Eu

Eusko Jaurlaritzaren betiON Telelaguntza Zerbitzuak bizilekuak digitalizatzeko proiektu pilotua hasi du

2017.eko urriak 04
  • Urritik abendura, 27 GSM terminal ezarriko dira, eta 2018ko lehen seihilekoan 100 izan ahalko dira, emaitzak positiboak badira
  • Gailu horiek SIM txartel batekin dabiltza eta aukera ematen dute zerbitzua telefonia finkorik ez duten edo hornitzaileekin arazoak dituzten etxeetara zabaltzeko

Vitoria-Gasteiz, 04/10//2017

betiON Euskadiko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoak oraingo hilabetean proiektu pilotua hasiko du, 27 GSM terminal instalatzeko. Gailu horiek SIM txartel batekin dabiltza (aurretik kasua balioetsi behar da) eta aukera ematen dute zerbitzua telefonia finkorik ez duten, estaldura-gorabeherak dituzten edo, hornitzaileekin dituzten arazoak direla eta, alta eman ezin duten (permanentzia ez betetzeagatiko zehapenak, ahots-kutxa eskuratzeko ezintasuna…) eta terminala instalatzeko gorabehera horiek ebazteko zain dauden pertsonak telelaguntzako sistemarekin konektatzeko.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera, helburua da “teknologia berriak botoiaren, medailaren edo linearen beste aldean dauden pertsonei ematen zaien laguntza hobetzeko egokitzea”.

Ekimen hori betiONen digitalizazioaren aldeko apustuaren barruan dago; hasieran telelaguntzako zentral berrirako aldaketa egin zen eta, orain, bizilekua digitalizatu. Hori horrela, programa pilotu hori urte-amaiera arte luzatuko da, eta helburu du teknologia horren erabilgarritasuna eta egokitzapena ebaluatzea. Emaitzak zerbitzuarentzat eta, batik bat, erabiltzailearentzat positiboak badira, proiektua 2018ko lehen seihilekoan 100 unitatera iritsi arte hedatuko da.

betiON zerbitzua

Eusko Jaurlaritzaren betiON zerbitzu publikoa bakarrik bizi diren 75 urte baino gehiagoko adinekoei eta gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo mendekotasunerako arrisku-egoeran dauden 65 urtetik gorako adinekoei zuzentzen zaie. Halaber, desgaitasun intelektual, fisiko edo sentsorialen bat duten pertsonei eta edozein mailatan aitortutako mendekotasuna duten pertsonei zuzentzen zaie, bai eta buruko gaixotasun diagnostikatua duten eta mendekotasun-egoera aitortua dutenei edo gizarte-isolamenduko arriskuan dauden pertsonei ere.

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen testuinguruan, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

betiON zerbitzu bakarra eta unibertsala da, Euskal Autonomia Erkidego osoarentzat; titularra Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila da, eta kudeaketa Osatek sozietate publikoaren esku utzi du.  Zerbitzuaren informazioa eskuratzeko eta eskaera egiteko deitu 012 telefono-zenbakira (Zuzenean herritarrentzako arreta-zerbitzua) edo sartu www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus web-orrialdean.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2017.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    El servicio @BetionEJGV se pasa al móvil: https://t.co/k5Zs7MdA4K

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak