Berriak Hezkuntza
Eu

Atzerriko hizkuntzako 170 elkarrizketa-laguntzaile ikasgeletako lanari ekiteko prest

2017.eko urriak 04
  • Hezkuntza Sailak 115etik 160ra igo du ikasturte honetan bere gain hartzen duen elkarrizketa-laguntzaileen kopurua. Hezkuntza Ministerioak 10 laguntzaile jarri ditu
  • Ikasleen artean atzerriko hizkuntzetan ahozkotasuna lantzea dute zeregin nagusi
  • Aste honetan, elkarrizketa-saioak antolatu eta planifikatzeko prestakuntza jasotzen hasi dira

Atzerriko hizkuntzako 170 elkarrizketa-laguntzailek egingo dute lan ikasturte berri honetan Euskadiko ikastetxeetan, eta aste honetan zehar ekingo diote ikasgeletako jardunari. Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleekin arituko dira lanean, baina haietako batzuek Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleekin ere egingo dute lan, orotara Euskadiko 143 ikastetxe publikotan.

Baina, ikasgeletan euren egitekoari ekin aurretik, aste honetan, prestakuntza-jardunaldi batzuetan parte hartzen ari dira gazteok Gasteiz, Barakaldo eta Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialetan. Saio horietan, orientazioa jasoko dute elkarrizketa-eskolak planifikatu eta prestatzeko, eta euren zeregina arrakastaz betetzeko oinarrizko ezagutza metodologikoak emango zaizkie.

Euskal Autonomia Erkidegoan ikasturte honetan lan egingo duten 170 elkarrizketa-laguntzaileetatik, 160 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatzen ditu, eta gainerako 10 lagunak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak. Hezkuntza Sailak apustu handia egin du 2017-2018 ikasturte honetan elkarrizketa-laguntzaileekin, eta nabarmen ugaritu du hauen kopurua: aurreko 115 laguntzaileetatik aurtengo 160ra jauzi eginez. Kasu guztietan, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo errusiera hitz egiten duten herrialdeetako bertako pertsonak dira. Hizkuntzen arabera, honela daude banatuta:

  • Ingelesean, 147 elkarrizketa-laguntzaile
  • Frantsesean, 14 elkarrizketa-laguntzaile
  • Alemanean, 7 elkarrizketa-laguntzaile
  • Italieran, elkarrizketa-laguntzaile 1
  • Errusieran, elkarrizketa-laguntzaile 1

Euskal Autonomia Erkidegoan, honako herrialde hauetako elkarrizketa-laguntzaileak jaso ditugu aurten: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Herbehereak, Kanada, Erresuma Batua, Errusia, Estatu Batuak, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Italia, Maroko, Norvegia, Zeelanda Berria eta Suedia.

Ahozkotasuna indartzea

Elkarrizketa-laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea da bere jatorrizko herrialdean. Ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen laguntzaileari. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Elkarrizketa-laguntzaileek irakasleei laguntzen diete atzerriko hizkuntzako eskoletan, eta euren berariazko eginkizunek, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzea dute xede. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta, baina inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikasteko materialak prestatzea edo euren herrialdeko kulturara hurbilketa. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak