Eu

Gobernuak oso balorazio positiboa egin du EAJ-PNV eta PSE alderdiek euskal sektore publiko guztia antolatuko duen lege berria prestatzeko egin duten baterako lanaren gainean (Gobernu Bilera 2017-10-03)

2017.eko urriak 03

Bere lege-proposamena kontuan hartzeko aldeko irizpena adierazi du, erreferentziazko testua delako Euskadiko hiru erakunde-mailen antolamendua eta funtzionamendua modernizatzeko beharrari erantzuteko 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak talde legebiltzarkideek batera aurkeztutako “Euskal Sektore Publikoaren” lege-proposamenaren aldeko irizpena adierazi du. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, bi alderdi politikoek aurkeztutako testua erreferentziazkoa da; izan ere, koherentzia ematen dio Euskadiko erakundeen bai antolamenduari, bai funtzionamenduari ere. Eremu publikoari, Euskadiko hiru erakunde-mailak kontuan hartuz, heltzen dion araudi-testua da. 

Lege hori Eusko Jaurlaritzaren “Legegintza Programan” aurreikusten da. Hori dela-eta, Gobernua pozik dago bi taldeek lan hori batera egin dutelako; izan ere, aukera emango du etorkizuneko Euskal Sektore Publikoaren etorkizuneko Legearen onespena aurreratzeko. 

ERAGINKORTASUNA ETA EFIZIENTZIA  

Legebiltzarraren ekimen horren jatorrian, euskal erakunde publikoak antolatzeko lege nagusi bilakatzeko xedea dago. Funtzionamendua eta betebeharrak arautzen ditu, erakunde publiko bakoitzaren eskumenak mugatzen ditu, administrazioen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako betebeharra ezartzen du, baita bakoitzaren kontrol- eta erregisto-prozedurak ere. Funtsezkoa da Euskadiko administrazioen modernizazioari heltzeko, bereziki, Euskal Administrazio Publikoarenari; izan ere, azken horrek indarrean duen araudia laurogeiko hamarkadakoa da. 

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, lege hau beharrezkoa da Euskadiko administrazio publikoek administrazio-kultura berrira egokitzeko duten erronkari erantzuten baitio, gobernantza publiko berriaren irizpideetan oinarrituta, egungo gizarteak eskatzen duen bezala.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko