Eu

Lanbidek 10 milioi euro bideratu ditu langabezian dauden gazteen prestakuntzarako eta kontrataziorako (Gobernu Bilera 2017-10-03)

2017.eko urriak 03

Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, onetsi egin du Euskal Enplegu Zerbitzuak hamar milioi euro bideratzea langabezian dauden gazteen prestakuntzarako eta kontrataziorako diru-laguntzetara, Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan.

Deialdi horren helburua da indarrez eragitea profesionaltasun-egiaztagiria (aurrez aurreko modalitatean) eskuratzeko ikaskuntzarako eta prestakuntzarako kontratuari lotutako prestakuntza dualaren dinamizazioan, eta Gazteen Bermerako Sistema Nazionalean alta emanda dauden langabezia-egoeran dauden gazteei baino ez dago zuzenduta. Prestakuntza dualeko proiektuen tipologia horrekin batera, deialdiak aurreikusten du kontratazio-konpromisoko proiektuen beste tipologia klasikoago bat, alegia, hasierako prestakuntza egitea eta, prestakuntzaren amaieran, kontratazioa.

Laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak, guztira, 10.000.000 euro dira. Prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, 3.132.000 euro bideratuko dira, eta 6.868.000 euro, lan-kontratuak egiteagatiko laguntzetarako.

Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta kontuan hartuta, 16 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen langabezia % 15,9koa da, urteko bigarren hiruhilekoan. Urtebetean, zazpi puntu baino gehiago egin du behera, eta % 23,2 izatetik % 15,9ra iritsi da.

Euskadin, hainbat jarduera egiten ari dira gazteekin Gazte Bermearen eremuan, eta nabarmentzekoak dira Lanbidek urtero egiten dituen Lehen Aukera programaren deialdiak eta gazte langabeak kanpoan dauden euskal enpresen lan-zentroetan praktiketarako kontratatzeko bideratzen dituen laguntzen deialdiak, bai eta 2015eko deialdi berezia ere, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abuztuaren 28ko Aginduaren bidez garatutakoa, Europako Gizarte Funtsaren lagundutako finantzaketara jotzeko deialdian parte hartzekoa, zeina Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren tarte autonomikoan kokatzen baita.

Eskakizunak

Prestakuntza-ekintzetarako laguntzen diru-laguntzak honako hauek eskatu ahalko dituzte:

  • Pertsona fisikoak edo juridikoak izan eta forma juridikoa edozein dela ere, prestakuntza jaso duten pertsonak bertan zuzenean kontratatuko dituzten erakundeak edo enpresak. Kanpoan geratzen dira administrazio publikoak eta erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa eratzen duten gainerako erakundeak eta aldi baterako lanen enpresak, langileak lagatzeko enpleguetarako.
  • Prestakuntza pribatuko edo publikoko erakundeak, deialdi hau argitaratu aurretik Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan edo enplegurako prestakuntza-erakundeen bestelako erregistro autonomiko batean edo prestakuntza erakundeen Estatuko erregistroan inskribatuta eta/edo egiaztatuta daudenak, diru-laguntzaren helburu diren prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko

Eta lan-kontratuak egiteko laguntzetarako:

  • Pertsona fisikoak edo juridikoak izan eta forma juridikoa edozein dela ere, kontratazioak egiten dituzten erakunde edo enpresak, baina kanpoan geratzen dira administrazio publikoak eta erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa eratzen duten gainerako erakundeak eta aldi baterako lanen enpresak, langileak lagatzeko enpleguetarako.

Formalizazioa

Prestakuntza-ekintzak egiteko laguntzak elektronikoki eskatu ahalko dira, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez. Bestalde, lan-kontratuak egiteko laguntzak Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan izapidetu ahalko dira, Lanbidek duen edozein enplegu-bulegotan.

Lehen laguntza-ildoa deialdia (Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez) EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita aurtengo urriaren 31ra arte izapidetu ahalko da. Lan-kontratuak egiteko laguntzak lan-kontratua egiten den egunean eskatu ahalko dira, eta hamar egun baliodunez.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2017.eko urriak 04

    Comentario de Twitter:
    Lanbide destina 10M de euros a subvenciones para la formación y contratación de jóvenes en situación de desempleo. https://t.co/5xlA3AAfXK

  • @EnpleguGizaEJGV
    2017.eko urriak 03

    Comentario de Twitter:
    10 milioi euro bideratu dira langabezian dauden gazteen prestakuntzarako eta kontrataziorako 🔗https://t.co/o0OIidX1v7🔗 @lanbideejgv

Komunikabideek behera kargatzeko