
Kontroleko osoko bilkura (2017/10/6)
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.
Galdera, Iñigo Iturrate Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gernikako Estatutuan onartu baina eskualdatu gabeko eskumenen inguruan Gobernu Batzordeak 2017ko irailaren 19an onartutako txosteneko proposamenak benetan gauzatzeko eman beharreko hurrengo urratsei buruz.
“Indarrak bat egiteko” eskatu du Iñigo Urkullu Lehendakariak Gernikako Estatutuaren betearazpenean aurrera egiteko eta euskal Autogobernua eguneratzeko helburuz. Hala, bere ustez “eman beharreko pausoa da, egokia eta positiboa" Legebiltzarrak ahobatez babestea Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako transferentzien txostena, egiteko dauden 37 transferentzia jasotzen dituena.
Lehendakariak “errealismoa, elkarrizketa eta bilateralitatea” eskatu ditu aipatutako helburuak lortzeko eta bere kezka adierazi du “errealitate paralelo bat eraikitzeko temakeria” dela eta, adibidez, Gernikako Estatutua ez dela bete behar justifikatzeko. “Estatuko botereetatik hori egitea, `ez da ezer gertatzen´ edo `ez zait ezer gertatzen´ sentsazioarekin sistema politiko-judizial oso bat dudalako, beti bermatuko nauena”, adierazi du.
Lehendakariak errealitate printzipio hori asumitzeko ere eskatu du sentimenduen pluraltasuna aitortuz. Gainera, azpimarratu duenez, “beti gaude garaiz konfrontazioa bertan behera uzteko eta elkarrizketari ekiteko”.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal Herriak zein Kataluniak duten erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideari buruz.
Catalunya osorako elkarrizketaren, akordioaren eta irtenbide itunduaren aldeko bere apustua azpimarratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak, “eta bitartekaritza, behar izanez gero”. Adierazi duenez, ugariak dira hori eskatzen duten ahotsak nazioartean, Espainiako Estatuan eta baita Catalunyako ordezkari politikoen artean ere, Puigdemont bera tartean dela. Bere iritziz, euskal gizartearen gehiengoaren jarrera da gainera, “determinazio askearen aldekoa, legeari jarraituz eta itun bidez egina”.
“Ez dut eserita itxaroteko asmorik trenek talka egiten eta errailetatik irteten ikusteko; nahiago dut irtenbideak bilatzen ahalegindu, errealismotik eta akordioaren borondatetik”, adierazi du.
Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Kanadako Argitasun Legeari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak aitortu duenez, Kanadako Argitasunaren Legea eredu inspiratzaile bat da euskal bidearentzat, bere oinarriak baitira elkarrizketa gatazka eragozteko bide gisa, independentzia nahi legitimo gisa, negoziazio onusteduna aurretik zehaztutako xederik gabe, legezkotasuna errespetatzea eta erreforma konstituzionala, itundutako independentzia-erabaki bat ondorioz badakar.
Espainiako Estatuari eskatu dio Urkulluk “errealismoz” onartzeko nahi legitimo bat dagoela, bai Catalunyan bai Euskadin, eta beraz elkarrizketa bati bide emateko akordio batera iristeko benetako borondatearekin. “Gure bidea ez dago aurretik zehaztua” azpimarratu du Lehendakariak, eta bere ustez Autogobernu Ponentziari dagokio “bide hori idaztea”. “Helburua da barne-akordio batera iristea, Estatuarekin itun bat negoziatzea eta euskal gizartearen berrespena lortzea”, adierazi du.
Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egonkortasun politikoari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak “aurreko legealdiaren aurreneko egunetik” egin duen apustu “iraunkorra” nabarmendu du egonkortasun politikoaren eta instituzionalaren alde, eta lortutako akordioak dira horren erakusgarri. Espainiako Gobernuari eskatu dio “etsenpluaren bidez predikatzeko” eta Gernikako Estatutua osatzea ahalbidetzeko, era horretan “legea defendatzen duela dioenak, bete egiten duela” erakutsiz. “Estatutua betetzea egonkortasunean inbertitzea da”, ziurtatu du.
Dena den, Lehendakariaren iritziz, egonkortasunak ez du esan nahi arazoei aurre egiteari uztea, eta horregatik eutsi egiten die bere printzipioei eta proposamenei oraingoa bezalako “ziurgabetasun-egoerak gainditzea ahalbidetzeko”, horien artean, Euskal Herriko eta Catalunyako errealitate nazionalak aitortzea, irtenbide politikoak eskaintzea, elkarrizketaren bidearen alde apustu egitea, Estatuaren subiranotasuna birbanatzeari aurre egitea ikuspegi konstruktibo batetik edo lortutako itunak bete daitezen bermatzea. "Irtenbidea berrestea, bide bakezale eta demokratikoetatik soilik, horixe da euskal bidea”, adierazi du.
-
2017-10-06
Comentario de Twitter:
[#VÍDEO] Respuestas del Lehendakari a preguntas parlamentarias durante el Pleno de Control del Parlamento Vasco https://t.co/wgCgZG2Nr3 … -
2017-10-06
Comentario de Twitter:
[BIDEOA] Lehendakariak erantzuna eman die legebiltzarkideek gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei https://t.co/2uZgIijv9z …