Berriak Hezkuntza
Eu

Doktore ikertzaileen mugikortasun-programa (Gobernu Bilera 2017-10-03)

2017.eko urriak 03

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du doktore ikertzailearen mugikortasun-programa deitzen duen agindua. 

120.000 diru-kopuruarekin, deialdi honek diru-laguntzak eskaintzen ditu ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko –dedikazio esklusiboarekin-, I+G+i-ko organismo eta zentroetako unibertsitate-irakasleen eta ikertzaileen mugikortasun geografikoa sustatzeko eta haien gaitasunak eta ikerketa-taldeen lehiakortasuna hobetzeko helburuz. 

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente gisa kreditatutako entitateak. Euskaditik kanpo kokatutako ikerketa zentroetan egonaldiak egingo dituztenak, berriz, laguntzen eskatzaile den entitatearekin lan-harremana duten ikertzaileak izango dira. Ikertzaile horiek doktore izan beharko dute, eta laguntza jasoko duen entitatean gutxienik bi urteko antzinatasuna. 

Destinoko zentroan egingo duen egonaldian, harrera-ekipoaren lan-ildoan integratuta dagoen ikerketa-proiektu bat, edo trukeak eta maila handiko lotura zientifikoak ezartzera bideratutako beste jarduera batzuk egin beharko ditu ikertzaileak. Egonaldi hau 2018 urtean burutu beharko da, eta gutxienik bi hilabete eta gehienez sei hilabeteko iraupena izango du. 

2017 urte honetan –iazko deialdiaren bidez- 21 euskal ikertzailek jaso dute ikerketa atzerriko hainbat herrialdetan burutzeko laguntza, hala nola, Erresuma Batuan, Polonian, Norvegian, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian eta Argentinan. Horien artean 17 ikertzaile UPV/EHUko ikertzaileak ziren, beste bi Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroetakoak (BERC), eta beste biak  Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroetakoak (CIC).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko