bat betetzeko gauzatu da, eta helburu nagusia errepideetan biziak salbatzea da. Auto-fabrikatzaileek derrigorrez ezarri beharko dute 2018ko apirilaren 1etik aurrera. 

Funtzionamendua

Behin inpaktu gogorra hauteman ondoren, gailu elektroniko honek automatikoki deitzen du gertueneko larrialdi-zentrora, baita gidaria konorterik gabe baldin badago ere edo erantzuteko gai ez bada ere. Dei horretan oinarrizko datuak ematen dira (ezbeharra zehazki non gertatu den, erregai-mota, bidaiari-kopurua, ibilgailuaren marka, modeloa eta mota), eta horri esker larrialdietarako zerbitzuek informazio baliotsua izango dute, azkarrago erantzun ahal izango dute eta, ondorioz, biziak salbatu ahal izango dituzte.

Deia eskuz edo automatikoki egiten dela ere, beti izango da ahots-konexioa ibilgailuaren eta larrialdietako zentroen artean, konexio automatikoaz gainera. Era horretara, ibilgailuan dagoen eta galderak erantzuteko moduan dagoen edonork eman ahal izango dizkio ezbeharrari buruzko xehetasun gehiago deiak jasotzen dituen zentroari.

Europar Batasunak egindako azterlanen arabera, istripu bat gertatzen denean berehalako abisua jasotzeak eta zehatz-mehatz non gertatu den jakiteak % 50 laburtzen du larrialdietako zerbitzuen erantzun-denbora landa-inguruetan, eta % 40 hiri-inguruetan.

Urtean trafikoko 1,2 milioi istripu izaten dira Europan, eta horietan 400.000 pertsona hiltzen dira eta 3,3 milioi zauritu izaten dira. Ibilgailuko larrialdietako dei-sistemak biziak salbatzen lagunduko du, urtean 2.500 inguru, bai eta milaka zaurituren larritasuna txikitzen eta errepideko ezbeharren kostu soziala eta ekonomikoa murrizten ere, istripuak berehala jakinaraztearen bidez.

Gainera, ezbeharra gertatu den lekura azkar iritsita denbora laburragoan garbitu ahal izango dira istripuak sortutako hondar materialak, eta horrekin ere murriztu egingo da bigarren mailako istripuak gertatzeko arriskua.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko