Eu

Bilboko saltokiek beren dendaosteak erakutsiko dituzte, merkataritza eta turismoa sustatzeko

2017.eko urriak 03

#NikbilbaoDendakAukeratzenDut kanpaina berriak saltokien errealitateak hurbiltzen dizkigu eta egunero pertsiana irekitzeko egiten duten ahalegina ezagutzera gonbidatzen gaitu

Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, Juan María Aburto Bilboko alkateak eta bilbaoDendakeko merkatariak eta Aitor Elizegi presidenteak, gaur, kanpaina hau aurkeztu dute; helburua da egunero Bilbo merkataritza-hiri gisa kokatzeko lan egiten duen sektorearen errealitatea erakustea, ohiko bezeroentzat eta bisitarientzat eskaintza lehiakorra, bereizia, espezializatua eta integratua duen sektorearena.

Isabel Muelak hurbileko merkataritzaren garrantzia nabarmendu du: “izaera eta ezaugarri bereziak ditu, eta hori da gure dendetara hurbildu eta autentikoa dena aurkitu nahi duen turismoak duen erakargarriena”.

bilbaoDendaken saltokiak sustatzeko kanpaina berriak publikoari lehen aldiz irekiko dizkio dendaosteak, sekula ikusten ez den espazioa; bertan ezkutatzen da egunero merkatariek pertsiana irekitzea posible egiten duen lanaren zati handi bat. `Nik Bilbo aukeratzen dut´ da bilbaoDendaken ekimen original honen lema. bilbaoDendakek merkataritzako 12 zonako elkarteek, Erriberako Merkatuak, Zubiarte ets El Corte Inglés merkataritza-zentroek eta Merkataritza Ganberak eta Bilboko Udalak osatzen dute, eta guztiek dute helburu bera: hiriko merkataritza- eta turismo-jarduera sustatzea.

Kanpaina BilbaoDendakeko kide diren saltokietako erakusleihoetan egongo da ikusgai, 2.000 erakusleihotan baino gehiagotan; kartel batzuk izango dira, eta horietan aukeratu ahalko da Bilboko zer auzotan egin erosketak. Komunikabide eta autobusetan publizitatea sartzeaz gainera, ekimen original horren nukleoa hamahiru bideo dira, historia errealetan oinarrituta, eta horiek merkatarien zonako elkarte bakoitza irudikatzen dute: Basurtu, Bilboko Erdigunea, Alde Zaharra, Deustu, 2. barrutia, Otxarkoaga, Rekalde, San Frantzisko-Bilbo Zaharra- Zabala, Hiru Auzo (San Ignazio, Ibarrekolanda eta Elorrieta), Santutxu, Txurdinaga, Zorrotza eta Erriberako Merkatua.

Sailburuak azaldu duenaren arabera, “merkataritzaren eta Bilboren arteko lotura oso estua da, eta gure gizarte-bizitzaren ereduaren oinarrizko euskarria da; kaleetako animatzailea da, gizarte-harremanei bide ematen die eta herritarren bizitza sustatzen du. Merkataritza bizitza da, eta bizitza hori animatu egin behar da egunero”.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak