Eu

URAk bukatu ditu Abetxukoko zubi zaharraren egokitze hidrauliko eta arkitektonikoa

2017.eko urriak 02
  • Zadorrak 328 m³/s-ko ur-hustuketarako ahalmena du orain; 100 urteko errepikatze denborako ur-goraldien emarien baliokidea
  • Ondare kultural izendatutako XIX. Mendeko zubiaren egitura birgaitu da
  • 2017a bukatu aurretik, URAk Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko Gamarra eta Abetxuko tarteko II.faseko proiektuaren jendaurreko informazio aldia irekiko du

 

Uraren Euskal Agentziak Gasteizko Abetxukoko zubi zaharraren egokitze hidrauliko eta arkitektonikoa burutu berri du. Lanok Zadorra ibaiaren ur-hustutze ahalmena handitu dute Gasteizko Abetxuko auzorako sarbidearen eremuan.

Era berean, lanok Abetxukoko zubi zaharraren leheneratze arkitektonikoa izan dute xede, Zadorra ibaiaren arroko zubien kultura-ondasun izendapen berriari jarraiki- monumentu-multzoaren kategorian sailkatuta-, eta Ondare- eta Kultur-balioaren alde egiten duen babes-erregimenak ezarritakoa aintzat hartuz.

Zadorra ibaiak puntu horretan ur-hustuketarako ahalmen handiagoa izateko ibaiertzetako lubeta goratuak hondeatu egin dira, arku nagusi eta bi ertzetako lehen arku txikien arteko tartean. Fabrikako egitura zaharrak gorde eta egonkortu dira, egitura, konposizio edota historiaren ikuspuntutik duten balioagatik. 

Lanok URAk Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko Gamarra eta Abetxuko tarteko II.faseari dagozkie: 2015eko abuztuan hasi ziren, aldatu beharreko zerbitzuen ordezkatzearekin. Urte hartako abenduan zubiaren egonkortze-lanak aurreratu ziren; baita zubiaren aldameneko lubetetako lurren mugimenduak ere, hartara ibaiari ahalmen handiagoa eman eta emari handiek aske ibiltzea ahalbidetzeko.

Behin abiarazitakoan, lanak eten ziren esleipendun-enpresak kiebra jo zuenean; ondorioz, kontratazio-prozedura berriro abiarazi behar izan zen.

Bitartean, proiektua bera ere zati batean berregin egin da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak Zadorra ibaiaren arroko zubiak, monumentu-multzoaren kategorian sailkatuta, kultura-ondasun izendatzeko prozeduran ezarritakoari men eginez —irailan bertan burutu berria—.  Egindako lanek zubi zaharraren hiru arku nagusien izaera — XIXko lehen hamarkadetakoa— aintzat hartu dute; eta zubi zaharraren kultura-ondarea babestea ere lehenetsi da.

Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko lan hauek —850.000 eurokoak— Uraren Euskal Agentziak eta Vitoria-Gasteizko Udalak 2012an sinatutako hitzarmenean zehazten ziren. Hitzarmenaren helburua 2013-2021 urteen bitartean Zadorra eta Gasteizko hegoaldeko ibaietan leheneratze lanak abian jartzea izan zen, Gasteizko hirigunean uholdeen eraginak murrizteko asmoz

Gamarra eta Abetxuko tarteko II.fasearen hasiera

2017a bukatu aurretik, URAk Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko Gamarra eta Abetxuko herriguneen arteko proiektuaren jendaurreko informazio aldia irekiko du. Lan horiek 2018an lizitatzea aurreikusten da.

II.fase horren lanak xede dute Gasteizko hirigunean ur-goraldien arriskua gutxitzea, eta ibaiaren zein ibaiertzen ingurumen-leheneratzea lortzea. Lanen barne dira berdegune publiko berri bat atontzea  Zadorra ibaiaren parkean barrena, Gasteizko eraztun berdearen parte diren oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideei jarraipena bermatuz.

Aurreikusten diren lan horiekin Gamarra Nagusitik ibaian behera ur-goraldiak bideratzeko ibilgu bat sortuko da; hartara, ibaiaren ur-hustuketarako ahalmena handitzeko, zein tarte horretan –baita ibaian gora ondokoan ere —uholdeak hartzen duen kota murrizteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko urriak 02

    Comentario de Twitter:
    .@uraEJGV-k bukatu ditu Abetxukoko zubi zaharraren egokitze hidrauliko eta arkitektonikoa ➡ https://t.co/FXqKHaWdWn https://t.co/ACExPAvkRj

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea