Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoan ezbehar-tasa murrizteko aurreikusten diren erronkak, ardatzak eta ekintzak azalduko ditu INTER-CISEV Kongresuan

2017.eko urriak 02

Bi lan-saiotan parte hartuko du hainbat herrialderekin batera

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak INTER-CISEV Kongresuaren (Bide Segurtasuneko Kongresu Iberoamerikarra) bigarren edizioan parte hartuko du aste honetan. Aurtengo edizioa Sevillan antolatu da “Lidergoa eta jardunbide egokiak guztion segurtasunerako” izenburupean, eta bertan 2015-2020 aldirako Euskadiko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoan aurreikusitako erronkak, ardatzak eta ekintzak azalduko ditu Trafikoko zuzendariak. Bere esku-hartzean batez ere azpimarratuko ditu kolektibo ahulenak (oinezkoak, txirrindulariak, motorzaleak, adingabeak eta 65 urtetik gorako pertsonak) babesteko planean jasotako politikak eta neurriak.

Euskadiko bide-segurtasunaren arloko politikak mahai gainean izango dira bihar, asteartea, urriak 3, egingo den lan-saioan, bertan aztertu eta partekatuko baitira bide-segurtasunaren arloko herrialde ezberdinetako plan estrategikoak eta istripuak murrizteko estrategia ezberdinak. Honakoak izango dira parte hartuko dutenetako batzuk: Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko Juan Carlos González, Argentinako Bide Segurtasuneko Agentzia Nazionaleko Carlos Pérez zuzendari exekutiboa, Costa Ricako Bide Segurtasunaren Kontseiluko Cindy Soto, eta Peruko Bide Segurtasuneko Kontseilu Nazionaleko Omar Adolfo Revolledo idazkari teknikoa.  

“Garrantzizkoa da era honetako nazioarteko foroetan parte hartzea, batetik, bide-segurtasunaren arloko gure politiken berri emateko eta, bestetik, bide eta errepideetan hildakoen kopurua murrizteko helburu argiarekin beste herrialde batzuetan zer-nolako neurriak eta ekimenak hartzen dituzten jakiteko”, esan du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak. Eta gogoratu du plan estrategikoan jasota dagoen Jaurlaritzaren konpromisoa dela 2020an erdira murriztea trafiko-istripuetan hildakoen kopurua 2010. urteko datuak oinarri hartuta, urte horretan 67 pertsona hil baitziren.

Lan-saio horretan parte hartu aurretik, gaur, astelehena, urriak 2, “Bide-segurtasuneko agentzia liderra” saioan parte hartuko du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, eta bertan eztabaidatuko dira bide-segurtasuneko agentzia bat ezartzeak eta bere jarduerak garatzeak berekin dakartzan erronkak eta zailtasunak. Trukatzen diren esperientziak batez ere bide-segurtasuna instituzionalizatzeko bidean lehenengo urratsak ematen ari diren Iberoamerikako herrialdeentzat izango dira inspirazio-iturri.

Mahai horretan parte hartuko dute Diputatuen Kongresuko Bide Segurtasuna eta Mugikortasun Iraunkorra Batzordeko presidente Teófilo de Luis Rodríguezek, Argentinako Bide Segurtasuneko Agentzia Nazionaleko zuzendari Carlos Pérezek, Costa Ricako Bide Segurtasuneko Kontseiluko zuzendari exekutibo Cindy Cotok, Santa Cruzeko (Bolivia) Departamentuko Gobernu Autonomoko Garraioaren arloko zuzendari Wilfredo Reyk, Uruguaiko Bide Segurtasuneko Unitate Nazionaleko zuzendari Alejandro Draperrek eta Simit-Kolonbiako Udalerrien Federazioko zuzendari nagusi Sandra Milenak.  

Nazioarteko biltzarrean besteak beste honako gai hauek jorratuko dira: “Bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa”, “Jardunbide egokien aurkezpena”, “Heziketa, kontzientziazioa eta bide-hezkuntza", "Datuen eta jardunbide egokien sistemaren garrantzia erreferentzia gisa”, “Trafikoko polizien espezializazioa. Zaintza eta kontrol kanpainak” eta “Bide-segurtasuna enpresen erantzukizun sozial korporatibo gisa”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak