Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak gazteen itzulerarako programa berria onetsi du

2017.eko urriak 03

Abuztuan baino 1.164 langabe gutxiagorekin itxi da iraila Euskadin 

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman du; akordio horren bidez, 2017. urterako gazteak itzultzeko laguntzen deialdia onetsi du, gazteak EAEko lan-zentroetan kontratatzeko. Guztira, 1.766.667 euro bideratuko dira. Horrela azaldu du gaur Artolazabal sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren egin den prentsaurrekoan. Bertan, Josu Erkoreka bozeramaileak gaur onartutako beste gaien berri eman du ere.

Programa aitzindaria da; kalitateko enplegua sustatzen du, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko. Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

Iraileko langabezia-datuak ere eman ditu ezagutzera sailburuak. Zehazki, langabe gisa erregistratutako 132.046 pertsonarekin itxi du iraila Lanbidek; abuztuan baino 1.164 langabe gutxiago, % 0,87 gutxiago, alegia. Orain, langabezia-indizea % 12,5ekoa da eta Eusko Jaurlaritzaren helburua da % 10ekoa izatea legealdiaren amaieran. Datu horien irakurketa positiboa egin du Artolazabalek, adierazi duenez krisiaren aurreko portaeretara hurbiltzen ari baita orain Euskadi. 

Gobernu Kontseiluan gaur onetsitako beste gai batzuk izan dira René Cassin sariaren deialdi berria edo Bideratu Berria programa, krisian dauden industri sektoreko enpresei laguntzeko.

GOGOETARAKO ALDIA CATALUNYAN

Bestalde, azken egunotan Catalunyan gertatutakoari buruz hedabideek galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berak ere defendatzen du, atzo Lehendakariak ziurtatu zuen bezala, zabaldu egin beharra dagoela “gogoetarako aldi bat” gertatutako guztiaren “analisi errealista” bat egiteko. Erkorekaren ustez, datozen egunetan eta asteetan ekingo zaien “jarduerak asko neurtu behar dira”, baldintzatu egingo baitituzte etorkizuneko gertakizunak. 

Erkorekak, bestalde, indarkeria bertan behera uzteko aldarrikatu du, “politikan beti egon baita, dago eta egongo da soberan”, eta elkarrizketaren bideari berriro heltzeko. 

 

2017-10-03 gai-zerrenda

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak