Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria buru izan da Euskararen Aholku Batzordearen legegintzaldiko lehen bileran, Euskadiko Artxibo Historikoan

2017.eko urriak 03
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Aholku Batzordearen legegintzaldiko lehen bileran; organo honen helburua da ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinatzea euskara normalizatzeko. Ekitaldia Euskadiko Artxibo Historikoan izan da, Bilbon, eta bertan aditzera eman da organo honen eraketa berria, baita euskararen inguruko hizkuntza politikarekin zerikusia duten hainbat gai eta lan-ildo ere. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ere gaurko ekitaldian parte hartu dute.

Lehendakariak euskarak azken hamarkadotan izan duen biziberritze prozesua nabarmendu du ekitaldiaren hasieran eskaini duen hitzaldian: “Adostasun politikoak eta instituzioek egindako lanak, euskalgintzatik egindako esfortzuak eta, batez ere, gizartearen atxikimenduak ekarri dute euskarak egin duen bide oparoa. Honek guztiak agertoki berri batera ekarri gaitu, baina oraindik ere hainbat erronka ditugu aurrean euskararen biziberritze prozesuan”.

Gaurko bileran, Euskararen Aholku Batzordearen eraketa berria onesteaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskararen VI. Inkesta Soziolinguistikoa azaldu du; pasa den uztailean Baionan aurkeztu zena. Lan honek euskal hiztunen kopuruari eta beren profilari buruzko datuak ematen ditu, baita hizkuntzaren erabilerari edo euskara erabiltzeko sustapenaren inguruko jarrerei buruzkoak ere.

Era berean, sailburuak azaldu ditu bere Sailak legegintzaldian sustatuko dituen lan-ildoak. Azaldu duenaren arabera, lau helburu nagusi lortu nahi dira. Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutza bultzatzen jarraitzeko lan egingo du. Horrez gain, euskararen erabilera sustatzeko ekimen eta proiektuak sustatuko dira, batik bat aisialdiaren munduan eta ingurune ez-formaletan. Hirugarrenik, hizkuntza-eskubideen bermean pauso berriak eman nahi ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Azkenik, euskararen lurraldeen arteko harremanetan eta koordinazioan sakondu nahi da hizkuntza-politika diseinatzeko orduan; horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak uztailaren 3an sinatu zuten hitzarmena izango dute oinarri.  

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, bestalde, HAKOBA (Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordea) batzordearen erronka nagusiak azaldu ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-atal berriak eratzeko eginiko proposamena ere.

Eusko Jaurlaritzaren zenbait sail eta erakunderen ordezkariak egoteaz gainera (Ogasuna eta Ekonomia Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hezkuntza Saila, HABE, EITB, IVAP), Euskararen Aholku Batzordean EAEko hiru foru-aldundiek, Euskaltzaindiak, Eudelek, hizkuntza-arloan adituak diren 39 pertsonak eta Eusko Legebiltzarrak proposatutako 5 kidek ere parte hartzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak