Eu

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du “Lisboako Adierazpena”ri atxikitzea, adinekoen ahalmena aitortzeko eta zahartze duina bermatzeko eta, horrela, hirugarren adinaren autonomia eta parte-hartze soziala sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-10-03)

2017.eko urriak 03

Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, gaur, ”Lisboako Adierazpena”ri atxikitzea onetsi du; adierazpen horren helburua da adinekoen ahalmena aitortzea eta zahartze duina bermatzea eta, horrela, hirugarren adinaren autonomia eta parte-hartze soziala sustatzea.

Irailaren 21ean eta 22an, Nazio Batuen Erakundeak Lisboako Ministerio Biltzarra sustatu du: “Adin guztietarako gizarte jasangarria: denbora gehiagoz bizitzearen ahalmenaz ohartzea”. Europarako Nazio Batuetako Batzorde Ekonomikoko Zahartzeari buruzko Ministerioko Biltzarrak antolatu du, Portugalgo Gobernuarekin lankidetzan. Ekitaldian, hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak eta analisiak egon ziren adituen paneletan.

Lisboako Biltzarraren itxieran, Europarako Nazio Batuetako Batzorde Ekonomikoko kideek konpromisoa hartu zuten, adierazpen baten bidez, “zahartze aktiboa sustatzeko, enpresek adin gehiagoko langileen esperientzia baloratzeko neurriekin”. Lisboako Adierazpen horrekin bat egin du orain Eusko Jaurlaritzak, eta, bertan, 2022ra arte zahartzearen arloan bete beharreko helburuak zehazten dira.

Dokumentuak neurriak ezartzeko eskatzen du, adin guztietan langabeziaren aurka borrokatzeko, soldatetan genero-arrakala murrizteko, pentsio-sistemak erreformatzeko, bizitza-luzera handitu dela kontuan hartzeko, eta erretiro goiztiarrari alternatibak bilatzeko.

Lisboako Adierazpenak, bestalde, adinekoen ahalmena aitortzeko eta zahartze duina bermatzeko eta, horrela, hirugarren adinaren autonomia eta parte-hartze soziala sustatzeko ere eskatzen du.

Hori dela eta, eta honako alderdi hauek kontuan hartuta:

-  Eusko Jaurlaritzak, bere sailetatik eta, bereziki, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik, zenbait politika garatzen ditu, gure adinekoek bizitza erosoagoa, lagunkoiagoa eta ongizate gehiagokoa izateko. 

-  Age-friendly Environments Programme nazioarteko sarea osatzen duten 400 hiri eta udalerrietatik, 50 Euskadin daude. 

-  Euskadik  Euskadi Lagunkoia sarea du, adinekoekin lagunkoiak diren udalerriek osatzen dutena, eta erakunde, enpresa eta unibertsitateak ari zaizkio atxikitzen. 

-  Udalerrien artean zahartze aktiboari buruzko esperientziak partekatzeak atea zabaltzen du trukerako eta ikaskuntzarako baterako lana egiteko; horrek eragina izango du gure herritarren ongizatean. 

-  Euskadiko eta Europako gizarte berrian, erronka demografikoa, familia, gazteria, haurrak eta adinekoak dira lehentasunezko helburuak ongizatea sortzeko prozesuan; horrek eragina izango du gure eguneroko bizitzan, zeina humanoagoa, solidarioagoa eta atseginagoa bilakatuko baita pertsona guztiontzat. 

-  Lisboako Adierazpena oinarri bikaina da onartzeko denbora gehiago bizitzeak herritarrei eta gizarteari gizarte-ahalmen handia ematen dietela. Europako estatu eta herrialdeen baterako ekintza horren bidez, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak sustatutako Europako Gizarte Oinarriaren garapena hobetuko da, adin guztientzako Europar Batasuna eraikitzeko, eta belaunaldi guztiek gizarte berri horretan aktiboki laguntzea sustatuko da.

Hori guztia dela eta, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, gaur eginiko bileran aurretik erabakia hartuta, Gobernu Kontseiluak erabaki du “Lisboako Adierazpena”ri atxikitzea.

Lisboako Adierazpenaren ondorioak 2018ko otsailean New Yorken egingo den Nazio Batuen Gizarte Garapeneko Batzordean aztertuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko